ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT (Portfolio elektronikoa / e-Portfolio)



e-Portfolioa

Portfolioa hitza entzuten da maiz irakasle askoren ahotan, baina zenbaitetan ez dakigu zehatz-mehatz zer den eta haiek zeri deitzen dioten Portfolioa, zer nahi duten guk ikasleok egitea, eta zenbaitetan iduri luke ez dakitela benetan zer eskatzen ari diren. Izan ere, "Portfolio" hitzaz ulertzen duguna argi eta garbi azaldu beharra dago, ikasleek edo, oro har, Portfolio baten egileek nondik nora jo behar duten jakin dezaten.

Portfolioa, ongi egina baldin badago, autoebaluaziorako tresna didaktiko indartsua da, ikasgai batean edo ikaskuntza prozesu jakin batean izan dugun eboluzioa erakusteaz gainera, ikasketa horren inguruan gogoeta egiteko aukera ematen digu, garatu ditugun gaitasunen inguruan iritzi kritikoa emanez.

Gainera, Portfolioa denbora jakin batean landu ditugun ikasketa guztien bilduma izan daiteke: ikasgai batena, seihileko bateko ikasgai guztiena, maila jakin batekoa edo, nahi izanez gero, Gradu osokoa. Horregatik, hain garrantzitsua da Portfolioa ongi eta era ordenatuan egitea, etorkizunerako baliagarria gerta dakigun.

1. Hizkuntzen Portfolio Europarra

 Hizkuntzen Portfolio Europarra da Portfoliorik ezagunena eta, nolabait, berari zor diogu "Portfolio" izena (http://sepie.es/doc/portfolio/lehenhezkuntzakogida.pdf). Portfolio hori hiru ataletan banatuta dago:

1. Pasaportea (Gaitasunak)

2. Biografia (Nola bizi izan dugun ikaste prozesua)

3. Txostena (edo Dosierra: ariketak eta ezagutzak)

2. Atal bakoitzean zer garatzen da?

1. Pasaportean: Kurtsoan zehar edo denbora jakin batean, irakaslearen, ikaskideen edota nire ikasketa autonomoaren bidez edota klaseko ariketen bidez lortu, garatu eta akreditatu ditudan gaitasunak.

2. Biografian: Kurtsoan zehar, irakaslearen, ikaskideen edota nire ikasketa autonomoaren bidez edota klaseko ariketen bidez lortu, garatu edota akreditatu diren gaitasunak erdiesteko bizi dudan esperientzia eta aktibatu behar izan ditudan estrategien kontakizuna eta horren gaineko gogoeta sakona.

3. Txostenean edo Dosierrean: 1. Gaitasunak lortzeko egin ditudan ariketa eta agiri guztiak era ordenatuan aurkeztuak eta sailkatuak. 2. Gaitasunak lortzeko klasean irakaslearengandik eta ikaskideengatik jasotako ezagutzak.

3. Portfolio on baten antolaketa

Azpiatalen ordena aldatu daiteke Portfolioaren egilearen nahierara. Lehenengo ataletik hasi, bigarrenetik edo hirugarrenetik Portfolioaren jabearen esku dago.

Ildo beretik, bere erantzukizuna ere bada erabakitzea nola egituratuko duen Portfolioa:

1. Edo ariketa guztiak batera Txosten bakarrean eta, era berean, gogoeta orokorra eta globala Biografia atal bakar batean, eta lortutako gaitasun guztiak errubrika batean bilduak Pasaporte atal bakarra osatuz.

2. Edo ariketaz ariketa (Txostena) iruzkintzen joatea (Biografia), zer nolako gaitasunak erdietsi diren agerian utziz (Pasaportea).

         Esate baterako:

1. Txostena: Kurtsoan zehar egindako ariketak edota ezagutzak batu behar dira atal honetan.

2. Biografia: Atal honetan Txostenean bildutako ariketa horiek egiten zer nolako bizipenak izan ditudan azalduko dut. Ariketa horiekin lortu ditudan gaitasunak eskuratzeko egin behar izan ditudan ahaleginak eta izan dudan ibilbidea azalduko dut. Ariketak nolakoak iruditu zaizkit: egiteko errazak, zailak, konplexuak, sinpleak? Gauza izango nintzateke horiek bezalako beste batzuk ebazteko? Ariketa hauek egiteko unean gabeziaren baten bat izan nezakeela sentitu ote dut? Zeintzuk izan dira nire indarguneak eta nire ahulguneak ariketak egiteko unean? Ikaskideei edo irakasleari laguntza eskatu ote diet? Zenbat denbora behar izan dut egiteko? Noiz egin ditut? Azken unean egiten ote ditut nik beti ariketak edo ahalik eta lasterren egitea gustuko dut?

