Galissonek (1995) proposatutako lexikultura kontzeptuak hizkuntza baten eta haren kulturaren arteko lotura azpimarratzen du: hitzak ez dira soilik komunikaziorako tresnak, baizik eta balioak, emozioak eta pentsatzeko moduak garraiatzen dituzten “Troiako Zaldi” modukoak. Hizkuntza berri bat ikastean, beraz, ez gara soilik gramatika edo hiztegi bat barneratzen ari, baizik eta kultura baten ikuspegi propioa eta mundua ulertzeko modua ere bai.
Ikuspuntu hori bat dator elebitasunaren definizio hedatuarekin, Siguan eta Mackeyk (ap. Vila, 1991) proposatu bezala. Haien arabera, elebiduna da hizkuntza bat menderatzeaz gain beste hizkuntza bat edozein mailatan ezagutzen duena, eta hortaz, hizkuntza bakoitzarekin batera kultura baten zati bat ere barneratzen duena. Horrek esan nahi du elebidun izatea ez dela soilik bi kode linguistiko ezagutzea, baizik eta bi lexikultura unibertsoetan murgiltzea, eta egoeraren arabera bata edo bestea aktibatzea.
McLaughlinek, bere aldetik, elebitasun goiztiarraz hitz egiten du, hau da, haurrek bi hizkuntzak aldi berean ikasten dituztenean, jaiotzatik edo hiru urte bete aurretik. Kasu horietan, haurrak bi lexikulturaren parte dira hasieratik: ama hizkuntzaren eta gizartean nagusi den hizkuntzaren arteko elkarbizitzan ikasten dute mundua izendatzen eta ulertzen. Horrek erakusten du hizkuntza bakoitzak ez duela soilik hitz berriak eskaintzen, baizik eta kultura bakoitzaren balio sinbolikoak eta interpretazio moduak ere bai.
Horrela ulertuta, lexikulturaren didaktikak elebitasuna sustatzeko tresna indartsua izan daiteke. Hizkuntzak eta haien lexikultura azaleratzeak aukera ematen du ikasleek hizkuntza bakoitzaren atzean dagoen mundu kulturala ezagutzeko eta bi hizkuntzen arteko trukea aberasgarri bihurtzeko. Hizkuntza bakoitzaren Troiako Zaldiak ez du helburu kolonizatzailea: ez dator beste hizkuntza bat suntsitzera, baizik eta bien arteko ulermena, elkarrizketa eta errespetua sustatzera.
Azken batean, lexikultura eta elebitasuna elkarren osagarri dira: bata hizkuntza bakoitzaren kultura-edukia ikusarazten du; besteak, bi kultura horiek pertsonaren baitan bateragarri eta elkar elikatzaile bihurtzen ditu.
ERREFERENTZIAK
Vila, Ignasi (2009), in Ruiz Bikandi, Uri [arg.], Bigarren
Hizkuntzaren Didaktika Haur eta Lehen Hezkuntzan. Euskal Herriko
Unibertsitatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina