2007-06-20

ANTIMUÑO DA ZEGAMAKO BASERRI BAT

Antimuño da Zegama’ko baserri bat. Ango anaie bi mendiin gora eizeako asmoon irtem ementzien.

Mendiin zebiltzela, iñusturiketan asi eta berealdiiko erauntsie gañeen zoela-ta, igeska ementzijootzen Saadar’ko gain-zelaiti aurrera. An txabola aundi bat ikusi ementzoen eta bertan sartu.

Laster artalde bat ere etorri ementzan eta zuzen barrura danak. Azkeneko baita artzaie-ree, begi-bakarreko gizon aundi bat: Torto.

Torto'k orduun atea itxi aguro arri aundi batekin.

Antimuño'kook ikusi zitunen, biitan zaarrenari "i, gaurko" esan ementzion eta besteari "i, biarko".

Laster zaarrenari burruntzie sartu ementzion soñeen eta sutan erre eta gero jan.

Ondoren zerraldo lurreen etzan eta lotan jarri ementzan. Olako aspook bezela ementzebillen, gora ta beera, aren bularra asnaska aundi bateen.

Orduun Antimuño gazteek burruntzie artu eta sutan gorittu eta Tortoori begiin sartu ementzion. Torto jeiki eta, bere burruntzie begiin zoola eta itxututa, an ementzebillen Antimuño gazteen billa; baiño alperrik: Antimuño ango ardi eta ardinarru-arteen izkutatzen.

Goizeen Torto’k atea ireki, eta bertan, anka biik zabalduta, zuti jarri ementzan. Ardiai beren izenez deittu eta banaka-banaka, bere anka-arteen aurrera ateraerazten asi ementzan. Antimuño’k ee, bizkarreen ardinarru bat zoola, aren anka-arteti aurrera iges egin. Igertzen dio Torto’k eta ba-dijoa atzeti lasterka. Antimuño’on latz-otsaari azti. Alperrik ordea: Antimuño osin batera jauzten da eta igarika alde. Baitta jauzten da Torto ere: baño igarikan jakiñ ez eta bertan itto.

Aita Barandiaranek jasoa

OLERKI DEBEKATUA NAFARROAN

BALEA ETA BATELA

EMIGRATU ZUEN AHOTSA

URKABE

Hizkuntza hiltzear dagoela diozunean
Sua itzaltzen ari dela diozunean bezala diozu
Hizkuntza hiltzear dagoela diodanean
Bildotsa hiltzear dagoela diodanean bezala diot
Alabaina, sua berez itzaltzen da
Bildotsa, berriz,
Iskariote batek saldu
Pilato batek bidegabekeriaz gurutziltzatu
Eta Longino borrero batek Hil egiten du


EMIGRATU ZUEN AHOTSA

Ihesean balebiltza bezala
enara iragankorrak
hizkuntzik gabeko Babel isil baten antzera
itsasorantz doaz hegalaldian
hodeien artean

Michel Labéguerie eta Juan de Beriain euskararen enarei

Nire arbasoen hizkuntzan idazten dut eliz barruti honen mintzaira nagusia delako —edo hobeki erran, zelako— eta nire asaba zaharrek honako hizpide honen zenbait ataletan aurkako iritziak izan zitzaketen arren eta hiztegiaren aldetik bertze zenbait hitz ez ulertu edota haiek erabiltzen zituzten hitz anitz galdu edo ahantzi eta ele eder haiek ulertzerik eta erabiltzerik ez dudan arren, Erresuma honen Hiri buruzagian ibiltzen zen hizkera berean idatzi nahi izan dut, ur handiko urak iragankorrak diren arren ur handiaren berberaren urak baitira, hizkuntza hau baitzen hedatuenik eta zabalenik erreinu osoan, gure herri ttipi eta handi guztietan zailtasunik gabe ulertzen zen bakarra.

Gaur egun, gureari hizkuntz "gutxiagotua" deritza. Etxekoneko, aldameneko eta auzokoen mintzamoldeak irentsi gaitu. Bestalde, gure hizkuntza benetan demokratikoa da zeren ulertzen ez duenak dakienari galdetzen ahal baitio eta ulertzen ez duenak, fitsik ere ulertzen ez duenak, ez badu galdetu nahi eta ez bazaio axola eta berdin badio, orduan hizkuntza gutxiets dezake inork erantzungo ez diolako, inor gutxik dakien eta hiltzeko zorian dagoen hizkuntza bitxi bat bai baita. Ongi bada, laburbilduz, behin baino gehiagotan hitz batzuk kentzen eta beste batzuk gaineratzen aritzen naiz nire olerkiok distiratsuagoak egitearren. Baina batzuetan, denbora galtzen ari naizelako uste garbia daukat. Agian, gordeleku on batera ihes eginen dut. Mendiak atzean utzi eta mariñela izango naiz.