3. Pasaportea: Zer nolako gaitasunak landu, lortu edo garatu ditut ariketa horien bitartez? Gure ikasgaiaren Ikasgelategi Birtualean argitaratu den Irakaskuntza Gidan aipatzen diren Gaitasun Orokorrak eta Gaitasun Berariazkoak kontsultatu. Zeintzuk dira aurten erdietsi ditudan gaitasunak? Zeintzuk falta zaizkit lantzeko? Zenbat landu ditut klasean, zenbat etxean? Nola egingo dut aurten landu ez ditudanak lortu edo garatzeko? 

4. Zer da Portfolio Elektroniko bat?

Orain arte, Portfolioaz aritu gara, baina orain hori zer den dakigularik, pixka bat haratago joan gaitezke eta XXI. mendeak eskeintzen dizkigun IKT-en baliabide teknikoak baliatzen ahal ditugu.
 
Ohiko portafolioa eskuko kartera edo karpeta bat izan ohi da non gure paperak eta agiriak gorde ditugun. Gure kasuan, eskolako lanak bilduko ditugu portafolioan, lan guztiak eskura izateko eta gure ikasketa prozesuari buruz gogoeta pertsonalak egin ahal izateko.

Urrats bat aurrera eman dezakegu eta gure portafolio hori kartoizko karpeta batean gorde beharrean, euskarri informatiko batean bil dezakegu, IKT-ak ematen dizkiguten baliabideak baliatuz. Kurtsoan zehar egindako lan guztiak bilduko ditugu portafolio honetan eta bertan irakaslearengandik, ikaskideengandik edota gure ikasketaren autonomarengatik ikasitako ezagutza guztiak batuko ditugu. Honela, ikasitako ezagutza horien eta egindako ariketa horien inguruan gogoeta egin ahalko dugu eta, orobat, ezagutza eta ariketa horiei esker lortutako gaitasunen inguruan.

Honela bada, euskarri informatikoak erabiliz egiten den portafolioari e-Portfolioa deitzen diogu portafolio hori elektronikoa edo digitala dela adierazteko. Konbentzioz ingelesez aipatzen da "portfolio", hauxe baita nazioartean erabiltzen den modua (http://sepie.es/iniciativas/portfolio/electronico.html), baina euskaraz ere esan daiteke berdin-berdin "portafolioa" inongo arazorik gabe. Zuk aukeratu zure modua, gehien gustatzen zaizuna.
 
Portfolio Elektroniko batean, IKT-ek eskeintzen dizkiguten baliabide guztiak erabil ditzakegu: Word programaz gainera, Excel orriak, irudiak, PDF agiriak, Webguneak, Wikipediako sarrerak, bideo-jokuak, Youtubeko nahiz guk sortutako bideoak eta nahi beste baliabide teknologiko erabil daitezke gure e-Portfolio eratzeko unean.

Dinamikoa da guztiz: irakaslearekin eta beste ikaskide batzuekin parteka dezakegu, material berriak edozein unetan erants ditzakegu, eta zaharkituak gelditu zaizkigun sarrerak ezabatu edo gaurkotu ere bai.

e-Portfolioan kurtsoan zehar erabilitako idatzizko, ahozko nahiz ikusentzunezko agiri guztiak bil daitezke bertan, blog moduko batean, GoogleSites-en, Drive-an edo Webgune batean. Honela, beti eskura izanen ditugu era ordenatuan, edozein unetan, edozein mailatan erabilitako materiala eta landutako ezagutzak (3. Txostena), horien inguruan egindako gogoeta (2. Biografia) eta ariketa eta ezagutza horien lanketari esker lortutako gaitasunen errubrika (1. Pasaportea).

5. Prest al zaude zure e-Portfolioari ekiteko?

Hemen eman diren jarraibideak betetzen badituzu, e-Portfolio on bat egiteko moduan egongo zara. Kurtsoan zehar egindako lanaren inguruan eta lan horiek eginez lortu dituzun gaitasunen inguruan gogoeta egiten baduzu, autoebaluazio on bat egingo duzu. Ez izan zalantzarik. Trebatzen zaren heinean, gero eta errazagoa suertatuko zaizu eratzea, antolatzea eta gogoeta egitea. Eta honela jokatuz gero, Portfolio on bat egitearen onurak jasoko dituzu. Portfolio hori Interneten jarriz gero, edozein lekutan, edozein unetan eskura izango duzu, eta nahi duzularik zure irakaslearekin, oraingo ikaskideekin eta etorkizuneko ikasleekin ere partekatu ahalko duzu. Portfolio on bat egin, ez zara damutuko.


Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte
Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Komunikazio Trebetasunak eta IKT



ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT - CC by-nc-sa 4.0 - Juan Karlos LOPEZ-MUGARTZA

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

PSIKOGENESIA

IRULEGIKO ESKUA - MANO DE IRULEGI - MAIN D'IRULEGI - HAND OF IRULEGI