2024-06-17

Aurkezpen eraginkor baterako gida


Helsinkiko Unibertsitatea: "Jakintzaren indarrarekin munduarentzat"

1. Egitura

Antolatu zure aurkezpena egitura argi batean, sarrera, garapen eta ondorio batez osatua. Jarraitu zure idatzizko lanaren ordenari berari. Diapositiba desberdinak erabil itzazu sekzio bakoitzerako, informazio ezberdina diapositiba berean nahastu gabe. Ziurtatu koherentziari eusten zaiola aurkeztutako informazioan. Aurkezpena antolatzeko unean honela jokatu:

- Aurkezpen-diapositiba: izenburuarekin, zure izenarekin, Unibertsitatearen logoarekin, Fakultateko izenarekin, MBL-ren zuzendariaren izenarekin eta urtearekin (2024, ekaina).

- Bigarren diapositiba: landuko diren gaien aurkibidea.

- Azken diapositiba: erabilitako Bibliografia.

2. Diseinua

Aukeratu diseinu garbia eta argia zure diapositibetarako. Erabili tamaina egokiko letrak, epaimahaiko kideek urrutitik irakurtzeko modukoak izan daitezen. Saihestu gutxi ikusten diren letra txikiak eta grafikoak. Kontraste handiko koloreak erabil itzazu, batez ere zuria eta beltza, eta, esaterako, urdina eta gorria edo beste koloreren bat informazioa nabarmentzeko. Baina ez erabili kolore gehiegirik. Hondoa bera ere argia izan dadin. Zuria bada, hobeto. Animazioak ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatzen dizuet epaimahaikideak ez nahasteko.

3. Edukia

Sartu informazio garrantzitsua eta zehatza zure diapositibetan. Erabili binetak, grafikoak edo irudiak zure puntuak ilustratzeko eta epaimahaikoen arreta mantentzeko. Ez gehitu estetika hutsezko irudirik; ahozko aurkezpenak justifikatu behar ditu. Grafikoek eta irudiek zuzeneko lotura izan behar dute ahozko azalpenarekin edo diapositibako testuarekin. Loturarik ez badute, balorazio negatiboa jaso dezakete.

4. Denbora (15 minutu, 20 minutu gehienez)

Nabarmendu zuen Proposamen Didaktikoan, eta denbora gehiena hari eskaini. Banatu denbora honela:

- Lehen herena (5’ edo 6’): Aurkezpen pertsonala (nor zareten, epaimahaikoei agurra) eta zuen MBL-ren azalpen teorikoa. Landutako egileak, iritzi interesgarrienak eta zuen gaiaren garrantzia azaldu. Zenbat dakizuen erakutsi. Epaimahaikoek haien aurrean gaia ongi menperatzen duen aditu bat ikusi behar dute.

- Azken bi herenak (10’ edo 12’): Proposamen Didaktikoaren aurkezpena. Erakutsi gaia ongi menderatzen duzula eta praktikan aplikatzeko gaitasuna duzula. Gehitu Bibliografiaren azken diapositibaren aurrean Ondorioei eta Etorkizuneko Gaiei buruzko beste diapositiba bat, zure proposamenaren ondoren jarraitu beharreko bide posibleak adieraziz.

Utzi denbora, 10 bat minutu epaimahaikideek galderak egin ditzaten. Epaimahaiko guztiek egin behar dute gutxienez galdera bat. Ohikoa da. Ez da jendea harrapatzeko. Lasai egon. Antzezlan baten antzekoa da, zuek zarete protagonistak eta besteak publikoa. Epaimahaikideak serio egongo balira ere, ez kasurik egin, zuek egon behar duzue beti irriño batez eta konfidantzaz beterik. Aurrean izango dituzuenak irakasleak dira, ez dute inongo gogorik zuek suspenditzeko. Zuek ongi egiten baduzue, haiek ongi baloratuko dute zuen lana. Une batez “zurian” geldituko bazinate zer esan jakin gabe, ez larritu. Aipatu argi eta garbi haria galdu duzuela, diapositibari begiratu, eta segi kontatzen diapositibarekin zerikusia duen beste edozein gauza.

5. Entseatu eta praktikatu

Etxean zaudelarik, zure senideei, lagunei edo, grabazio bat eginez, zeure buruari, aurkezpen bat egin. Saio bat gutxienez egin azterketara etorri baino lehen. Denbora kalkulatzeko eta neurtzeko baliagarria gertatuko zaizu. Egin zure aurkezpena hainbat aldiz, edukiarekin ohitzeko eta modu naturalean jariatzen dela ziurtatzeko. Horrek seguruago sentitzen eta zeure buruari konfiantza ematen lagunduko dizu.