Kristalezko etxe batean bizi naiz. Oso polita da, baina hauskorra ere bai, ametsak bezala. Orduan, Pitxitxi gatuaren aterpe goxoa datorkit burura, itsasoz beste aldera dago eta bertan sagutxoak pakean bizi dira. Munduan, beste asko bezala, milaka katu ezagutu ditut. Bat-bederak bere hizkuntza du, hizkuntza berekiak, arrotzak gehienetan, zurea bezalakoak. Kordoka dauden eta kili-kolo bizi diren ahorik gabeko katuak dituzu horiek.

Nire maletatxoa hartu eta atea itxi dut itsasora bainoa. Nire ahotsa ixilarazi dute, baina balea da, ura zurrutaka botatzen du bizkarreko hoditik. Dena saldu dut, nuen guztia, eta zernahi den gerta, banoa ustekabearen aldera. Batela zain dago. Nora eramango nau?

BALEA ETA BATELA

Zilarrezko iltzerik ez du nire paperezko ontziak
Elkarri gaizki loturiko ohol xumezko intxaur oskola bera
Zirrikituetatik ur pixka bat sartzen da
Noizbehinka gehiago
Baina ez naiz beldurtzen, eguzki maitakorra dugu
Ohiturik nago eta Itsaso Beltzetik beltzenetarako beltzean
Jendez gainezka, giza enbor metaren artean
Haize hezeak, itsas gesala bi ezpainetan, inurriturik
Branka izugarria gerta lekioke nornahiri
Niri izan ezik, ai eroa, eta igerian ere ez dakit!
Baneki ere, egiaz, zer axola?
Txoria banintz xederan eroriko bainintzen
Balea izaki eta
Urak puztuko dituen gorpu itoen sarearen marroan
Itsas ertzera hel banendi ere, atxilo hartu eta
Ziegaren argi dardartiaren hotz gelatuaren miraz
Kolpez hil ninteke oraino kostaldeko kaserna batean

PARKEKO KALEARGIKO KATUAK

Itsasaldi luzea izan da, baina dagoeneko hemen nago. Orain katu bilakatu naiz. Kamioi baten barruan bidaiatu ondoren, nire lagun Pitxitxi katuak, herrikide eta ni bezalako joale emigratua denak, lekutxo bat egin dit bere katazuloan. Ama, kolore, era eta herri askotako katu ugari bizi gara hemen, satarte berean. Egoera jostagarri litzateke, leku faltak sortzen duen deserotasunarengatik eta mehartasunari datxekion hornidura metaforikoen gabeziarengatik izango ez balitz. Ez dago deus, ez eta apaindurarik txikiena ere.

Katuaren etxean eguneroko ogiaz arduratzen gara soilik; eta, jakina, egunez mukizapiak saltzeaz eta gauez, oheratzeko orduan, lagun guztiak elkartzeaz ere bai. Lasai asko esan genezake ahots ahaztuen nazioarteko biltzar txiki bat osatzen dugula. Inor ez da hemengoa, alegia, koordenada honetakoa, latitude honetakoa, paralelo honetakoa. Hangoak gara gu. Hantarrak. Han da gure herria. Handik gatoz. Beste babeslekuetatik, beste mundu urrun eta hurbil batzuetatik, laidoturiko eta irainduriko beste hizkuntz etxeko, jatorrizko eta arrotzetatik. Gure gurasoek hain eztiki eta maitakorki xuxurlatzen zizkiguten hitz horietatikoak gara gu. Babel da nire etxe berria eta nire hizkuntza zaharra zarpa zikinen ikurrina.

Ero naizela diote, ero garbi, neure buruarekin ozenki hitz egiten dudalako hiriko kaleetan barna. Ni bezalakoa da mutua: begiez hitz egiten duen arren ez dio inork aditzen. Gaur hiria ezagutu dut eta bere teilatu gorrietan itzulinguruka ibili naiz. Parkera iritsi naizenerako oso berandu zen eta katuak menderatu zituen printzearen harrizko irudiaren kaskora igo naiz eta munduaren goiko punta honetatik gainerako mutuak ikusi ahal izan ditut. Batzuk hemengoak ziren sortzez, besteak honera etorriak, baina denak zeuden ni baino okerrago. Hori da egia. Halaber, argi eta garbi nabaritu dut nola, elurra baino zuriago, Katu Handiaren menpeko katukideek botila berde bitxi batzuk —urkin sukoiz eta lurrinberaz beteak— eta supiztekoak zerabiltzaten, zapi-zapi, miz-miz, haien esku gazteetan. Parkeko kaleargiaren azpian bizi diren katuen marraka isiltzera zetozen.

