2009-06-02

ZURI BIDALITAKO MEZUTIK EZABATU NUENA

Interneten VELEIAri buruz idazten duzuna jarraitzen dut. Nik neronek ere desengainatuta nago auzi horrekin... behin txerritxo bat ikusi nuen ostraka batean marraztuta Jupiterri iraintzeko asmoz egina omen zena, eta, ez dakit, sinetsi nahi nuen arren, postmodernoegia iruditu zitzaidan... Baten bat gu adarrak jotzen saiatzen ariko balitz bezala, edo halako susmoa pasatu zitzaidan burutik, baina, etorri bezala, joan zitzaidan berehalaxe. Xabier Kintanak dioen bezala... ostraka batean "CocaCola" idatzita balego bezala...

Dena den, ez duzu ezetz erranen... polita izan zen sinistu genuen artean, ezta? VELEIArekin oso zorrotz jokatu da, egia zela uste genuen eta orain denok faltsuak direla diogu... Dena den, benetan faltsuak badira auzia izan ondoren zakarrontzira bota beharko genituzke, eta ez dakit ausartuko ote garen... Zergatik? Nik uste dut, faltsuak izanik ere, badutela zerbait magikoa, erakartzen dutena, eta zakarrontzitik salbatzen dutena.

LAZARRAGAren eskuizkribuekin, berriz, kontrakoa gertatu zen... Hasiera batean denok faltsuak zirelako susmoa genuen eta gero, ezetz-ezetz, ez zirela faltsuak, egiazkoak zirela. Horiek ere, ostrakak bezala, ezin dira kontsultatu. Eskura daude Interneten, bai, ostrakak bezala, baina ezin da papera ikutu, edo ostrakekin egin den bezala, paperari karbono 14aren froga egin bere antzinatasuna neurtzeko.

Aurkikuntza benetan literarioa izan zen hura. XVI. mendeko testu bat (eskerrak 1545. urtekoa baino lehenagokoa ez zela izan!), Arabako euskaraz... Den-dena bazuen, Atxagaren Camilo Lizardiren eskuizkribuaren antzera.

Nik testuaren pasarte batzuk irakurri ditut eta ez dit ematen balio literario handikoa denik, filologoentzat guztiz baliotsua bai, jakina, baino literaturaren aldetik ez oso maila gorenekoa. Dena nahas-mahas biltzen du bere legajo sorta horretara, poesia, narrazioa, plagioak (gauza arrunta zen denbora hartan), benetako zaldun batek inoiz eta inola, ezta barrea eragiteko ere, erabiliko ez lituzkeen oieskeriak...

Halere, narratzaile edo olerkari bezala oso ona ez den arren, hizkuntza ikertzen dugun guztion jinko jauna bilakatu da trinkoak erabiltzeko duen maisutasunarengatik. VELEIAn traketsa da aurkitzen dugun hizkuntza, faltsutzaile txar batek egina, LAZARRAGArengan berriz, distiratsua da hizkuntza, egileak euskara kontuetan Peru Abarkak berak baino gehiago jakingo balu bezala... Baina, aditz eder eta borobil horiek, de Rijk ospetsuak berak iradoki lezazkeen modukoak, nork irakatsi zizkion arabarrari? Zeintzuk izan ziren bere maisuak? Edo bera idazle (ez oso ona) izateaz gainera, gramatikalari (itzela) eta Euskal Filologian Doktore ote zen?

Adiskide, barka nazazu kalamatrika honengatik, baina ordu hauetan oso nekatuta nago eta nire buruak honelaxeko munstroak sortzen ditu gauaren babeslekuan.

2009-05-23

Iruña-Veleiako idatziak benetakotzat hartu ditu Elexpuruk

SUSTATU.COM


#17. Re: Iruña-Veleiako idatziak benetakotzat hartu ditu Elexpuruk

Juankar LOPEZ-MUGARTZA ¦ 2009-05-20 ¦ 23:44


Ni, zuetariko asko bezala, sinetsi nahiko luketen horietako bat naiz. Kontua da, fede kontua bada, nik fedea galdu dudala sinesten dudan horretan. 

