Jean Piaget, suitzar herritarra, 1896an jaio eta
1980an hil zen. Bere ikerketetan, Piagetek garapen-aldi edo -fase desberdinak
identifikatu zituen, eta asimilazioa eta egokitzapena nabarmendu zituen bere
teorian. Lau fase epistemologikoko sekuentzia bat definitu zuen, normalean fase
kognitibo gisa ezagutzen direnak:
1. Fase sentsoriomotorra.
2. Eragiketa aurreko fasea.
3. Eragiketa zehatzen fasea.
4. Eragiketa formalen fasea.
Lev S. Vigotsky. Bielorrusiarra.
Nabarmen lagundu zuen haurren garapenaren arloan. "Hurbileko Garapen
Arloari" buruzko teoria haur batek heldu baten laguntzarekin dagoeneko
dituen eta ikas ditzakeen trebetasunei buruzkoa da. Kontzeptu honek bi maila
ditu: egungo garapen-maila, haurrak modu independentean lan egiten duenean, eta
garapen potentzialaren maila, haurrak heldu baten orientazioa edo laguntza
jasotzen duenean. Bi maila horien arteko aldeari "Hurbileko Garapen
Zona" esaten zaio. Heldu batek edo ikaskide batek haurraren eta
zereginaren arteko bitartekari gisa jarduten duenean, "aldamioa"
esaten zaio. Jerome Brunerrek ere sakon aztertu zuen kontzeptu hori. Vigotskyk
hizkuntzaren garapenaren eta pentsamenduaren arteko harremana ere aztertu zuen
"Pentsamendua eta Hizkuntza" lanean, eta ahozko hizkuntzaren
garapenaren eta kontzeptu mentalen eskurapenaren arteko lotura nabarmendu zuen.
Horrek esan nahi du hasieran gizabanakoarenak ez ziren baina kolektibitatean
integratzen diren kultura-tresnak barneratu behar direla.
Jerome Bruner, 1915ean New
Yorken jaiotako psikolinguista estatubatuarra, oso garrantzitsua izan zen
psikologia kognitiboaren sustapenean. Bere ekarpenen artean, Aurkikuntzaren
Ikaskuntzaren teoria kognitiboa (ingelesez, Discovery Learning)
nabarmentzen da, The Process of Education (1960) liburuan aurkeztu eta Toward a Theory of Instruction (1966) liburuan garatu
zuena. Ikasleak era aktiboan ikasten du, ez da subjektu pasiboa, ekintza
pedagogikoaren protagonista baizik; ez dakienari buruz galderak egiten ditu eta
hipotesiak formulatzen ditu: informazioa buruz ikasi beharrean, dakiena
egituratzen du eta beste kontzeptu batzuekin loturak sortzen ditu; akatsak
egiten direnean, akats horietatik ikasten da, berriro ez egiteko; ikaslea
galdurik sentitzen denean, beti izaten du irakaslea ondoan, "aldamio
pedagogikoa" deitu ohi zaion lana eginez; ikaslearen motibazioa areagotzen
da honela, jakin-mina piztuz.
Burrhus Frederic Skinner, 1904an jaioa.
Psikolinguista estatubatuar honek psikologia konduktistaren esparruan bere
eragina utzi zuen.
Noam Chomsky, 1928ko
abenduaren 8an Estatu Batuetan jaioa, bere eragin handiko hizkuntzalaritzagatik
da ezaguna. Hizkuntzaren bere teoria innatistaren arabera, hizkuntzarako
gaitasuna jaiotzetikoa da gizakiongan. Chomskyk "hizkuntzaren organo"
baten eta gramatika unibertsal baten existentzia proposatzen du. Giza
zientzietan egindako ekarpenek XX. mendeko zientzialaririk nabarmenetako bat
bihurtzen dute.
William Labov, 1927ko
abenduaren 4an New Jerseyn jaioa, soziolinguistika kuantitatiboaren aitzindaria
da. Bere lana ingeles afroamerikarrean zentratzen da eta nola pertsonek beren
bizitzak egituratzen dituzten narratiben bidez.
Basil Bernstein Londresen
jaio zen 1924ko azaroaren 1ean eta 2000ko irailaren 24an hil zen. Hezkuntzaren
soziologian nabarmendu zen eta hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremana
aztertu zuen, batez ere kodeen eta portaera moduen testuinguruan.
Joshua Fishman, 1926ko
uztailaren 18an jaiotako estatubatuar judua, hizkuntzaren soziologian,
hizkuntza plangintzan, hezkuntza elebidunean eta etnologian aditua da.