Pitxitxi antzeko katuak dira gureak, ikatza bezain beltz, baina etxerik gabekoak, miau-miau mehe-meheak eri txikien antzekoak, sardin gabeko miau-miau finenak. Beste hainbat erasoren zauriak nabaritzen dira katu zaharren azal larrutuetan. Haien aurrean erreketariak mintzatu zaizkie: "Hemen ez dago beste maurik, gurea baizik. Suaren jabeon hitza. Gurea da legezko mau bakarra".

PARKEKO BANKUKO SUA

Ez
Ez dute
Ez lili zuririk
Ez aztarnarik antzemango
Garrak harturik den zeure etzaleku bankuan
Atzo arte zure ohea zena
Atzo arte zure ahotsaren ipar orratz migratua zena
Izanen da gaur, zure gorpuarekin batera, suarentzako sua
Eta inoiz itzali gabe
Beti pizturik dagoen sasi goria bilakatua
Herriari irazekiko dio eta bazterrak erreko ditu
Herriaren beraren ahoan hitzak bizirik dirauen artean

ORREAGA BALADA OLAZTIKO EUSKARAZ / ARTURO CAMPION

I.- Gauberdiya da. Karlomano Erregia Auriz-perrin dó bere soldaubakin. Ez da ager ez idargirik eta ez izarrik zeru illunian; irruti ikusten dia su aundiyak mendiyan; Franzesak kantaitan ai dia erriyan; Altabizkargo inguruban sentitzen dia otsuan izugarrizko garrasiyak, eta Euskaldunak chorrochten tubei bitartian bebein dardo ta aizkorak Ibañetako aritz eta arritan

II.- Larritasunakin do Karlomano eta ezin loak artueu oyan onduan bere mutiko chiki bat leitzen ai da amoriyozko historiya bat; irutiso Erroldan indartsubak garbitzen ai da Durandarte ezpata famatuba; bitartian Turpin arzobispo onak erezaten ai da Jainkuan Ama santubai.

III.- Nere mutiko, –esaten deu Karlomanok;–zer ots da gaubeko isiltasuna austen den oi?–Jauna,–eantzuten deu pajiak; Iratiko, itsasua baindo aundiyoko basoko arbolain ostuak dia, aiziak moitzentubenak.–Ah! gazte maitia, eriyotzian otsan antza deka, eta nere biyotza ikaatzen da.

IV.- Gauba arras iluna dó. Ezta ager zeruban ez idargik eta ez izarrik; irrutia ikusten dia su aundiyak mendiyan; Franzesak lo de Auritz-perrin; Altabizkargo inguruban otsuak garrasiz dè, eta Euskaldunak chorrochten tubei bebein dardo eta aizkorak Ibañetako aritzetan.

V.- Zer da ots oi?–galdeitzen deu berriz Karlomanok, eta pajiak, loak errendituik, ezteu eantzuten.–Jauna,–esaten deu Erroldan indartsubak;-mendiko uran otsa dá, Andresaroko ar-taldian béé otsa dá.–Negarran antza deka,–eantzuten deu Franzesan Erregiak.–Egiya Jauna,–Erroldanek esaten deu;–erriyonek negar eiten deu guekin akordatzen danian.

VI.- Larritasunakin Karlomanok ezin loa artueu; lurra eta zerubak argiikbe dé; otsuak garrasiz ai dia Altobizkarren; Euskaldunain aizkorak eta darduak dir dir dir eiten dei Ibañetako araitz erditan.

VII.- Ah!–suspiriyoz esaten deu Karlomanok.–Ezin ló ein dot; kalenturiak erretzen nó. Zer da ots oi?–Eta Erroldanek, loak errendituik, etzun eantzuten. Jauna, –esaten deu Turpin onak; errezazu, errezazu neekin. Ots au Euskal-Erriko gerran-kantaitia da, eta gaur gure zoyonaren azkeneko eguna.

VIII.- Yuzkiya ager da mendiyan Karlomano benzituik eta garaituik iyasi diyua, "bere kapa gorriyakin, eta sombel luma beltzezkuakin." Umiak eta andrak Ibañetan dailtza pozez dantza ta dantza. Iya ezta Euskal Erroyan kanpotarrik, eta montañesain irrintzak zeruaindo iyotzen dia.

Arturo Campion, Burundako euskaraz


I.— Gaberdia dá. Errege Carlomano Espinal-en dago bere ekerzitoarequin. Ceru illunean ez da ageri ez illargui, tá ez izarric; urrútira su-gar andiac distiatzen dute menditartean; Frantsesac cantatzen ari dira errian; Altabizcarco inguruetan senti oi dirá otsoaren izugarrizko marruac, eta Euscaldunac zorrozten dituzte bitartean beren dardo ta aizcorac Ibañetaco aitz eta arrietan.