Migel Unamunokoari gertatzen zitzaion bezala, nik neronek ere sinetsi nahi dut... baina ezin. Dena den hil baino lehen, Jangoikoaren eskuetan jarri zuen bere arima: “Sar nazazu, Aita, zure bularrean, supazter zabala, zeren eta unaturik bainator jo eta ke aritu izanaren ondorioz.”

Buruak, burmuinak, gauza bat esaten dit, baina Iparragirreren bihotzak dio: "Zoaz Veleiara...!!"

Niri, egia esan, ez zait gehiegi kezkatzen nork dakien gehien, gehien zekiena ezagutzeko ohorea izan bainuen. Berak baino gehiago jakin lezakeen gizonik mundu honetan ez da jaio. 

Jakintsuak sinesten zuen, bihotzak hala esaten baitzion... Baina, azken batean, zientziaren krudelak ilusioak zapuztu zizkion sinesten zuena ñabartzeraino, eta sinesten ez zuena desgogara onartzeraino, iritziz aldatzeko behartuta sentitu baitzen. 

Berak sinesten zuen garaian, nik neronek ere sinesten nuen, bere jarraitzaile fidela bainintzen, Mendiburu Larramendiren jarraitzaile fidela zen bezala, edo Sarako Etxeberri Axularrena izan zitekeen gisan Axular ordura arte bizi izan balitz. 

Orain, umezurtz naizelarik, minutuko ixilunea eskatzen dut eta, neure gloriazko minutua ere bai, nik neronek ere gai honen inguruan sentitu dudana adierazi nahi baitut, nik baino lehen nahi izan duen orok egin duen bezala benetan demokratiko eta kalakaria bilakatu den auzi honetan. Beraz, noan harira.

Behin batean, Iruña-Veleian lagun arte gozoan nengoela, nik -pleonasmo bat erabiltzea zilegi bekit- neure begiekin ikusi nuen Power Point batean aipatu ostraka horietako batzuen argazkia. Batean txerritxo bat marraztuta zegoen eta txerrikumearen barnean "JVPITIIR" idatzita zegoen... Veleiako aurkikuntzen uste osoa nuen arren eta sinesten nuen arren, ezin nuen sinetsi begi aurrean neukana. Erabat surrealista iruditu zitzaidan. Nire inguruan zeuden guztiak farrez hasi ziren hori ikustean, batzuk Jupiter jainkoa txerritzat hartzen zelako oso era bitxian, komiki batean bezala, eta beste batzuk adar jotze baten aurrean zeudela uste zutelako. Hori gutxi balitz, beste ostraka batean buruz behera jarritako hiru gurutze ikusten ahal ziren argi eta garbi eta, bitxiena, haien azpian hiru jainko erromatarren izenak: Neptunorena zen horietako bat eta besteen izenez ez naiz oroitzen, Pluto edo Saturno izan zitezkeen, ez dakit, Jesusen alboetako lapur onak balira bezala.

Ostraka harrigarri haiek ez ditut berriz ere inon ere ikusi, ez dut inon ere haien berri izan, eta horiek ziren maitagarrienak zitzaizkidanak. 

Orain denbora iragan delarik, eta Filologiaren gordintasuna bazter utzita, arte naïfaren aldarria egin nahi dut lerro hauetatik eta hona nire galdera: Non dira nire ostraka eder haiek?

Agian, begi fedegabekoen laidozko begiraden lotsaz desagertu ote dira? 

Bukatu baino lehen, aitortu behar dut batzuen erresistentzia, batzuen aurre egiteko modua, bakar-bakarrik egonik ere, munduko elementu guztien kontra daramaten borroka, benetan heroikoa iruditzen zaidala. Miresten ditut eta beren fedeari inbidia diet, nik neronek ere sinestu nahiko bainuke. Horren harrera ona egin zigun arkeologo menderakaitz eta bakarti horrek bezala ("ene untsa eginak ere orai oro gaitz dira... mirakulu banagi ere, orai ene ogena"). Baina ezin dut. Fedea galdu dut dagoneko.

Guztiarekin ere, dena ez da oraingoz erabat galdu. Bizi naizeno Veleiarena iruzurra dela uste sendoa izanen dudan arren, hil baino minutu batzuk lehenago, euskaldun fededun eta zintzo bezala, nire ezpainetatik aterako da, jaiera handiz, nire azken otoitza: "Gure Ata zutan serana, santu isan beti sure isena, etor badi sure reinu..."

