#Basque etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Basque etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023-12-11

BEGO ZESTAU idazlearen "Emakume dantza" (Hatsaren Poesia, 2003) [JON KORTAZAR irakaslearen kritika]

 


Sabeleko dantza / Bego Zestau / Hatsa, 2003

Emakume dantza Jon Kortazar / El País, 2003-05-19

Bego Zestau poeta berria dugu. Eta Sabeleko dantza bere lehen poema liburua, bere lehen liburua, omen da. Hatsa elkarteak argitaratu du Senperen. Juan Karlos Mugertza bere irakaslea izan zenak, eta poeta izan ere omen denak, hitzaurrean dioenez, “Maitasuna, xangrina, desira arinak eta sakonak” osatuz omen da bere poesia zuzena.

Zer dakar berezirik Zestauk? Ez dakit erantzuten. Liburu berri bat, eta ez da gutxi. Batez ere paralelotasunaren poesia bat ekarri duela, hitz jolasean arintzen den poesia moldea: “Presentzia betiratua / Irudi barneratua / Besarkadaldi liluratua / Muxualdi disfrutatua / Topaketa mirestua”.

Nitasunaren poesia zuzena da Sabeleko dantza honek adierazten duena, noizbait nerabea, eta agerikoa, nitasunak jartzen dizkio mugak eta erromantizismo urrun batek tonua. Besterik ez dagoenean ongi da. Baina moldeok askotan erabili ez ote diren zalantzatan nago.

Mundua hasi eta buka egiten da. Eta erotismo xuabe batek isurtzen du bere joera. Eta hitza berriro nagusitzen da. Eta ez dakit esaldiaren oparotasunak ez ote duen bertsolaritzarekin lotzen espresio molde hau. Ontto hitza aitzakia da esaldiaren joan etorria adierazteko. Baina zalantzan naiz hauek ote diren hitzaren oparotasunaren garaiak.

Lehen poema liburua da eta aspaldi agertzen denez, euskara, hizkuntza poetikoa hizkera malgua da poetaren eskuetan. Gaiak eta interesak dira kontuak. Inoiz ez da alde batera utzi behar poeta gazte batek periferian egiten duena, baina irakurtzeak ez dio inori kalterik egiten.

Bego Zestauren mundua mundu propioa da. Agian, beste gazte askorekin parekatu dezakeguna, eta agian, horixe da bere joera nagusia, arketipo bihurtzea: “Iruñean. Bakarrik / Arratsaldeko 20.23 / Silvio Rodriguezen musika lagun / Oroitzapenak dantzan gora-behera”. Eta barne mundu baten agerpenean, eta arketipo baten joeran joan dira orrialdeak liburua bukatu arte.



https://ojs.i2basque.eus/index.php/egan/article/download/3083/2866/
https://susa-literatura.com/kritikak/2004/krit0967.htm


Zamora, A., & Lopez-Mugartza Iriarte, J. K. (2007). “HATSAren POESIA” Nafar Poesiaren I. Biltzarrean. HUARTE DE SAN JUAN. Filología y Didáctica de la Lengua N. 9/Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika 9 Z. Pamplona: Universidad Pública de Navarra/Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2007. 93-116 or. (cf. 108. or.)


2023-11-26

LAN AKADEMIKOA NOLA PAGINATU ETA SEKZIOAK NOLA EGIN WORD ERABILIZ

 Lan Akademiko bat egiteko unean arazo formalak sortzen zaizkigu maiz, orriak nola zenbakitu era egokian, zenbaki erromatarrak eta arabigoak nola sartu testuan, nola utzi orri batzuk zenbakitu gabe. Hemen arazo formal horiei guztiei erantzuna aurkituko duzue.


 Bideo honetarako: (cc) by sa 4.0

2023-11-09

LITERATURAREN IRAKASKUNTZA BIGARREN HEZKUNTZAN. TESTU-IRUZKINETARAKO METODOLOGIA ETA IRADOKIZUNAK. Mari Jose Olaziregi. Hegats 28, 2000ko abendua, 39-73.



