HENRIKE KNÖRR, LEHEN URTEMUGA

HENRIKE KNÖRR BORRÀS, IN MEMORIAM

Henrike ezagutu nuenean Endrike izena zuen eta oso gaztea zen arren, betiko jakintsu itxura zuen. Eskolak ematen zituenean oso poliki hitz egiten zuen, hitzak aukeratzen eta neurtzen arituko balitz bezala. Garai hartako irakasle guztiak fama handikoak ziren, Koldo Mitxelena, Patxi Goenaga, Ibon Sarasola eta Endrike Knörr. Pozik geunden gela hartan, irakasle distiratsuak genituelako eta, gainera, horietako bat orduan ospe handiko kantaria zen Gorka Knörren anaia zelako. Guretzat plus bat zen bitxikeria hura. Egungo egunetik ikusita munta gutxiko kontua agian, garai hartan, ordea, oso garrantzi handikoa orduko giro euskaltzalean.

Dena den, irakasleak estakuru gaitza zuen, galdera zailak egiten zituen: non dago Amikuze? Ustaritz Euskal Herriko zein herrialdetako hiriburua izan zen behiala? Zein mendetan argitaratu zen lehenengo euskal liburua? Nor izan zen Bernard Dechepare? Kokatuko zenuke Donibane Garazi Euskal Herriko mapa batean? Bai, benetan galdera zailak egiten zituen gizon betaurrekodun, jakintsu eta orojakile hark, hitz egiten zuelarik espazioan galduta zegoen puntu zehatz batean begirada finkatzen zuen bitartean.

Henrikek zioenez, erraldoi baten sorbaldetara igotako ipotxa zen bera. Koldo Mitxelena erraldoitzat jotzen zuen eta goitik behera miretsi ere bai, filologo bezala zen guztia erraldoi horri zor ziola zioen eta eskerturik zegoen filosofo ipotx bat izanik filologo erraldoiak bere sorbaldetara igo zuelako eta filologo bilakatu zuelako. Izan ere, Henrike eta Koldo Mitxelena izan ziren Arabako Euskarazko Katedraren buruak transizio garaiko Colegio Universitario Alavés delakoan, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarri izan zen hartan. Honetaz gainera, Mitxelenak Henrikeren tesia zuzendu zuen eta, maisuaren zuzendaritzapean Henrikek Summa cum laude kalifikazioa erdietsi zuen Maurice Harriet hiztegiaren argitalpen kritiko bati esker.

Henrike ipotxaren sorbalda, berriz, erraldoi batena izan da niretzat. Ni ere igo nintzen bere sorbaldara. Ni ere ipotxa naiz Henrike erraldoiaren sorbaldara igoa, nire tesia izan baitzen berak zuzendu eta epaitua izan den bakarra. Ni ere “obligaturik nago jagoitikoz hargana”, ipotxa bainaiz, baina erraldoi baten sorbaldara igo den beste erraldoi maitagarri baten sorbaldetara igoa.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT (Portfolio elektronikoa / e-Portfolio)

PSIKOGENESIA

IRULEGIKO ESKUA - MANO DE IRULEGI - MAIN D'IRULEGI - HAND OF IRULEGI