EUSKAL UNIBERTSITATEA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN (2004)
Gaztelania eta euskara dira Nafarroako bere egiten dituen hizkuntzak eta, beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide guztiek dute biak jakin eta erabiltzeko eskubidea, hurrengo artikuluan esaten den moduan. NUPeko Estatutuen laugarren tituluaren 6. artikulua
1994-95eko
ikasturtean 1.408 ikasle euskaldun matrikulatu ziren eta euskaraz ikasteko
nahia adierazi zuten. 2002-03ko ikasturtean, berriz, 2.206 ikasle baino gehiago
euskaldunak ziren eta batxilerrean euskaraz eskolatuak zeuden. Bederatzi
ikasturtetan 800 ikasle euskaldun gehiago. Progresio hau hautaprobaren datuekin
berresten da: 1994-95eko ikasturtean euskaraz egin zutenen portzentajea % 10,2koa
zen; 2002-03ko ikasturtean, berriz, % 22,99koa zen.
Duela lau urte
NUPeko Hizkuntz Normalizaziorako Batzordeak argitaratu zituen datuen arabera,
ikasleen % 18,87euskaldunak ziren (iaz, portzentaje hori % 29 izatera ailegatu
zen). Batzorde haren datuok erakutsi bezala, zazpi titulaziotan ikasle
euskaldunen kopurua % 20tik gorakoa zen, eta gainerakoetan % 15 ingurukoa. Inkestaren
arabera, ikasleriaren % 24euskaraz zerbait ikasteko prest zegoen (2.540
ikasle).
Ikerketak egin
zirenean, euskararen aurkako joerak zeudenentz aztertu nahi zuten, baina hori
inoiz gertatu ez zenez, etsita, ikerketak egiteari (eta emaitzak plazaratzeari)
utzi zioten. Alta, unibertsitateak izan ditu nonbait gordeak IKEI ikerketa-erakundeari
bere garaian eskatutako txostenaren emaitzak. Orduan egin zen
proiekzio-ikerketa hartan zenbait datu guztiz esanguratsuak izan ziren, alegia,
NUPeko ikasle euskaldunen kopurua sei urtetan laukoiztu egingo litzatekeela,
unibertsitatean matrikulatuta zeuden ikasleen jarrera guztiz euskararen aldekoa
zela eta, finean, Nafarroako gizartea, oro har, euskara unibertsitatean
zabaltzearen alde zegoela.
Hala eta guztiz
ere, euskarazko taldeak osatzeko errektoretza taldeak izugarrizko oztopoak
jarri ohi ditu eta erdal talde bat osatzeko eskatzen den ikasle-kopuru berbera exijitzen
dute, euskal ikasleen portzentajea erdaldunenaren laurdena dela kontuan hartu
gabe. Horrekin batera, beste zentzugabeko tope bat dago, hain zuzen, karrera
bakoitzean, gehienez 18 kreditu eman daitezke (hiru ikasgai, gutxi gorabehera).
Euskaraz ikasi nahiez gero, ikasleak Irakasletza Diplomaturan matrikulatuta
egon behar du, hori baita euskaraz ematen den titulazio bakarra, eta beti ere
zenbait mugarekin, lau berezitasunetatik bitan bakarrik euskaraz ikas
daitekeelako. Unibertsitatean irakasgai gutxi ematen dira euskaraz. Oso gutxi.
Erdaraz, osotara, 1.300 irakasgai ematen dira.
Hizkuntz-Politika
Planik ez izateak edo idazten denean hura ez onartzeak, abusuzko kopuruak eskatzea,
eskaintza kopuru murrizketak, euskal ikasketak beti kolokan egoteak edo,
bestela esanda, euskarari etengabeki trabak jartzen aritzeak ikasle euskaldun
gehienak erdaraz ikastera behartzen ditu. Hori dela eta, Nafarroako ikasle
euskaldun askok eta askok EAEko unibertsitateetara jotzen dute euskaraz ikasten
jarraitu ahal izateko (1.000 ikasle baino gehiago 2000ko apirilaren 12ko Diario de Noticias egunkariaren
arabera). NUPen dagoen ikasle euskaldunen % 25 horri kanpora joaten diren
ikasleen ehunekoa gaineratu beharko litzaioke Nafarroako unibertsitate-ikasle
euskaldunak zenbat diren ezagutzeko. Kanpora joateko beharra dutenei eta NUPen
erdara ikastera beharturik dauden ikasle euskaldunei egiten ari zaien iruzurra
lotsatzekoa da. 2.200 ikasle euskaldun egon arren, euskaraz ikasteko eskubidea
dutenak % 3ra baizik ez dira iristen.