LITERATURAREN IRAKASKUNTZA BIGARREN HEZKUNTZAN

TESTU-IRUZKINETARAKO METODOLOGIA ETA IRADOKIZUNAK
Mari Jose Olaziregi (EHU)


Literatura irakasten dugun irakasleon artean maiz aipatu ohi dira gure jarduerak askorengan eragiten dituen frustazio eta ezinegonak. Gustuko dituzun testu nahiz egileak ikasgelan aurkeztu eta landu ondoren, zenbaitetan, ilusio eta asmo hoberenarekin prestatutako lanak erantzun hotzegia izan duela ohartzen zara.

Arazoa dirudiena baino askozaz ere kontraesankorragoa da. Irakurzale garenontzat, eta bereziki literaturzaleontzat, begi bistakoa baita liburu batek eragiten dizkigun bizikizunen promesak zernahi ahalegin merezi duela. Baina tamalez, eta hemen hasten dira irakaslearen buruhausteak, irakurzaletasuna ez da dekretuz erabakitzen den zerbait, gure jokabide eta jardunarekin kutsatu behar dugun “hori” baino. Are gehiago, amets egitea ezinbesteko zaigun bitartean, irakurtzea ez. Victor Morenok askotan esan duen moduan, irakurtzeak ez gaitu derrigorrez pertsona hobeak edo zoriontsuagoak egiten. Beste hitzekin esateko, lasai- lasai bizi gintezke libururik irakurri gabe.

Literatura irakaslea naizen aldetik, urteak daramatzat irakurzaletasunaren auziarekin kezkatuta. Hasi 1990etik 1995era bigarren hezkuntzako ikasleen artean burutu nituen azterketa soziologikoetatik (1), eta azken urteotan egin ditudan ikastaro nahiz ikerketekin jarraituz, gazteen irakurzaletasunik ezak kezka bat baino gehiago eragin dit nire eskolak prestatzean. Horretaz gainera, euskarazko irakaskuntzaren ofizialtasunak euskaltzaleongan piztutako itxaropenak bertan behera geratu direla jakiteak etsipen puntu bat ere sentiarazi dit behin baino gehiagotan. Dirudienez, espero zitekeenaren kontra, euskaraz ikasi duten gazteak ez dira euskal liburuen kontsumitzaile bihurtu, eta hau dela eta, gero eta nabarmenagoa da euskarazko irakurketak bigarren hezkuntzaren ostean izaten duen beherakada.

Nire usterako, literaturaren kasuan, irakurzaletasunaren porrota irakasgai horren planteamendu didaktikoekin dago hertsiki lotuta. Dudarik ez dago, irakaskuntzaren erreformarekin ikuspuntu nahiz prozedura nagusiak asko aldatu diren arren, oraindik literatura ikuspuntu historizistaz irakasten dela. Alegia, XIX. mendean hasitako joerari jarraiki, literatura- eskola gehienetan, oraindik, idazle, obra nahiz mugimendu desberdinen zerrendak errepikatzen direla gogaikarriro. Behin eta berriro jarraitzen dugu betiko topikoak errepikatzen, betiko idazle kanonikoak irakurtarazten. Fosilak irakasten ditugula esan ohi du, ironia handiz, Bernardo Atxagak.

1975-76 ikasturteaz geroztik ezarri zen Batxilergo Balioaniztun Bateratu hartan ere (gaztelaniaz “B.U.P.” zelakoa), ikuspuntu historizista zahartiku hori zen, hain zuzen, nagusi. Hemen zaudeten gehienok adinkide zaituztedanez, oroituko zarete abiapuntuaren desegokitasunaz eta nola 2. eta 3. ikasturteko programak ia-ia berdinak ziren, edo UBI zelako hartarako programan munduko ikasle/irakasle zaletuena izutzeko moduko eduki mordoa sartzen zen. Batxilergo hori zehaztu eta finkatu nahi izan zutenek unibertsitatean irakatsi beharrekoa nolabait leunduz egitea proposatzen zuten, beti ere kontuan hartuz, batxilergo urteak prestakuntza urteak zirela eta gero zetorrenak, hots, unibertsitateak, benetan konponduko zituela ikasleen jakituriazko hutsuneak.