#18. Re: Iruña-Veleiako idatziak benetakotzat hartu ditu Elexpuruk

Juan Martin Elexpuru ¦ 2009-05-21 ¦ 10:54


Juankar: asko gustatu zait zure parabola. Aitortzen dut nik ere irudi hori ikusi nuenean antzeko zerbait sentitu nuela. Dena den, ez du JUPITER ipintzen, IUPITER baizik. 

Uste dut ez naizela gehienak baino fededunagoa. Oso fidakaitz bihurtu nau adinak. Horregatik aurkitzen naiz ataka honetan.

Irudi honi eta zuk aipatzen dituzun beste batzuei buruz ere ibiliak gara peskisan. Kristauak eta judutarrak pertsekuzio itzelak jasan zituzten mende haietan. Horregatik, beren errebantxatxoak hartzen zituzten intimitatean, besteen jainkoak txerri gezitu edo gurutziltzatu gisa irudikatuz. 

Kasualitatez, gaur bertan Terraeantiquae blogean dator irudia, iruzkin interesgarri batekin lagunduta:


2009-04-20

HENRIKE KNÖRR, LEHEN URTEMUGA

HENRIKE KNÖRR BORRÀS, IN MEMORIAM

Henrike ezagutu nuenean Endrike izena zuen eta oso gaztea zen arren, betiko jakintsu itxura zuen. Eskolak ematen zituenean oso poliki hitz egiten zuen, hitzak aukeratzen eta neurtzen arituko balitz bezala. Garai hartako irakasle guztiak fama handikoak ziren, Koldo Mitxelena, Patxi Goenaga, Ibon Sarasola eta Endrike Knörr. Pozik geunden gela hartan, irakasle distiratsuak genituelako eta, gainera, horietako bat orduan ospe handiko kantaria zen Gorka Knörren anaia zelako. Guretzat plus bat zen bitxikeria hura. Egungo egunetik ikusita munta gutxiko kontua agian, garai hartan, ordea, oso garrantzi handikoa orduko giro euskaltzalean.

Dena den, irakasleak estakuru gaitza zuen, galdera zailak egiten zituen: non dago Amikuze? Ustaritz Euskal Herriko zein herrialdetako hiriburua izan zen behiala? Zein mendetan argitaratu zen lehenengo euskal liburua? Nor izan zen Bernard Dechepare? Kokatuko zenuke Donibane Garazi Euskal Herriko mapa batean? Bai, benetan galdera zailak egiten zituen gizon betaurrekodun, jakintsu eta orojakile hark, hitz egiten zuelarik espazioan galduta zegoen puntu zehatz batean begirada finkatzen zuen bitartean.

Henrikek zioenez, erraldoi baten sorbaldetara igotako ipotxa zen bera. Koldo Mitxelena erraldoitzat jotzen zuen eta goitik behera miretsi ere bai, filologo bezala zen guztia erraldoi horri zor ziola zioen eta eskerturik zegoen filosofo ipotx bat izanik filologo erraldoiak bere sorbaldetara igo zuelako eta filologo bilakatu zuelako. Izan ere, Henrike eta Koldo Mitxelena izan ziren Arabako Euskarazko Katedraren buruak transizio garaiko Colegio Universitario Alavés delakoan, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarri izan zen hartan. Honetaz gainera, Mitxelenak Henrikeren tesia zuzendu zuen eta, maisuaren zuzendaritzapean Henrikek Summa cum laude kalifikazioa erdietsi zuen Maurice Harriet hiztegiaren argitalpen kritiko bati esker.

Henrike ipotxaren sorbalda, berriz, erraldoi batena izan da niretzat. Ni ere igo nintzen bere sorbaldara. Ni ere ipotxa naiz Henrike erraldoiaren sorbaldara igoa, nire tesia izan baitzen berak zuzendu eta epaitua izan den bakarra. Ni ere “obligaturik nago jagoitikoz hargana”, ipotxa bainaiz, baina erraldoi baten sorbaldara igo den beste erraldoi maitagarri baten sorbaldetara igoa.