William Francis Mackey (Montreal,
Quebec, 1918-2014), Soziolinguista ospetsua, elebitasunean eta
hizkuntza-politikan aditua. Hizkuntza sistema konplexua duten gizarteak aztertu
zituen, hizkuntza anitzak dituztenak, beren hizkuntzen artean gatazkak izan
ditzaketen gizarteak, elkarbizitza zaila dutenak, haien artean lehiaketa izan
dezaketenak. Kanadako egoera gizarte mota horren erakusgarri izan daiteke; izan
ere, egile honek Quebec aldean frantsesaren eta ingelesaren arteko tentsioak
aztertu zituen. Ekolinguistikaren alorrean aritu zen, gizarte baten eta
bere kulturaren eta ingurunearen arteko harremana aztertuz. Berez,
"ecolinguistics" dermio akademikoa erabili da Einar Haugen (The
Ecology of Language, 1972) edo Peter Mühlhäusler-en (Linguistic
Ecology: Language Change and Linguistic Imperialism in the Pacific Region,
1996) teoriak izendatzeko, baina egia esan, "ekolinguistika"
kontzeptua gehien bat bi autore horiei dagokien arren, William Francis
Mackey soziolinguista izan da Haugenen teoriak sakondu dituena (The
Ecology of Language, 1980), eta gure artean gehien zabaldu dituena Miquel
Siguán soziolinguista katalandarrarekin egin dituen lanengatik (Educación
y Bilingüismo, 1986). Bestalde, adi egon behar dugu William F. Mackey
soziolinguista ia izen bereko beste egile batekin ez nahasteko. William
Joseph Mackey izenekoaz ari gara (Charlottetown, Prince
Edward Island, 1915-1995). Pertsonaia ospetsu hau ere Kanadan jaio zen,
baina Bhutanen bizi izan zen hil arte. Apaiz jesuita (josulagundikoa),
misiolaria, irakaslea eta hizkuntzalaria izan zen. Bhutango hizkuntza politikan
eragin handia izan zuen, ingelesa eta dzongkha (bertako hizkuntza) eskolan eta
gizartean uztartzen lagundu baitzuen, Bhutanen egin zituen hezkuntza eta
hizkuntza proiektuen bidez. Kointzidentziak benetan ezohikoak dira: bi
Mackey-tar hauek hizkuntza eta hezkuntza landu zituzten (motibazio eta
testuinguru ezberdinetan, bata Soziolinguistikaren arloan, bestea Elizarenean),
biak kanadarrak (baina lurralde ezberdinetan jaioak), garaikideak izan ziren
(baina bata Europan eta Estatu Batuetan bizi izan zen, eta bestea Bhutanen),
biek ia izen bera zuten, hainbeste kointzidentziarekin normala da biak nahastea
iturri ez-akademiko batzuetan, eta horregatik, hain zuzen ere, komeni da adi
egotea biak ez nahasteko.
Dell Hymes, hizkuntzalari
eta antropologo estatubatuar ospetsua, 1927ko ekainaren 7an jaio zen Oregonen
(AEB) eta 2009ko azaroaren 13an hil zen. Soziolinguistikaren eta hizketaren
etnografiaren inguruan egin zuen lan. Hymesek
"komunikazio-konpetentzia" kontzeptua garatu zuen, eta horrek
Chomskyren hizkuntza-gaitasunari buruzko ikuspegia zabaldu zuen,
komunikazioaren alderdi sozialak eta kulturalak barne hartzen baitzituen.
Hizkuntzalari honek "hizketa" terminoa ere sortu zuen, komunikazioa
testuinguru errealetan aztertzeko unitateak aipatzeko, hizkuntza bere
testuinguru sozial eta kulturalean aztertzearen garrantzia azpimarratuz.
Gainera, Hymesek hitz egiteko gaitasunaren, pertsonen arteko harremanen eta
mundua ulertzeko moduaren arteko harremana bilatu zuen, hitz egiteko eta
pentsatzeko moduak lotura estua duela nabarmenduz. Hizkuntzalaritzan eta
antropologian egindako lanak eta ekarpenek eragin handia dute komunikazioaren
eta hizkuntzaren azterketan, bereziki kultura- eta gizarte-testuinguruetan.
Jean-Paul Bronckart (1946-)
Hizkuntzen Didaktikako irakasle nabarmena izan zen Genevako Unibertsitatean
(Suitza). Humanitateen eta gizarte-zientzien epistemologian ikerketak egin
zituen, hizkuntzaren analisian, hizkuntzaren eskuratze-prozesuetan eta
hizkuntzen ikasketa didaktikoetan zentratuz. 1985ean argitaratutako
"Activité langagière, textes et discours" bere lanik nabarmenenak
hizkuntza-jardueraren eta testu eta diskurtsoen gaia jorratzen du. Guztira, 500
argitalpen zientifiko baino gehiago idatzi zituen Bronckartek, eta bere eragina
EHUk bere lan bat euskaratzera ere hedatu zen.