Ikuspuntu desegoki eta faltsua, dudarik gabe. Izan ere, unibertsitateak ez baitu gauza handiegirik konpontzen, alderantziz, irakurketa kontuetan lehendik etsita dauden ikasleak behin betiko aldentzea lortzen baitu gehienetan. Bi arloetan irakatsi dugunok arazo eta akats antzeratsuak ikusten ditugu bigarren hezkuntzan nahiz unibertsitatean, eta honi dagokionez, harrigarria iruditzen zait nola bigarren hezkuntzan proposatu diren aurrerapausu didaktiko nahiz metodologikoek goi mailako ikasketetan ez duten inongo eraginik izan. Nire aburuz, maila guztietan, literatur irakasle txar asko dago “eskola magistralen” mozorropean ezkutatzen dena, gehienetan, bestek egindako ikerketak etengabe errepikatuz eta literaturaren irakaskuntzak eskatzen duen bizitasun-ikerketa-seriotasunaz ohartu gabe.

(…)

(1) Ik. Olaziregi, M. J. (1998). Euskal Gazteen Irakurzaletasuna. Azterketa Soziologikoa. Bergarako Udala. Ibid. (1998). Los jóvenes vascos y la lectura. CLIJ: Cuadernos de literatura infantil y junvenil, 11 (101), 7- 12.

2023-09-16

IRUÑEKO EUSKARA ETA EUSKARAREN JATORRIA

 


Nihorc ezdu munduan Eskaldun adina;
Bakharra da mendetan bera egon dena;
Nahastean bertzeac pasaïetan,
Odola harc du garbi bere zainetan. 

Populu zaharrena, hari ohorea;
Ezda haren halturan nihongo yendea;
Nihoiz, nihoiz ez galdu aita Eskaldunac;
Ondoren ondo bethi utzi erdaldunac." 

(J. M. Hiribarren, 1853 [[1]])

            1626an, Joan Beriainek, Utergan (Iltzarbe, Iruñeko hegoaldea) abade zenak, azalpen hauxe eman zuen "Doctrina christiana en Romance y Bascuence" argitaratu zuelarik: “Escribo en Bascuence, porque no ha habido nación en todo el mundo que no se haya preciado de la lengua natural de su patria, y de enseñarla en las escuelas a leer y escribir". "Según esto, razón es que nosotros estimemos nuestra lengua bascongada, porque (...) Tubal, hijo de Japhet, que fue hijo tercero del justo y perfecto Noé, habló y enseñó en este Reyno la lengua Bascuence, y después acá hasta el día de hoy, se ha conservado en la muy noble ciudad de Pamplona y en toda la tierra Bascongada".

            Modu horretara, Beriainek aurrea hartu zion bere garaiari, eta, jakin gabe, euskararen eraikin didaktikoaren lehen harria ipini zuen. Gaur, hainbat urte geroago, Hizkuntzaren Didaktika (HD) eboluzionatzen ari da oraindik, eta, abade haren lorratzari jarraiki, etorkizuneko irakasleei beharrezko baliabideak ematea du xede, gure ikastetxeetan hizkuntza hau baldintzarik onenetan irakasteko.

            Joan Beriainek hauxe adierazi zuen "Tratado de cómo se ha de oír Misa, escrito en Romance y Bascuence" (1621) lanaren hitzaurrean: "Yo escribo el (dialecto) que se habla en Pamplona, cabeza de este Reyno y Obispado de navarra, que es el que se habla en la mayor parte de él, donde se habla bascuence y el que mejor se entiende en todas partes."

            Euskara nondik datorren oraindik ez jakiteak bide eman du maiz hizkuntza honen historia kondairarekin nahasteko. Besteak beste, Joan Perotxegi koronelak ("Theniente Provincial de Artilleria y Comandante de la de este Reyno de Navarra") hauxe baieztatu zuen "Origen de la nación bascongada y de su lengua" (1760) liburuan [[2]]: "Siendo esta inapelable lengua tan antigua y sin parentesco alguno con las que existen en Asia, Africa y Europa (...) es preciso que se me conceda que dicha Lengua estuviese instituida en los primitivos tiempos del Diluvio Universal y que la poseyó el mismo Noé, que es quien aprendió de la misma Divinidad".

            Frai Migel B. Azantzak hauxe adierazi zuen liburu horren hitzaurrean: "Aunque a la primera vista me pareció algo arrogante su intento; pues pretende probar no solo que fue el Bascuenze la primitiva lengua de España, y Francia, sino también propia, y nativa del Patriarca Noe; y por consiguiente la primera del Mundo, y aquella misma, que, infundida por Dios a nuestro Primer Padre Adán, fue la unica hasta la mezcla, y confusión de la Torre de Babel; más mirado, y reflexionado este su intento a la luz de las razones que trahe; de los puntos de Historia, que toca; y de las Etymologias tan naturales, y oprtunas, que propone, concivo, que de lo primero hace evidencia; y lo segundo lo dexa muy probable".