 

2024-04-26

PSIKOGENESIA


Juankar LOPEZ-MUGARTZA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (2024)

Psikogenesiaren ikuspegia psikologia konstruktibistaren eta neokonstruktibistaren testuinguruan kokatzen da, konduktismoaren kritika eginez (haurrak ez dira estimulu zehatz batzuei erantzuna ematen dieten ikasle pasiboak, baizik eta etengabe hipotesi kognitiboak egiten ari diren eta jakinminez aritzen diren ikasle aktiboak). Piageten eta Karmiloff-Smithen teorietan oinarrituta, Emilia Ferrerirok Psikogenesiaren teoria defendatu du. Psikogenesiaren teoria honek azaltzen du haurrek nola eraikitzen dituzten beren ezagutza-sistemak mundua eta hizkuntza ulertzeko. Haurrek objektuekin esperimentatzen dute, haien propietateak ulertzen eta hipotesiak egiaztatzen edo baztertzen saiatuz. Prozesu horretan, interpretazio-sistemak edo “haur teoriak” garatzen dituzte, eta horien bidez zentzua ematen diote jasotzen duten informazioari. Interpretazio-sistema hauek baliagarriak dira bai natura ulertzeko, bai idazketa-sistemen funtzionamendua azaltzeko.

Psikogenesiaren bidez, haurren irakurketa-idazketaren garapena aztertzen da. Hizkuntza edo ortografia-eredua edozein izanik ere, haurrek antzeko erronkak izaten dituzte hizkuntzaren errepresentazio alfabetikoa ulertzeko bidean. Prozesu honetan, haurrak ekoizpen-jarduerak egiten ditu idazketaren jabekuntzan eta interpretazio-ekintzak irakurketaren jabekuntzan, eta fase desberdinak igarotzen dituzte alfabetizazioaren garapenean zehar.

Lehen mailan, haurrek marrazketaren (irudikapen ikonikoaren) eta idazketaren (irudikapen ez-ikonikoa, lineala eta arbitarioaren) arteko bereizketa egiten hasten dira. Ulertzen dute marrazkiek objektuen kanpo forma erakusten dutela, baina idazketan, aldiz, letren formek ez dutela inolako lotura zuzenik objektuekin. Horrela, ohartzen dira idazketa-sistema arbitrario eta lineala dela: letren kateek ez dute irudikapen ikonikorik, baina objektuak ordezkatzen dituzte. Honela hasten dira ulertzen idazketa ez dela marrazketa bezalakoa, eta horrek ezberdintasun funtzionala dakar bi adierazpide horien artean.

Bigarren mailan, haurrek idatzitako kateen ezaugarriak arrazoi objektiboen bidez ulertu nahi dituzte. Galdera batzuk sortzen zaizkie: zergatik idazten da batzuetan hitz gutxirekin eta beste batzuetan gehiagorekin? Zenbat letra behar dira hitz bat adierazteko? Nolako letrak izan behar dute? Ezberdinak behar al dira? Prozesu honetan bi printzipio nagusi jartzen dira jokoan: batetik, printzipio kuantitatiboa edo gutxieneko letren kopuruaren printzipioa (adibidez, letra gutxiegi baldin badaude hori "hitza" izango ote da?); bestetik, printzipio kualitatiboa (esate baterako, letra guztiak berdinak baldin badira hori "hitza" izango da? Esanahia izango ote du? Letre ezberdinak behar dira hitz bat osatzeko?). Oraindik ez dituzte letrak fonemekin lotzen, baina jakin badakite bi hitz ezberdinek grafia ezberdinak behar dituztela.

Azkenik, hirugarren mailan, haurrek idazketaren fonetizazioa garatzen dute. Fase honetan, idazketa-sistemaren eta ahozko hizkuntzaren arteko lotura sendoagoa egiten dute, eta hiru hipotesi nagusi planteatzen dituzte beren garapen prozesuan: silabikoa, silabiko-alfabetikoa eta alfabetikoa. 

Hipotesi silabikoan haurrek silaba bakoitza letra edo letra-multzo batekin lotzen dute; adibidez, "Tx" edo "i" letrek "txi" silaba ordezka dezakete, eta “tximeleta” hitza adierazteko “tx-m-l-t” edo "i-e-l-a" gisa idatz lezakete.

Hipotesi silabiko-alfabetikoan hasten dira ulertzen letra batzuk banakako soinuak adierazten dituztela eta silaba osoaz gain, fonemak ere transkribatu daitezkeela. Adibide gisa, “tximeleta” “tx-me-l-ta” gisa idatz dezakete. 

Hipotesi alfabetikoan, alegian, azken fasean, haurrek printzipio alfabetikoa menderatzen dute eta fonema bakoitza letra batekin adierazten saiatzen dira; horrela, “tximeleta” hitza “tx-i-m-e-l-e-t-a” bezala idatziko lukete. Beraz, etapa hipotesi hau formulatzen dutenean haurrek ulertzen dute fonema bakoitzeko letra bat esleitu behar dutela, hau da, printzipio alfabetikoa ulertzen dute, nahiz eta oraindik hizkuntzaren irregulartasun ortografikoak ez menperatu.

Etapa hauetan aurrera egin ahala, haurren idazketa zehatzagoa eta estandarizatuagoa bihurtzen da, eta pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen dira ortografia ofizialaren arauetara. Prozesu hau funtsezkoa da alfabetizazioaren garapenerako, eta psikogenesiaren bidez ulertzen dugu haurrek nola eskuratzen duten idazketaren eta irakurketaren funtzioa, eta nola sortzen dituzten beren interpretazio-sistemak hizkuntza ulertzeko bidean.

BIBLIOGRAFIA

Ferreiro, E. (1991). Desarrollo de la alfabetización: psicogénesis. In Yetta Goodman (arg.), Los niños construyen su lectoescritura. Un enfoque piagetiano. Buenos Aires: Aique.