HENRIKE KNÖRR, LEHEN URTEMUGA

HENRIKE KNÖRR BORRÀS, IN MEMORIAM

Henrike ezagutu nuenean Endrike izena zuen eta oso gaztea zen arren, betiko jakintsu itxura zuen. Eskolak ematen zituenean oso poliki hitz egiten zuen, hitzak aukeratzen eta neurtzen arituko balitz bezala. Garai hartako irakasle guztiak fama handikoak ziren, Koldo Mitxelena, Patxi Goenaga, Ibon Sarasola eta Endrike Knörr. Pozik geunden gela hartan, irakasle distiratsuak genituelako eta, gainera, horietako bat orduan ospe handiko kantaria zen Gorka Knörren anaia zelako. Guretzat plus bat zen bitxikeria hura. Egungo egunetik ikusita munta gutxiko kontua agian, garai hartan, ordea, oso garrantzi handikoa orduko giro euskaltzalean.

Dena den, irakasleak estakuru gaitza zuen, galdera zailak egiten zituen: non dago Amikuze? Ustaritz Euskal Herriko zein herrialdetako hiriburua izan zen behiala? Zein mendetan argitaratu zen lehenengo euskal liburua? Nor izan zen Bernard Dechepare? Kokatuko zenuke Donibane Garazi Euskal Herriko mapa batean? Bai, benetan galdera zailak egiten zituen gizon betaurrekodun, jakintsu eta orojakile hark, hitz egiten zuelarik espazioan galduta zegoen puntu zehatz batean begirada finkatzen zuen bitartean.

Henrikek zioenez, erraldoi baten sorbaldetara igotako ipotxa zen bera. Koldo Mitxelena erraldoitzat jotzen zuen eta goitik behera miretsi ere bai, filologo bezala zen guztia erraldoi horri zor ziola zioen eta eskerturik zegoen filosofo ipotx bat izanik filologo erraldoiak bere sorbaldetara igo zuelako eta filologo bilakatu zuelako. Izan ere, Henrike eta Koldo Mitxelena izan ziren Arabako Euskarazko Katedraren buruak transizio garaiko Colegio Universitario Alavés delakoan, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarri izan zen hartan. Honetaz gainera, Mitxelenak Henrikeren tesia zuzendu zuen eta, maisuaren zuzendaritzapean Henrikek Summa cum laude kalifikazioa erdietsi zuen Maurice Harriet hiztegiaren argitalpen kritiko bati esker.

Henrike ipotxaren sorbalda, berriz, erraldoi batena izan da niretzat. Ni ere igo nintzen bere sorbaldara. Ni ere ipotxa naiz Henrike erraldoiaren sorbaldara igoa, nire tesia izan baitzen berak zuzendu eta epaitua izan den bakarra. Ni ere “obligaturik nago jagoitikoz hargana”, ipotxa bainaiz, baina erraldoi baten sorbaldara igo den beste erraldoi maitagarri baten sorbaldetara igoa.

2009-03-09

KNÖRR: "III. MENDEA EZ LITEKE"


Henrike guregandik joan bazen ere, noizean behin bere ekimenen berri dugu.

Hona hemen BERRIA egunkariak, Nafarroako Liburutegietan debekatuta izan den horrek, dakarrena:

III. MENDEA EZ LITEKE

Berrian argitaratutako testuan baieztapen eztabaidagarri bat irristatu da: Henrikek paleografiaz edo epigrafiaz ez zekiela. Hori esatea gehiegitxo iruditzen zait. Jakintsu bat zen eta, bera ezagututa, zail samar egiten zait hori onartzea.

HENRIKE KNORR: JAKINTSU BAT GURI BEGIRA



VELEIARENA AMETSA IZAN ZEN ARREN
EGUN HAIETAKO DISTIRA
EZ DA INOIZ ERE
ITZALIKO


Joan baino lehen bere zalantzak adierazi bazituen ere, hona hemen 2006ko ekaina eder hartako egunen ilusioak idaztera eraman zuena


Iruña-Veleia berriro guztien ahotan
Henrike Knörr
Euskal Herriko Unibertsitatea
Euskaltzaindia

(Prentsaurreko mintzaldia, Gasteizen, 2006ko ekainaren 15ean)

Duela berrehun urte, Francisco Martínez Marinak, Espainiako Historia Akademiaren hiztegi ezagunean (1802), Iruña-ri buruzko sarreran, hau idatzi zuen:

"Está situado dos leguas cortas al oeste de Vitoria, en una colina que domina toda su circunferencia. Fue célebre en lo antiguo el pueblo de Iruña, voz vascongada, que vale tanto como "Villabuena". Pamplona tuvo el mismo nombre hasta que los romanos se lo mudaron en Pompeyópolis, y es de creer que a ésta hayan aplicado nuestros escritores algunos pasages de la historia que pertenecen a Iruña de Alava."