[1]. Jean Martin Hiribarren (Azkaine -Lapurdi-, 1810-1866), Baionako apaiz eta kalonjea. Pasarte hauek bere liburu honetatik hartuak izan dira: “Hiribarren, J.M. (1853), Eskaldunac. Iberia, Cantabria, Eskal-Herriac, Eskal-Herri Bakhotcha eta hari Darraicona. Bayonan: Foré eta Lasserren, Imprimerian”. Hemen aipatua: Lopez-Mugartza, J.K. (1987) Pamplona se dice Iruñea.  Harbelex-Iruñeko Udala. Iruñea: Pamiela.

[2]. Perochegui, J. (1760), Origen de la Nación Bascongada, y de su Lengua, de que han dimanado las Monarquías Española, y Francia, y la Republica de Venecia, que existen al presente. Compuesto por el Coronel Don Juan de Perochegui, Theniente-Provincial de Artilleria, y Comandante de la de este Reyno de Navarra. Bigarren argitaraldia: Iruñea: Martinezen oinordekoen inprimategia.

 

2023-09-14

TXEPETX, Jose María Sánchez Carrión


Edozein eduki hizkuntza baten edukia delako, edozein ikasgai-mota hizkuntzaren ikasgaia da. Horrexegatik, hizkuntzarekin batera ikasten dugun edozein gauza hizkuntza ikasten dugun heinean ikasi ohi dugu: haurtzaroan erabilera da ikaste-prozesua eragiten diguna; nerabezarotik aurrera, ordea, motibazioa bihur daiteke indar-motorra.

                                                          Jose María Sánchez Carrión, Txepetx 


TXEPETXEN TEORIAREN ILDO NAGUSIAK


1. Hizkuntza-aniztasuna

- Ikaskuntza naturala edo kulturala.

- Hizkuntza-oreka.

- Euskararen hiztun-ereduak (A, B) eta horien arteko harremanak.

 

2. Hizkuntza-normalizazioa

- Urratsak eta jarraitu beharreko alderdiak.

- Dominatzailea eta menderatua: teknikak eta prozesuak.

 

3. Soziolinguistikaren helburua

- Beharrak zehaztea.

- Hizkuntzaren corpusa (lexikoa, sintaxia).

- Hizkuntzaren estatusa (erabilera, ezagutza).

 

4. Hizkuntzaren azterketa hiru dimentsiotan:

- Hizkuntza-komunitatea.

- Hiztuna.

- Hizkuntza.

 

5. Hizkuntza jakitearen funtsezko elementuak

- Motibazioa.

- Ezagutza.

- Erabilera.

 

6. Hizkuntza ikasteko prozesua

- Hiru urrats (Motibazioa, Ezagutza eta Erabilera) eta bi ibilbide (naturala eta kulturala).

- Bi ibilbide, baina zirkuitu bat bakarra

- Euskaldun osoa izatea.

- Gaitasuna, kontzientzia eta koherentzia.

 

7. Hizkuntza-borroka

- Hizkuntza-funtzioak,

ü  Giza Hizkuntza: Funtzio Internazionala

ü  Zibilizazio Hizkuntza: Zibilizazio Funtzioa

ü  Nazio Hizkuntza: Funtzio Nazionala

ü  Hizkuntza lokala: Funtzio lokala

ü  Lanbide-Kodea: Funtzio Profesionala

ü  Barne-Hizketa: Funtzio Familiarra

ü  Pentsabidea: Identitate Funtzioa

- Hizkuntza-oreka.

ü  Hiztunarentzat: ikaskuntza zirkuitua betetzea

ü  Hizkuntzarentzat: bi zirkuituak osatzea: AB-BA

ü  Hizkuntza komunitatearentzat: funtzio guztiak bere hizkuntzan betetzea


8. Talde soziolinguistikoak

- Hizkuntza-boterea berrantolatzea.

 

9. Hizkuntza-egoerak

- A, B, AB, BA hizkuntzak.

ü  A hizkuntzak: aymara, bereber, tswana...

ü  B hizkuntzak: sanskritoa, latina, grekera klasikoa...

ü  AB hizkuntzak:  daniera, georgiera, poloniera, italiera...

