LITERATURAREN IRAKASKUNTZA BIGARREN HEZKUNTZAN. TESTU-IRUZKINETARAKO METODOLOGIA ETA IRADOKIZUNAK. Mari Jose Olaziregi. Hegats 28, 2000ko abendua, 39-73.



LITERATURAREN IRAKASKUNTZA BIGARREN HEZKUNTZAN

TESTU-IRUZKINETARAKO METODOLOGIA ETA IRADOKIZUNAK
Mari Jose Olaziregi (EHU)


Literatura irakasten dugun irakasleon artean maiz aipatu ohi dira gure jarduerak askorengan eragiten dituen frustazio eta ezinegonak. Gustuko dituzun testu nahiz egileak ikasgelan aurkeztu eta landu ondoren, zenbaitetan, ilusio eta asmo hoberenarekin prestatutako lanak erantzun hotzegia izan duela ohartzen zara.

Arazoa dirudiena baino askozaz ere kontraesankorragoa da. Irakurzale garenontzat, eta bereziki literaturzaleontzat, begi bistakoa baita liburu batek eragiten dizkigun bizikizunen promesak zernahi ahalegin merezi duela. Baina tamalez, eta hemen hasten dira irakaslearen buruhausteak, irakurzaletasuna ez da dekretuz erabakitzen den zerbait, gure jokabide eta jardunarekin kutsatu behar dugun “hori” baino. Are gehiago, amets egitea ezinbesteko zaigun bitartean, irakurtzea ez. Victor Morenok askotan esan duen moduan, irakurtzeak ez gaitu derrigorrez pertsona hobeak edo zoriontsuagoak egiten. Beste hitzekin esateko, lasai- lasai bizi gintezke libururik irakurri gabe.

Literatura irakaslea naizen aldetik, urteak daramatzat irakurzaletasunaren auziarekin kezkatuta. Hasi 1990etik 1995era bigarren hezkuntzako ikasleen artean burutu nituen azterketa soziologikoetatik (1), eta azken urteotan egin ditudan ikastaro nahiz ikerketekin jarraituz, gazteen irakurzaletasunik ezak kezka bat baino gehiago eragin dit nire eskolak prestatzean. Horretaz gainera, euskarazko irakaskuntzaren ofizialtasunak euskaltzaleongan piztutako itxaropenak bertan behera geratu direla jakiteak etsipen puntu bat ere sentiarazi dit behin baino gehiagotan. Dirudienez, espero zitekeenaren kontra, euskaraz ikasi duten gazteak ez dira euskal liburuen kontsumitzaile bihurtu, eta hau dela eta, gero eta nabarmenagoa da euskarazko irakurketak bigarren hezkuntzaren ostean izaten duen beherakada.

Nire usterako, literaturaren kasuan, irakurzaletasunaren porrota irakasgai horren planteamendu didaktikoekin dago hertsiki lotuta. Dudarik ez dago, irakaskuntzaren erreformarekin ikuspuntu nahiz prozedura nagusiak asko aldatu diren arren, oraindik literatura ikuspuntu historizistaz irakasten dela. Alegia, XIX. mendean hasitako joerari jarraiki, literatura- eskola gehienetan, oraindik, idazle, obra nahiz mugimendu desberdinen zerrendak errepikatzen direla gogaikarriro. Behin eta berriro jarraitzen dugu betiko topikoak errepikatzen, betiko idazle kanonikoak irakurtarazten. Fosilak irakasten ditugula esan ohi du, ironia handiz, Bernardo Atxagak.

1975-76 ikasturteaz geroztik ezarri zen Batxilergo Balioaniztun Bateratu hartan ere (gaztelaniaz “B.U.P.” zelakoa), ikuspuntu historizista zahartiku hori zen, hain zuzen, nagusi. Hemen zaudeten gehienok adinkide zaituztedanez, oroituko zarete abiapuntuaren desegokitasunaz eta nola 2. eta 3. ikasturteko programak ia-ia berdinak ziren, edo UBI zelako hartarako programan munduko ikasle/irakasle zaletuena izutzeko moduko eduki mordoa sartzen zen. Batxilergo hori zehaztu eta finkatu nahi izan zutenek unibertsitatean irakatsi beharrekoa nolabait leunduz egitea proposatzen zuten, beti ere kontuan hartuz, batxilergo urteak prestakuntza urteak zirela eta gero zetorrenak, hots, unibertsitateak, benetan konponduko zituela ikasleen jakituriazko hutsuneak.

Ikuspuntu desegoki eta faltsua, dudarik gabe. Izan ere, unibertsitateak ez baitu gauza handiegirik konpontzen, alderantziz, irakurketa kontuetan lehendik etsita dauden ikasleak behin betiko aldentzea lortzen baitu gehienetan. Bi arloetan irakatsi dugunok arazo eta akats antzeratsuak ikusten ditugu bigarren hezkuntzan nahiz unibertsitatean, eta honi dagokionez, harrigarria iruditzen zait nola bigarren hezkuntzan proposatu diren aurrerapausu didaktiko nahiz metodologikoek goi mailako ikasketetan ez duten inongo eraginik izan. Nire aburuz, maila guztietan, literatur irakasle txar asko dago “eskola magistralen” mozorropean ezkutatzen dena, gehienetan, bestek egindako ikerketak etengabe errepikatuz eta literaturaren irakaskuntzak eskatzen duen bizitasun-ikerketa-seriotasunaz ohartu gabe.

(…)

(1) Ik. Olaziregi, M. J. (1998). Euskal Gazteen Irakurzaletasuna. Azterketa Soziologikoa. Bergarako Udala. Ibid. (1998). Los jóvenes vascos y la lectura. CLIJ: Cuadernos de literatura infantil y junvenil, 11 (101), 7- 12.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT (Portfolio elektronikoa / e-Portfolio)

PSIKOGENESIA

IRULEGIKO ESKUA - MANO DE IRULEGI - MAIN D'IRULEGI - HAND OF IRULEGI