Ikasturte hauetan
gertatu diren itxialdiak eta protestak 2001eko gertakarien ondorio zuzena dira.
2001ean, Nafar Gobernuak euskararen aurka sinaturiko foru-dekretuaren soka
estuaren menpe hasi zen unibertsitatea.
Gauzak honela, egun
batetik bestera, Gobernuak Nafarroako ikastetxeetan hizkuntza arrotzak bultzatu
behar zituela erabaki zuen, eta horretarako Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiak
ikerketa bati ekin zion frantsesaren, ingelesaren, eta alemanaren egoera
soziolinguistikoa zein zen aztertzeko. Ikerketa egiteko, euskara normalizatzeko
eta bultzatzeko ziren 80.000 euro xahutu ziren. Kasualitate hutsa izan liteke,
baina, euskara deuseztatu duten bezala, ingelesa inposatu dute NUPeko ikasketa-plan
guztietan.
Baina egonarriaren
urak gainezkatu zituen tanta maiatzeko euriteekin batera iritsi zen. Hilabete
hartan Nafar Gobernuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara hautaketa
libreko ikasgaietara mugatu nahi zuela jakin genuen. Hizkuntz Politikarako
Zuzendari Nagusia euskararen kontra gogor aritu zen Nafarroako egunkari bati
emandako elkarrizketa batean. Hori gutxi balitz, Magisteritzan euskaraz ematen
diren bi espezialitate bakanetatik bat ezabatu nahi zutela esan zuen; hots,
unibertsitateak euskaraz soilik % 0,9 kreditu eskainiko zuela eta karrera bakar
bat. NUPeko Gobernu Batzordeak, ezohiko zalutasunez, Lehen Hezkuntzarako Irakasletza
Diplomatura kentzea erabaki zuen, Nafarroako Gobernuaren baimen ofizialaren
zain geratzen zelarik. Nafar Gobernuak unibertsitateko autonomian eskua sartu
bazuen ere, errektoretzak oinarrizko eskubideen zapalketa hura ontzat hartu
zuen.
2001eko ekainaren
6an NUPeko ikasle, irakasle, eta langileek itxialdi bati ekin zioten euskarak
unibertsitatean zuen trataera salatzeko. 77 lagun atxilotuak izan ziren eta
poliziaren kasernara eramanak, euskararentzat toki duina eskatzeagatik. Gauza
bera gertatu zen 2002ko ikastur tearen hasieran, eta gauza bera ere kurtso
bukaeran, NUPeko euskal komunitatea euskararen aldeko kanpaldi eta itxialdi
baketsu bat egiten ari zelarik, ikasleak kolpatuak izan ziren, eta irakasleak
zaurituak. Berriz ere, atxiloketak eta fitxak ireki ziren.
Gauzak honela izanda, joan den maiatzean NUPeko estatutu berriak onartu ziren LOUren ezaugarrietara egokitzeko. Nahiz eta LOUn ezer ez esan hizkuntzari buruz, euskararen kapitulua ere aldatu zen. Orain ez da aparteko titulua, irakaskuntzen tituluaren barruan baitago. Tituluaren izpiritua aldatu da pixka bat. Orain ez da hitz egiten euskararen normalizazioari buruz, planifikazioari buruz baizik. Horrekin batera, euskararen ikasketak ezartzearena eskariaren azterketaren menpe dago. Planifikazio horren proposamena egiteko, zein hizkuntza politikaren jarraipenerako, Hizkuntza Planifikazio batzorde bat sortu behar da. Une horretan gaude. Jadanik ezagutzen dugu batzordearen osaera; izenak jakitea soilik falta da. Beti bezala, batzorde honen proposamenak Gobernu Kontseiluan onartu behar dira. Hori izan da orain arte oztoporik handiena edozein plan aurrera eramateko. Espero eta exijitu behar da plan bat aurrera eramatea geldialdi horretatik ateratzeko. Gaurko ikasleek merezi dute, eta oraindik ume direnei, baina etorkizunean gure ikasleak izanen diren ikasle euskaldun horiei ere zor diegu.
EIRE
Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteko Koordinatzaile Nagusia
Iruzkinak