ü  BA hizkuntzak: hebraiera

- Terminologia pozoitsua.

 

10. Puntu kritikoak

- Irekiera-puntua.

- Haustura-puntua.

- Oklusio-puntua.

 

11. Hizkuntza sustatzeko baldintzak

- Hizkuntzarentzat: funtzio nazionala, adierazle kulturala, nortasun nazionala.

- Komunitatearentzat: espazio sinbolikoaren inguruko artikulazioa.

- Hiztunarentzat: motibazioa, optimizazioa, espazio sinbolikoko kide izatea.

 

12. Hizkuntza-osagarritasunari buruzko legeak

- Hizkuntzarik gabe gu ez gara, baina hizkuntza ere ez da gu gabe.

- Hizkuntzak komunitatearentzat eta gizabanakoarentzat duen garrantzia.

Ni hizkuntzarentzat garrantzitsua naiz hizkuntza niretzat garrantzitsua bada.

Hizkuntza orok du eskubidea une historiko batean hizkuntza komunitate baten bidez bere bizia ziurtatzeko.

Txepetxen helburua euskararen erabilear sustatzea zen, eta handik bere liburu ospetsu hura: "Etorkizun bat gure iraganarentzat". Hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzaren garapen eta normalizaziorako funtsezko elementuak kontuan hartzen zituen Txepetxek. Soziolinguistikak tresnak eta ikuspegiak eskaintzen ditu erronka horiei aurre egiteko eta euskarazko hezkuntza-komunitate elebidun eta kultu baterantz lan egiteko.

Sánchez Carrión, J. M. (1987). Un futuro para nuestro pasado: claves de la recuperación del euskara y teoría social de las lenguas. Lizarra. (Luigi Anselmi poetak euskaratua: Gure Iraganaren Geroa Gaur. Donostia).

2023-09-06

UNITATE DIDAKTIKOA ETA SEKUENTZIA DIDAKTIKOA. ANTZEKOTASUNAK ETA EZBERDINTASUNAK


Unitate Didaktiko bat zer den eta Sekuentzia Didaktiko batetik zer bereizten duen ulertzeko, geure esperientzia hartuko dugu kontuan. Konturatzen bazara, ikasturtean zehar ez ditugu gaiak modu soltean lantzen, era antolatuta baizik. Gai bat ongi ulertzeko eta sakon lantzeko, normalean hainbat saio behar izaten dira. Gai bat era egokian lantzeko behar ditugun saio horiek guztiak lotzen dituen plangintza horri Unitate Didaktikoa esaten diogu.

Unitate Didaktiko bat sortzean erabaki behar dugu aldez aurretik zer landuko dugun, zer ikasi nahi dugun eta nola egingo dugun hori ikasteko. Hau da, argi izan behar dugu zer helburu lortu nahi dugun, zer jarduera egingo ditugun, zer material erabiliko dugun eta ikasitakoa nola ebaluatuko dugun. Helburua ez da soilik informazioa buruz ikastea, baizik eta gai hori benetan ulertzen eta erabiltzen jakitea.

Baina Unitate Didaktiko baten barruan gauzak era ordenatu batean ikasten dira, eta horretan datza Sekuentzia Didaktikoaren garrantzia, Sekuentzia Didaktikoak jardueren ordena zehazten baitu, ikaskuntza prozesuaren ibilbidea erakutsiz.

Normalean hiru zati izaten ditu: 

Lehenik, hasiera: gai berri bat aurkezten da, galderak egiten dira edo zerbait interesgarria proposatzen da zuen arreta erakartzeko eta dakizuena aktibatzeko. 

Garapena jarraian dator: hemen ideiak benetan lantzen dira, testuak irakurriz, ariketak eginez, eztabaidatuz edo talde-lanak eginez. 

Azkenik, bukaera, transferentzia edo aplikazioa: une honetan ikasitakoa erakusten duzue, adibidez lan bat aurkeztuz, proiektu bat eginez edo azalpen bat emanez.

Beraz, argiago esanda, Unitate Didaktikoa gai bat lantzeko prestatzen dugun plangintza osoa da: zer helburu ditugun, zer eduki edo ezagutza landuko ditugun, zer jarduera egingo ditugun eta nola ebaluatuko dugun.

