Euskal Unibertsitatea Nafarroako Irakasleen Unibertsitate-Eskolan (Lopez-Mugartza, 2002)

 Juan Karlos Lopez-Mugartza 


Nafarroan unibertsitate publiko, euskaldun eta laiko bat sortzeko ahaleginak oso aspaldikoak dira (Universidad Vasco-Navarra sortzeko egitamua 1866koa da eta Universidad Vasca-rena 1918koa); baina 1936ko gerrak ahalegin horiek guztiak hondatu zituen eta garaileak aurrekoen lanaz baliatu ziren beste unibertsitate mota arrunt ezberdina bultzatzeko. Karlistak, alde batetik, eta Juntas de Acción Católica taldea bestetik, kultura katolikoa hedatuko zuen unibertsitate baten oinarriak finkatzen hasi ziren. Orduko agintari kulturalen goiburua Pro Ecclesia, Patria, Societate izanik, unibertsitate publiko eta laiko bat lortzeko ametsa guztiz desegin zen; izan ere, diktadura bukatu arte ezin izan zitzaion eztabaida horri jarraipen garbirik eman.

Demokraziaren etorrerarekin, Euskal Unibertsitatea eraikitzeko beharraz eztabaidatzen da berriro. Foru Parlamentuan, ordea, sozialistek defendatu zuten Nafarroak bere unibertsitatea behar zuela. Gehiengo absolutua lortu ondoren, unibertsitate berria sortzeko beharrezko legeak eta tresna politikoak sortu zituzten. Talde kontserbadoreenek ez zuten begi onez ikusi unibertsitate berriaren sorrera, Nafarroan beste unibertsitate bat bazegoela eta kaltegarria gerta zekiokeela ulertzen baitzuten; baina, azkenean, Nafarroarako bakarrik izanen zen unibertsitate publiko baten sorrera nagusitu zen, eta oraindik euskal unibertsitate baten aldeko ekimenen bat egon bazen ere, azkenean, euskal barruti bakarraren ametsa zapuztu zen. Hala, prozesuaren bukaeran, 1987an, Nafarroako Foru Parlamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sorrera aldarrikatu zuen.

Hala ere, Euskal Unibertsitatearen ernamuina askoz lehenagotik zegoen ereinda Nafarroan; izan ere, Zaragozako Unibertsitateko Nafarroako Irakasle Eskolan eztabaida horiek sortu baino lehenagotik irakasten zen euskara; izan ere, 1976an, diktaduraren amaierarekin batera, Nafarroako Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko Unibertsitate Eskolako klaustroak aho batez erabaki zuen euskara unibertsitatean sartzea. Hasiera batean euskara curriculum-irakasgai gisa irakasten hasi zen Eskolako maila guztietan. Ildo beretik eta ikastetxe horretako klaustroaren nahiaren ondorioz, Zaragozako Unibertsitateak Euskara Katedra bat sortu eta bultzatu zuen, Eskolako ikasle guztiek euskara ikasteko aukera izan zezaten. 1986an, euskararen aldeko giro horretan murgilduta, José Ramón Pascual buru zuen Unibertsitate Eskola hartako zuzendaritzak Haur Hezkuntzako espezialitatean euskal ildo bat irekitzea lortu zuen Zaragozako Unibertsitateko Nafarroako ikastetxe horretan.

Nafarroako Gobernuak euskal lerro berria onartu zuen eta Euskaltzaindiaren onespenarekin hitzarmen bat sinatu zuen Zaragozako Unibertsitatearekin gure Eskolatik diplomatutako ikasle guztiek Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa hurrengo ikasturtean sortu zen (1987/88), eta urte horretan bertan, Nafarroako Irakasle Eskolako irakasleek Zaragozako Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin harremanetan jartzeko eskatu zioten, baita sail komunak eraikitzeko beharra ere. Euskarari dagokionez, unibertsitate jaioberriari eskatu zitzaion Euskal Kulturaren Unibertsitate Institutua sortzeko eta euskara elebitasunean sartzeko. 1988/89 ikasturtean Zaragozako Unibertsitatearen lehen euskal promozioa atera zen. Sinatutako tituluetan berariaz aipatu zen karrera eta irakasgai guztiak euskaraz eginak zirela. Zaragozako Unibertsitateak ikasketa horiei babes legal osoa eman zien eta ofizialki defendatu zituen.

Hauxe izan zen egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan dagoen Irakasletzako Euskal Lerroaren sorrera.


LOPEZ-MUGARTZA, J. K. (2002). Euskal Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ln Euskal Unibertsitatea 2021: egiten ari garen euskarazko unibertsitatea. EIRE & UE

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT (Portfolio elektronikoa / e-Portfolio)

IRULEGIKO ESKUA - MANO DE IRULEGI - MAIN D'IRULEGI - HAND OF IRULEGI

PSIKOGENESIA