II.— Larritazun edo antsiarequin Carlomanoc ezin du loa bereganatu; oyaren ondoan bere pagecho batec iracurtzen du amoriozco condaira bat; urrutichiago, Roldan indartsuac garbitzen du bere Durandarte ezpat famatsua, eta Turpin arzepizpicu onac errezaten dio Jaincoaren Ama santubari.

III.— Pagecho neria, —dió Erregue Carlomanoc— cer dá gabazco isilltasuna austen duen ots ori?—Jauna, —erantzuten dio pageac;— Iratico, itsasoa bañon aundiyagoco basoaren ostoac dira, aiziac muguitubac. Ah! gaste maitia, eriotzaren deadarra diruri, eta nere biotza beldur dá.

IV.— Gaba oso illuna dá.— Ez illarguic, ez izarric agueri dá cerubetan; urrutirá su-gar andiac diztiatzen dute menditartean; Frantsesac lo daude Espinalen; Altabizcarco inguruetan otsuac marruaz dira, eta Euscaldunac zorrozten dituzte beren dardo ta aizcorac Ibañetaco aitzetan.

V.— Cer dá ots ori? —galdetzen du berriro Carlomanoc, eta pageac, errendituba loaz, eranzuten ez dio. —Jauna,— dió Roldan indartsuac; mendico ujola dá, Andresaroren ardidiaren beadia. —Intziri bat diruri, —erantzuten du Errege Frantsesac. —Eguia dá, Jauna, dió Roldanec; —erri onec negar eguiten dú gugaz oroitzen danean.

VI.— Larritazunarequin Carlomanoc ezin dú loa bereganatú; lur eta ceruac arguigabe daude; otsoac ai dira marruaz Altabizcarren; Euscaldunaren aizcorac eta dardoac diztiatzen dute Ibañetaco aritztartean.

VII.— Ah! —suspiratzen du Carlomanoc. —Ezin loa nereganatu det; sucarrac erretzen nau. Cer dá ots ori? —Eta Roldanec, loari errendituba, erantzun ez cion. —Jauna, —dió Turpin onac, —errezatu zazu nerequin. Abarrots au Euscal-Errico alayua dá, eta gaür dá gure aomenaren azqueneco eguna.

VIII.— Eguzguiac arguitzen ditu mendiac. Garaitua Carlomanoc igues dijoa, "bere luma belz, ta bere capa gorriarekin." Ume ta andreac, dantzan dira pozquidaz beteric, Ibañetan. Erbesteric ez dá Euscal-errian, eta menditarren deadar ta pozezco irrintziac eltzen dirá cerubetarano.

Iruñan, 1877-garren urteko Abenduan

2007-06-12

ERESI

Aineza gal bizia goiz batez
iskilludun, ixil eta zutik
guduz hilda lur zâr honen maitez
mendietan, etsaien eskutik.

Aininderor gaztaroan, nerau
ikurrinik et' ikurrik gabe,
ezpainetan othoitzik ez, birau-
itzalik ez, baikor, ez herabe.

Ainitza gal hats, arima, odol
heuretako, nire jainko eidol
maitea, Lur!, mendi-gudu baten,

eguzkiek, inguruz inguru,
ene soin haur berriz sor haiduru,
hiretan lo, garrez jo lezaten.

Jean Mirande

GOGO LOTIA

Gogo lotia, esna zaite, erne begira
Bizitz au iges doaiela,
Eriotza ixil-ixilik datorrela.
Laister doaie poz-aldia,
Esnatzean min dario,
Norinahi lêna, oraiña baiño
Obe dela derizkio.

Bertango bapatean amaitzen da ta,
Gogoetan zûr geralarik,
Etorkizuna uste zagun igarorik.
Ez itxulaztu gerokoak luzaro
Luzarogo liraukenean;
Orok igaro bear dute
Ein berean.

Ibai dira bizitzak, badoazi
Itsaso dan eriotzera:
Ara doa jabego guzi
zuzen-zuzen itotzera.

DEIA

Lendik zetorrenan deia:
-- "Aizak, iii..."

Burua ikasketan
nastua niñan.
Aren otsa, kezketan
galdua unan.

Urrutitik berriro:
-- "Aizak, iii..."

Etxean opor-aldiak
poza zerionan.
Udaldia, itxasoa,
mendia nizkiñan.

Berriro urbillago:
-- "Emen ni!..."

Xabier Lizardi

SORIONEKU... HIZKUNTZA BASKONIKOA JALGI HADI MUNDURA !!

"Adiskide on horiek:   Iruzkinak, beti legez,  ongi etorriak izango dira.   Goraintzi." Henrike Knörr Aguraingo hitzaldiaren adibi...