Sekuentzia Didaktikoa, berriz, jarduerak plangintza horren barruan antolatzeko modua da, hau da, ikaskuntza nola garatuko den urratsez urrats zehazten duen egitura.

Horrela, Unitate Didaktikoak landuko dugun esparru orokorra ezartzen du, zer eta zer norabidetan lan egingo dugun erakusten digu. Sekuentzia Didaktikoak, bestalde, esparru horren barruan ikaskuntza egoerak nola garatuko diren antolatzen digu, urratsez urrats eta horiek gauzatzeko behar dugun denbora kontuan hartuta.

Jarraian, Sekuentzia Didaktiko baten osagai nagusiak jasotzen dira adibide gisa.

SEKUENTZIA DIDAKTIKOA

Izenburua

Jorratu beharreko gaiarekin loturik dagoen izenburu esanguratsu eta iradokitzaile bat proposatzen da.

Maila

Maila aukeratzen da (Haur Hezkuntza / Lehen Hezkuntza / DBH / Batxilergoa / Unibertsitatea)

Arloa edo irakasgaia

Zehaztu dagokion arloa (Hizkuntza, Matematika, Natur Zientziak, etab.)

Saio-kopurua

7 – 12 saio (edo egileari beharrezkoak iruditzen zaizkionak)

1. Proposamenaren testuingurua

a) Kokapena: Gauzatzeko lekua (ikastetxea, ingurune soziolinguistikoa...)

b) Gaia: Interesgarria izango al da ikasleentzat? Ikasleengandik gertu dauden zein egoerari erantzuten dio? Ikasleen zer beharrizanekin dago lotuta? Zergatik izango da esanguratsua ikasleentzat? Zer lotura du ikasleen eguneroko errealitatearekin?

2. Landuko diren gaitasunak

a) Funtsezko gaitasunak. Curriculumean definitutako funtsezko gaitasunetatik hautatuak.

b) Arloko gaitasun espezifikoak. Dagokion arloaren berariazko konpetentziak.

3. Etaparen helburuak. Curriculumean jasotako etapako helburuekin lotura zuzena dutenak.

4. Ebaluazio-irizpideak. Arloko gaitasun espezifikoei lotutako ebaluazio-irizpide ofizialak. Curriculumean jasota daude.

5. Oinarrizko ezagutzak ("edukiak"). Curriculumean agertzen dira atal edo bloke ezberdinetan ordenatuta.

6. Helburu didaktikoak. Helburu didaktikoen helburua da ikasleak, ikaskuntza-egoera amaitzean, lehen ezagutzen ez zituen gauza berriak ezagutzea, lehen ulertzen ez zituen gauzak ulertzea, lehen ez zekizkien gauzak egiten jakitea eta gauza horiek lehen aplikatzen ez zekien testuinguru berrietan aplikatzeko gai izatea.

7. Jardueren sekuentzia

a) Aktibazioa eta motibazioa. Aurretiazko ideiak aktibatzea

b) Garapena eta eraikuntza. Edukien lanketa gidatua.

c) Transferentzia. Azken produktua edo erronka. Ezagutzen aplikazioa testuinguru berrietan.

8. Ebaluazioa

a) Ebaluazio-tresnak: Irakaslearen behaketa koadernoa. Errubrikak. Portfolioa. Azken proiektua edo ekoizpena. Ahozko aurkezpenak. Idatzizko probak (hala badagokio).

b) Ebaluazio-mota: Etengabekoa (Hasierakoa, Garapenekoa, Bukaerakoa edo Bateratzailea). Formatzailea. Kritikoa. Eraikitzailea.

9. Aniztasuna eta inklusioa. Laguntza-neurriak. Egokitzapen metodologikoak. Erritmo desberdinen kudeaketa.

10. Errekurtsoak. Testuak. Baliabide digitalak. Ikus-entzunezkoak. Inguruneko baliabideak

11. Ohar metodologiko garrantzitsua

a) Ikaskuntza Egoerak LOMLOEren ikuspegiaren arabera...
- testuinguru erreal edo esanguratsu baten barruan garatu behar dira.
- ekoizpen bat sortzera edo erronka bat gainditzera bideratu behar dira.
- gaitasunetan zentratu behar dira.

b) Oinarrizko Ezagutzak LOMLOEren ikuspegiaren arabera...
- ikasteko tresna baizik ez dira, ez helburu bat berez.


 IKASKUNTZA EGOERA