HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZATIK UNIBERTSITATERAINO 2002. URTEKO NAFARROAN
A ETA D EREDUETATIK UNIBERTSITATERAINO
Nafarroako gizartea euskara aukeratzen ari da etengabe. Unibertsitateak ez luke errealitate honen aurrean ezikusiarena egin beharko. Nafarroako hezkuntza-sistema ez-unibertsitarioan euskaraz eskolatzen diren haurren eta gazteen matrikulazioa gora doa etengabe; aldiz, Unibertsitatean, euskarazko eskaintzari trabak jartzen zaizkionez, behera. Finean, Irakasletza ikasketaz gainera, NUPen ikasi nahi bada, ikasle euskaldunak erdaraz ikastera behartuta daude. Horixe da aldatu behar den norabide txarra. Amarrua egiten digute unibertsitatearen ateetan bertan, ongi baitakite euskarari bideak irekitzekotan, bere-bereak dituen eskubideak onartzekotan, unibertsitatea euskaldunduko dela eta, ondorioz, Nafarroa osoa euskalduntzeko bidean izango dela; eta amarrua egiten digute leku guztietan, edozein euskalduni edozein lekutan egiten diotena, guri ere egiten digute Unibertsitatean. Baina halako tapoia ez da nahikoa izango euskararen upelaren zuloa ixteko; izan ere, Nafarroako eskola, ikastola, institutu eta ikastetxe guztietan euskara hedatzen ari da etengabe eta horrek, goiz ala berandu, amarruarekin bukatuko du, eta kupelean itxita hainbat denboran egon den euskararen arimaren xanpain-botila baten kortxoa baino askoz ere indar handiagorekin aterako da.
Euskal irakaskuntza ez-unibertsitarioaren garapena Nafarroan
Nafarroako hezkuntza sistema ez-unibertsitarioan matrikulatuta daudenen kopurua urtez urte eta etengabe jaisten ari da. 1985/86 ikasturtean 116 376 ikasle matrikulatu ziren, eta 2000/01 ikasturtean, berriz, 79 684 besterik ez. Hala ere, honek ez du euskararen irakaskuntzan eragin handirik izan, euskal lerroetan matrikulatzen diren ikasleen portzentajeak (bai eta zenbaki absolutuak ere) urtez urte gora ari baitira. Aitzitik, erdal lerroaren egoera guztiz bestelakoa da, ikasturtez ikasturte matrikula maldan behera doalako.
Haur Hezkuntzaren eta Lehen Hezkuntzaren matrikulazioaren zenbakiek argi erakusten dute nafar gizartea pixkanaka-pixkanaka, baina atzerapausorik gabe, euskararen alde jokatzen ari dela. Gaztelania hutseko eredua behera doan bitartean, euskara irakasgaia duen A eredua, eta euskara hutseko D eredua gora doaz, eta oraindik ez dute goia jo. B ereduaren eremua nahiko txikia da eta oso jende gutxik aukeratzen du, egia da, ikasle euskaldunen % 0,7k besterik ez. Egia ere bada, era berean, A ereduko ikasleen kopurua beste euskal eredukoekin batera hartzea eztabaidagarria gerta daitekeela (Nafar Gobernuko estatistikek gaztelania hutseko ereduarekin lotzen baitute), baina garrantzitsua da jakitea osotara zein den euskara edo euskaraz irakasten duten ikasleen kopurua. Izan ere, seme-alabak A, B edo D ereduetan matrikulatzen dituzten gurasoak, neurri handiagoan edo txikiagoan, euskararen alde jokatzen ari baitira. A eredua aukeratzen duten gurasoak euskararen alde egiten ari direlako zalantzarik ez dago.
Joera hori garrantzi handikoa da Nafarroan, euskarofobiaren presioa jasaten ari den herrialde honetan. Egitate honek argi erakusten du euskararen aurka ari direnak oker daudela, egiten ari diren politika eginda ere, instituzio ofizialak tematsuki kontrakarrean jarrita ere, euskara gora doala, haien mezuak ez duela gure gizarte egitura kutsatu, nahiko luketen bezainbat. 2000/01 ikasturteko zenbakiek erakusten dutenez, gaur egun, Nafarroan, gurasoen erdiak baino gehiagok euskara aukeratzen dute (% 52) eta erdara hutseko irakaskuntzaren zenbakiak gainditu dira lehenengo aldiz; izan ere, aurten Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan dauden ikasleen % 25 D ereduan eskolatuak izan dira.
2. Grafikoa. Neronek egina Nafar Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Sailak eta Diario de Navarra egunkariaren urtekariak. 1993/94ko datu ofizialetan B ereduko ikasleen kopurua falta da; beraz, proiekzio bat egin da aurreko eta ondoko urteetako datuak gogoan harturik.