Eta gero hau dio:

"Sin embargo de haber sido un pueblo enteramente romano, como lo acreditan los vestigios de edificios arruinados, inscripciones, monedas y otros monumentos, nuestros historiadores no hacen memoria de él, y los naturales del país que se dedicaron a escribir su historia, adelantaron muy poco sobre esta materia, y aun escribieron con grande incertidumbre, generalidad y confusión".

Arrazoi zuen Martínez Marina Akademia-buruak bere deitorean, eta berri anitz eman zizkigun artikulu horretan, non, seguru aski, Lorenzo Prestamero arabar apaizak, Akademia bereko kide bipilak, eskuzabal lagundu baitzuen, beste hainbat artikulutan bezala. Orain, ordea, ez dugu uste Iruña-k 'Villabuena' esan nahi duela. Lehen osagaia bai, (h)iri da, baina bigarrenean zenbaitek un dakusagu (oraingo euskaran une edo gune), Iruñea-n eta Irun-en bezala, edota Ataun eta Solaun izenetan. Bestalde, bai Nafarroakoan eta bai Arabakoan, azken –a hori artikulua da jatorriz. Hots, Iruñ(e)a honela behar da azaldu: (H)Iriun-a, 'hiriaren tokia' esango bagenu bezala. Arabako Iruñatik hurbil, Billoda herrian, Irunbe aurkitzen dugu, leku izen zaharra, zalantzarik gabe 'Iruñaren azpian' ulertu behar dena, eta bizpahiru kilometrotara, Ariñizen, Irunbide; dakigunez, Irunbide eta antzekoak dozenaka agertzen dira Iruñerrian. Beste zerbait gaineratuko dut: Iruña izena bereizkuntza da Araban, non (h)iri- lehen osagaia zutenek goiz aldatu baitzuten lehen bokala; Reja de Alava deitzen denArabako herrien zerrenda ederrean (1025), guztiak dira (H)U-: Huribarri, Urizar, e.a. Honek eramango gintuzke pentsatzera Iruña izena askoz lehenago finkatu zela.

Veleia maiz aipatzen da Antzinatean eta Erdi Aroan. Besteak beste, Alfonso III.aren kronikan dugu lekukotasun hau: Uelegia Alabense. Eta Iruña geroago agertzen da. Baina jendeak erabiltzen zuen ahoz, seguru aski, oraintsu esan dugun arrazoiagatik. Horra non Rohlfs erromanista ospetsuak "tradizio bikoitzeko toponimia" deitu zuenaren adibide ona: bertakoek Iruña esaten zuten, eta Veleia forma, berriz, letratuek eta bidaiariek (horrela hitz egitea zilegi bazait) erabiltzen zuten. Arabako Iruña hau, bere lozorro luze-luzea gorabehera, deitura ezagunen iturri izan da. Horra, beste zenbaiten artean, Martínez de Iruña familia, dorretxe baten jabea, Badaia medikatearen gainean, leku ezin egokiago batean. XV. mendean, Andrés Martínez de Iruñak Hieronimotarren ordenari eman zion dorretxea, eta Gasteiza joan zen familia hori, Otsanda Andrearen etxera. Kargudun izan ziren hirian, eta goi mailako kargudun. Haien armarria Done Bikendi elizaren absidean ikus daiteke. Ez dezagun ahantz, gainera, Iruña Arabako hermandade bat deitu izan dela, antzinako loria eta ospearen oihartzun legez.

