PSIKOGENESIA


Juankar LOPEZ-MUGARTZA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (2024)

Psikogenesiaren ikuspegia psikologia konstruktibistaren eta neokonstruktibistaren testuinguruan kokatzen da, konduktismoaren kritika eginez (haurrak ez dira estimulu zehatz batzuei erantzuna ematen dieten ikasle pasiboak, baizik eta etengabe hipotesi kognitiboak egiten ari diren eta jakinminez aritzen diren ikasle aktiboak). Piageten eta Karmiloff-Smithen teorietan oinarrituta, Emilia Ferrerirok Psikogenesiaren teoria defendatu du. Psikogenesiaren teoria honek azaltzen du haurrek nola eraikitzen dituzten beren ezagutza-sistemak mundua eta hizkuntza ulertzeko. Haurrek objektuekin esperimentatzen dute, haien propietateak ulertzen eta hipotesiak egiaztatzen edo baztertzen saiatuz. Prozesu horretan, interpretazio-sistemak edo “haur teoriak” garatzen dituzte, eta horien bidez zentzua ematen diote jasotzen duten informazioari. Interpretazio-sistema hauek baliagarriak dira bai natura ulertzeko, bai idazketa-sistemen funtzionamendua azaltzeko.

Psikogenesiaren bidez, haurren irakurketa-idazketaren garapena aztertzen da. Hizkuntza edo ortografia-eredua edozein izanik ere, haurrek antzeko erronkak izaten dituzte hizkuntzaren errepresentazio alfabetikoa ulertzeko bidean. Prozesu honetan, haurrak ekoizpen-jarduerak egiten ditu idazketaren jabekuntzan eta interpretazio-ekintzak irakurketaren jabekuntzan, eta fase desberdinak igarotzen dituzte alfabetizazioaren garapenean zehar.

Lehen mailan, haurrek marrazketaren (irudikapen ikonikoaren) eta idazketaren (irudikapen ez-ikonikoa, lineala eta arbitarioaren) arteko bereizketa egiten hasten dira. Ulertzen dute marrazkiek objektuen kanpo forma erakusten dutela, baina idazketan, aldiz, letren formek ez dutela inolako lotura zuzenik objektuekin. Horrela, ohartzen dira idazketa-sistema arbitrario eta lineala dela: letren kateek ez dute irudikapen ikonikorik, baina objektuak ordezkatzen dituzte. Honela hasten dira ulertzen idazketa ez dela marrazketa bezalakoa, eta horrek ezberdintasun funtzionala dakar bi adierazpide horien artean.

Bigarren mailan, haurrek idatzitako kateen ezaugarriak arrazoi objektiboen bidez ulertu nahi dituzte. Galdera batzuk sortzen zaizkie: zergatik idazten da batzuetan hitz gutxirekin eta beste batzuetan gehiagorekin? Zenbat letra behar dira hitz bat adierazteko? Nolako letrak izan behar dute? Ezberdinak behar al dira? Prozesu honetan bi printzipio nagusi jartzen dira jokoan: batetik, printzipio kuantitatiboa edo gutxieneko letren kopuruaren printzipioa (adibidez, letra gutxiegi baldin badaude hori "hitza" izango ote da?); bestetik, printzipio kualitatiboa (esate baterako, letra guztiak berdinak baldin badira hori "hitza" izango da? Esanahia izango ote du? Letre ezberdinak behar dira hitz bat osatzeko?). Oraindik ez dituzte letrak fonemekin lotzen, baina jakin badakite bi hitz ezberdinek grafia ezberdinak behar dituztela.

Azkenik, hirugarren mailan, haurrek idazketaren fonetizazioa garatzen dute. Fase honetan, idazketa-sistemaren eta ahozko hizkuntzaren arteko lotura sendoagoa egiten dute, eta hiru hipotesi nagusi planteatzen dituzte beren garapen prozesuan: silabikoa, silabiko-alfabetikoa eta alfabetikoa. 

Hipotesi silabikoan haurrek silaba bakoitza letra edo letra-multzo batekin lotzen dute; adibidez, "Tx" edo "i" letrek "txi" silaba ordezka dezakete, eta “tximeleta” hitza adierazteko “tx-m-l-t” edo "i-e-l-a" gisa idatz lezakete.

Hipotesi silabiko-alfabetikoan hasten dira ulertzen letra batzuk banakako soinuak adierazten dituztela eta silaba osoaz gain, fonemak ere transkribatu daitezkeela. Adibide gisa, “tximeleta” “tx-me-l-ta” gisa idatz dezakete. 

Hipotesi alfabetikoan, alegian, azken fasean, haurrek printzipio alfabetikoa menderatzen dute eta fonema bakoitza letra batekin adierazten saiatzen dira; horrela, “tximeleta” hitza “tx-i-m-e-l-e-t-a” bezala idatziko lukete. Beraz, etapa hipotesi hau formulatzen dutenean haurrek ulertzen dute fonema bakoitzeko letra bat esleitu behar dutela, hau da, printzipio alfabetikoa ulertzen dute, nahiz eta oraindik hizkuntzaren irregulartasun ortografikoak ez menperatu.

Etapa hauetan aurrera egin ahala, haurren idazketa zehatzagoa eta estandarizatuagoa bihurtzen da, eta pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen dira ortografia ofizialaren arauetara. Prozesu hau funtsezkoa da alfabetizazioaren garapenerako, eta psikogenesiaren bidez ulertzen dugu haurrek nola eskuratzen duten idazketaren eta irakurketaren funtzioa, eta nola sortzen dituzten beren interpretazio-sistemak hizkuntza ulertzeko bidean.

BIBLIOGRAFIA

Ferreiro, E. (1991). Desarrollo de la alfabetización: psicogénesis. In Yetta Goodman (arg.), Los niños construyen su lectoescritura. Un enfoque piagetiano. Buenos Aires: Aique.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT (Portfolio elektronikoa / e-Portfolio)

HIZKUNTZAREN GARAPENAREN FASEAK, MUGARRIAK, ETAPAK ETA OINARRIAK