XX. mende bukaerako egoera Nafarroako euskal irakaskuntza Sisteman
1995/96 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) hasi zen, eta horrek, halabeharrez, Batxilerrean eragin zuzena izan zuen. Izan ere, DBH hedatzen ari zen heinean, baina Batxiler berria oraindik ezartzen ez zelarik, Batxiler Balioanitz Batu zaharraren lekua murrizten ari zen ikasleak galduz urtez urte. Galera hori eredu guztietan gertatzen ari zen, bai erdara hutsekoan, bai euskal ereduetan ere; baina, hala eta guztiz ere, portzentajeak euskal ereduen alde jokatzen ari ziren, beti gorantz, erdal irakaskuntzarenak beherantz zihoazelarik. Dena dela, D ereduko ikasleen matrikulazioa gero eta handiagoa izan den arren, azken urteetako goranzko joerak (ikus 2000/01 ikasturtea) ñabartu eta mantsotu egin dira, nolabait ere.
B eredurik ez dago batxilerrean. A ereduak goia jo duela dirudi, joan den urtean 500 ikasle izatetik, 100 baino gehiago galtzera pasa gara. Halaber, joan den ikasturtean Batxilerreko matrikulazioaren datuek hobera egin zuten, gutxi gora-behera ehun ikasle inguru irabazi baitziren. Halere, G ereduak ikasle kopuru hori baina askoz ere gehiago bereganatu zituen, azken urteotako beheranzko joera lehenengo aldiz geldiaraziz.
Euskaraz matrikulatzen diren ikasleen kopurua pixkanaka-pixkanaka baina, oro har, gora doan arren, DBHren ezarpenaz geroztik, Batxilerraren eremua (eta jakina, UBIrena) guztiz murritza gertatu da, eta, ondorioz, azken ikasturteotako matrikulazioaren zenbaki absolutuek aldaketa handirik ez dute erakusten: ikasleen kopurua 8 500 ikasle ingurukoa, eta horietatik 1 800 inguru euskaldunak.
Esanak esan, oro har, hezkuntza ez-unibertsitarioko maila guztietan euskaraz ikasi dutenen portzentajeak nabarmenki gora egin du azken urteotan. Izan ere, 1998/99 eta 1999/00 ikasturteen arteko ezberdintasuna 6 puntukoa izan zen. 1999/00 ikasturteko Selektibitatean 600 ikasle gutxiago matrikulatu baziren ere, euskararen kasuan galerarik ez zen gertatu; aitzitik, 50 ikasle gehiago matrikulatu ziren. Horrek, noski, euskaldunen kopuruaren ehunekoa nabarmen igoarazi zuen, Nafarroako hezkuntza-sisteman euskarak duen erregulartasuna eta egonkortasuna argi eta garbi erakutsiz. Unibertsitatean erabiltzen diren zenbakiak eta portzentajeak, berriz, irrigarriak edo, bost ogerleko hitz bat erabiliz, auhendagarriak dira.
3. Grafikoa. Neronek egina 1. eta 2. grafikoen datuak kontuan harturik. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan euskaraz ikasten duten haurren portzentajea: % 52 / Batxilerrean: % 21 / Hautaprobetan: % 20 / Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasten ari direnak: % 2,7
Nafar Gobernua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoretza taldea
Nafar Gobernuak euskarak Unibertsitatean izan behar duen lekua zehaztu arte, NUPeko errektoretza-taldeak ez du beste hizkuntza plangintzarik egiteko asmorik. Unibertsitatearen autonomiaren beldur dira, eta Nafarroako legea aipatzen dute behin eta berriz deus ere ez egiteko, alegia, karrera berriak euskaraz ez jartzeko. Daudenak Zaragozako Unibertsitateak bere garaian ezarri eta urte batez Nafarroako Unibertsitate Publikoak debekatu zuen Irakasletza Ikasketak dira, eta ez dago besterik. Legeak, ordea, ez du unibertsitateari buruz deus ere esaten. Ez dio debekurik ezartzen euskararen irakaskuntzari. Unibertsitatearen lege berriak, agian, bai; eta horren zain daude. Bitartean, NUPen euskarari etengabe ari zaizkio trabak jartzen, eta oztopoak bata bestearen atzetik datoz.
2000/01 ikasturtearen bukaeran NUPeko errektoretza taldeak euskararen irakaskuntzaren aurka hartutako erabakien eta Nafar Gobernuko Hizkuntza Politikako Zuzendariak egunkari, telebista eta irratietan euskararen aurka egindako adierazpen erasokorren aurrean (Irakasletza ikasketen bi euskal lerroetatik bat kendu nahi zutela iradoki zuen), protesta ugariak (jendetsuak, lasaiak eta baketsuak) izan ziren, bai NUPen, bai eta NUPetik kanpo ere.
Duela hamar urte gertatu bezala, ikasle, irakasle eta langileen itxialdiak antolatu dira Unibertsitateko gelategian. Oraingoan, aurreko hartan bezala, 150 lagun inguru bildu dira, baina orduko hartan ez bezala, errektoreak polizia deitu du, eta unibertsitateko esparrua bortxatuz ikasgelategian sartu dira, itxialdian zeuden 77 ikasle, irakasle eta langile atxilotu, komisaldegira eraman, fitxatu eta bertako ziegetan sartu dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararentzat leku duin bat eskatzeagatik.
Juan Karlos LOPEZ-MUGARTZA IRIARTE
Euskal
Filologia
Arloa
Nafarroako
Unibertsitate Publikoa
Iruzkinak