Eta bat-batean, hemen dugu Iruña-Veleia guztien ahotan. Hobeki esan: berriro dugu guztien ahotan, beste arrazoi batzuengatik duela astebete izan ondoren (erlijioarekin loturiko aztarnak ziren orduan). Oraingoan hizkuntzak ekarri du plazara Iruña-Veleia, euskarazko hitz batzuek ekarri dute, hain zuzen ere. Garrantzi handi-handiko gertakaria, nahiz une honetan ezagutzen duguna etorriko denaren zatia eta zantzua den, apika. Gogoratu behar dugu Antzinatetik hauxe bakarrik genuela, euskarari dagokiolarik: euskal (edo euskal antza duten) izen berezi batzuk, latinezko testuinguruetan, gizabanakoak, jainkoak eta jainkosak deitzeko, eta garai haietako geografo eta historiagileen izkribuetan irakurtzen ditugun leku izenak(sarri desitxuratuak). Eta orain, ziplo!, gure begiek, harriduraz, urduritasunez, are dardaraz, egunoroko hitzak ikusten dituzte, hala nola:

GEVRE ATA ZVTAN ('geure Aita zuengan')
IAVN
EDAN
IAN
LO (bizimodu lasairako aholkua, ikusten denez)
GORI ('gorri', menturaz)
VRDIN
ISAR (agian izar, baina nik ez dut uste aldamenean ageri den urdin hitzarekin lotu behar dugula)
IESVS IOSE ATA TA MIRIAN AMA (hau da: 'Jesus, Jose aita eta Maria ama')

Ametsa? Ez, inola ere ez! Edo bai, baina ametsa egia bihurtua!

Euskararen lekukoak, dirudienez IV. edo V. mendekoak (eta, hala ere, ulerterrazak). "¡Por fin podremos salir del círculo de las Glosas!", idatzi dit adiskide on batek, Complutense Unibertsitateako irakasle entzutetsuak. Eta nik nirekiko: Glosa eskergaiztokoak zinez X. mendeko horiek, zeren euskarazko bi perpaus horietan -Izioqui dugu / Guec ajutu ez dugu- interes gutxienekoa ulertzen baitugu soilik: guec, ez, dugu, axolakoa ilunpean gelditzen delarik. Zer da izioqui? Bigarren osagai bat ez ote hor, oki (gaurko euskaraz toki)? Zer da ajutu? Agian adiutum latinezko partizipio izendua, adiuvo aditzarena, hots, 'lagundu'? Horrela bada, bigarren perpausak hau esan nahiko luke: 'Guk ez dugu laguntzarik'. Dena dago airean, ordea, eta laguntza guk behar dugu.

Egungo prentsaurrekoan, hiru mahaikideok gure poza agertu nahi dugu, eta guztiei helarazi. Lan egingo dugula hitz ematen dugu, arkeologoekin batera (haien menpean gara, eta haiei beha). Gauzak ongi badoaz, menturaz udazkenean ezagutaraz genezake interes bizi-biziko testu multzo hau, xehetasun guztiekin. Honezkero dugun materialak bakarrik galdera asko egitendizkigu, eta galdera sakonak. Erantzuten jakingo ahal dugu! Eta gero etorriko dira beste galdera batzuk, eta erantzunak bilatu beharko horientzat ere, eta horrela ondoren ere, zientziak eskatzen duen bezala. Fragen, Antworten, Fragen ('Galderak, erantzunak, galderak') izena eman zion bere liburuari Robert Havelmann-ek, eta jakintza-bidea hori baizik ez da.

Agian Euskal Herria ez da inoiz izan etnodromo bat, Georges Dumézil famatuak Siberia definitu zuen gisan esateko. Baina lurralde hauetan nabari da jendaki, populu eta kultura batzuen aztarna. Iruña-Veleiako aurkikunde hauek, zalantzarik gabe, sekretu zenbait agertzen lagunduko gaituzte.

KNÖRR: "III. MENDEA EZ LITEKE"

Henrike guregandik joan bazen ere, noizean behin bere ekimenen berri dugu.

Hona hemen BERRIA egunkariak, Nafarroako Liburutegietan debekatuta izan den horrek, dakarrena:

III. MENDEA EZ LITEKE

Berrian argitaratutako testuan Henrikek paleografiaz edo epigrafiaz ez zekiela esaten da. Gehiegitxo iruditzen zait. Jakintsu bat zen eta jakintsua ezagutu genuenontzat zail samar egiten zaigu hori onartzea.

SORIONEKU... HIZKUNTZA BASKONIKOA JALGI HADI MUNDURA !!

"Adiskide on horiek:   Iruzkinak, beti legez,  ongi etorriak izango dira.   Goraintzi." Henrike Knörr Aguraingo hitzaldiaren adibi...