2009-05-23

Iruña-Veleiako idatziak benetakotzat hartu ditu Elexpuruk

SUSTATU.COM


#17. Re: Iruña-Veleiako idatziak benetakotzat hartu ditu Elexpuruk

Juankar LOPEZ-MUGARTZA ¦ 2009-05-20 ¦ 23:44


Ni, zuetariko asko bezala, sinetsi nahiko luketen horietako bat naiz. Kontua da, fede kontua bada, nik fedea galdu dudala sinesten dudan horretan. 

Migel Unamunokoari gertatzen zitzaion bezala, nik neronek ere sinetsi nahi dut... baina ezin. Dena den hil baino lehen, Jangoikoaren eskuetan jarri zuen bere arima: “Sar nazazu, Aita, zure bularrean, supazter zabala, zeren eta unaturik bainator jo eta ke aritu izanaren ondorioz.”

Buruak, burmuinak, gauza bat esaten dit, baina Iparragirreren bihotzak dio: "Zoaz Veleiara...!!"

Niri, egia esan, ez zait gehiegi kezkatzen nork dakien gehien, gehien zekiena ezagutzeko ohorea izan bainuen. Berak baino gehiago jakin lezakeen gizonik mundu honetan ez da jaio. 

Jakintsuak sinesten zuen, bihotzak hala esaten baitzion... Baina, azken batean, zientziaren krudelak ilusioak zapuztu zizkion sinesten zuena ñabartzeraino, eta sinesten ez zuena desgogara onartzeraino, iritziz aldatzeko behartuta sentitu baitzen. 

Berak sinesten zuen garaian, nik neronek ere sinesten nuen, bere jarraitzaile fidela bainintzen, Mendiburu Larramendiren jarraitzaile fidela zen bezala, edo Sarako Etxeberri Axularrena izan zitekeen gisan Axular ordura arte bizi izan balitz. 

Orain, umezurtz naizelarik, minutuko ixilunea eskatzen dut eta, neure gloriazko minutua ere bai, nik neronek ere gai honen inguruan sentitu dudana adierazi nahi baitut, nik baino lehen nahi izan duen orok egin duen bezala benetan demokratiko eta kalakaria bilakatu den auzi honetan. Beraz, noan harira.

Behin batean, Iruña-Veleian lagun arte gozoan nengoela, nik -pleonasmo bat erabiltzea zilegi bekit- neure begiekin ikusi nuen Power Point batean aipatu ostraka horietako batzuen argazkia. Batean txerritxo bat marraztuta zegoen eta txerrikumearen barnean "JVPITIIR" idatzita zegoen... Veleiako aurkikuntzen uste osoa nuen arren eta sinesten nuen arren, ezin nuen sinetsi begi aurrean neukana. Erabat surrealista iruditu zitzaidan. Nire inguruan zeuden guztiak farrez hasi ziren hori ikustean, batzuk Jupiter jainkoa txerritzat hartzen zelako oso era bitxian, komiki batean bezala, eta beste batzuk adar jotze baten aurrean zeudela uste zutelako. Hori gutxi balitz, beste ostraka batean buruz behera jarritako hiru gurutze ikusten ahal ziren argi eta garbi eta, bitxiena, haien azpian hiru jainko erromatarren izenak: Neptunorena zen horietako bat eta besteen izenez ez naiz oroitzen, Pluto edo Saturno izan zitezkeen, ez dakit, Jesusen alboetako lapur onak balira bezala.

Ostraka harrigarri haiek ez ditut berriz ere inon ere ikusi, ez dut inon ere haien berri izan, eta horiek ziren maitagarrienak zitzaizkidanak. 

Orain denbora iragan delarik, eta Filologiaren gordintasuna bazter utzita, arte naïfaren aldarria egin nahi dut lerro hauetatik eta hona nire galdera: Non dira nire ostraka eder haiek?

Agian, begi fedegabekoen laidozko begiraden lotsaz desagertu ote dira? 

Bukatu baino lehen, aitortu behar dut batzuen erresistentzia, batzuen aurre egiteko modua, bakar-bakarrik egonik ere, munduko elementu guztien kontra daramaten borroka, benetan heroikoa iruditzen zaidala. Miresten ditut eta beren fedeari inbidia diet, nik neronek ere sinestu nahiko bainuke. Horren harrera ona egin zigun arkeologo menderakaitz eta bakarti horrek bezala ("ene untsa eginak ere orai oro gaitz dira... mirakulu banagi ere, orai ene ogena"). Baina ezin dut. Fedea galdu dut dagoneko.

Guztiarekin ere, dena ez da oraingoz erabat galdu. Bizi naizeno Veleiarena iruzurra dela uste sendoa izanen dudan arren, hil baino minutu batzuk lehenago, euskaldun fededun eta zintzo bezala, nire ezpainetatik aterako da, jaiera handiz, nire azken otoitza: "Gure Ata zutan serana, santu isan beti sure isena, etor badi sure reinu..."

#18. Re: Iruña-Veleiako idatziak benetakotzat hartu ditu Elexpuruk

Juan Martin Elexpuru ¦ 2009-05-21 ¦ 10:54


Juankar: asko gustatu zait zure parabola. Aitortzen dut nik ere irudi hori ikusi nuenean antzeko zerbait sentitu nuela. Dena den, ez du JUPITER ipintzen, IUPITER baizik. 

Uste dut ez naizela gehienak baino fededunagoa. Oso fidakaitz bihurtu nau adinak. Horregatik aurkitzen naiz ataka honetan.

Irudi honi eta zuk aipatzen dituzun beste batzuei buruz ere ibiliak gara peskisan. Kristauak eta judutarrak pertsekuzio itzelak jasan zituzten mende haietan. Horregatik, beren errebantxatxoak hartzen zituzten intimitatean, besteen jainkoak txerri gezitu edo gurutziltzatu gisa irudikatuz. 

Kasualitatez, gaur bertan Terraeantiquae blogean dator irudia, iruzkin interesgarri batekin lagunduta:


SORIONEKU... HIZKUNTZA BASKONIKOA JALGI HADI MUNDURA !!

"Adiskide on horiek:   Iruzkinak, beti legez,  ongi etorriak izango dira.   Goraintzi." Henrike Knörr Aguraingo hitzaldiaren adibi...