Azalpen behaviorista
Egilerik garrantzitsuena: Skinner
Behaviorismoaren sortzailea John
Broadus Watson psikologoa izan zen. Lan ospetsuak: Behavior: An
Introduction to Comparative Psychology (1914, "Jokabidea:
psikologia konparatiboaren hastapenak"). Psychology from the
Standpoint of a Behaviorist (1919, "Psikologia, behaviorismoaren
ikuspuntutik"). Behaviorism (1926,
"Behaviorismoa").
Azalpen innatista
Egilerik garrantzitsuena: Chomsky
Zer da LAD? Noam Chomsky (1957)
linguistak proposatu zuen, gizakiak biologikoki prest daudela hizkuntza
ikasteko garai eta bide zehatz batean eta haurrak (Language Acquistion Device
(LAD))- rekin mundura datozela.
Zer ote da Gramatika Unibertsala?
Gramatikari sortzaileek diotenez (Chomsky da teoria horren bultzatzaile
nagusia) hizkuntzetako gramatika guztiek eredu bera dute (Gramatika
unibertsala) eta eredu hori formalizatzea da hizkuntzalarien lana. Gramatika
unibertsala herentziaz hartzen da.
Zer da Konputazionalismoa?
Teoria konputazionalista: 80ko
hamarkadako teoria honek adimena neuronen konexioen konfigurazioarekin
parekatzen du, eta eremu pragmatikoan kokatzen da, komunikazioan hitzei ez
ezik, tonuari eta jarrerari erreparatzen diogula aitortuz (Brunerren Perfink:
'perceive, feel, think').
Zer da Konstruktibismoa?
Egilerik garrantzitsuena: Piaget
Konstruktibismoa: adimena gizakia
inguruneari egokitzeko mekanismoa dela proposatzen du, esperientziak egituratuz
eta eskemak antolatuz eraikitzen dena, zerotik hasita (tabula rasa).
Ingurunearekin dugun elkarrekintzaren ondorioz eskemak etengabe birmoldatuz
doaz. Hizkuntza garapen kognitiboaren azpiproduktu litzateke.
Karmiloff-Smithen eredu
neokonstruktibistak zer dio?
Karmiloff-Smith-en
neokonstruktibismoaren teoria: adimenaren oinarrizko ezaugarria berari buruz
pentsatzeko gai izatea da, bere burua birpentsatu edo berrirudikatzen du
etengabe.
Honen adibide da hizkuntzaren
birdeskribapenean ematen den U formako prozesua, haurra roto – rompido –roto
esatera eramango duena bi eta sei urte bitartean (hasieran kontzientzia
metalinguistikorik izan gabe hartuko du ingurunetik forma, gero aditz erregularrak
ezagutzean hipotesi bat eraiki eta forma akasduna sortuko du eta, azkenik,
ingurunearekin elkarrekintzan berriro ere forma zuzenera iritsiko da, baina
kasu honetan kontzienteki).
Teoria sozio-kulturala
Vigotskiren teoria sozio-kulturala:
hizkuntza komunikaziorako tresna kulturala da, gizarte-esperientziaren emaitza,
eta ez garapenaren ondorio zuzena. Haurrak helduaren laguntza aktiboaren
beharra du hizkuntza bereganatzeko, eta laguntza hori garapen hurbileko eremuan
ematen da.
BIBLIOGRAFIA
Lopez-Mugartza, Juan Karlos (1986). Hizkuntzaren
Didaktika. Dozentzi proietu argitaragabea. Iruñeko OHOko
Magisteritza Eskola. Zaragozako Unibertsitatea.
Ruiz Bikandi, Uri [arg.] (2010). Bigarren Hizkuntzaren
Didaktika Haur eta Lehen Hezkuntzan. Euskal Herriko Unibertsitatea.
Testu eguneratua, 2025
WEBGRAFIA
https://eu.wikipedia.org/wiki/Eztabaida:Jean_Piaget
https://eu.wikipedia.org/wiki/John_Broadus_Watson
https://eu.wikipedia.org/wiki/Lev_Vigotski
https://en.wikipedia.org/wiki/Annette_Karmiloff-Smith
https://eu.wikipedia.org/wiki/Noam_Chomsky
http://konstruktibismoa.blogspot.com/2011/11/piaget-jean-piaget-arthur-piaget-eta.html
http://www.euskara.euskadi.eus/r59-lurcontd/eu/contenidos/termino/_c06011/eu_w_0078/w0078.html
https://www.euskara.euskadi.eus/r59-738/eu/contenidos/termino/_c02554/eu_g_3004/g3004.html
http://pausoa.blogspot.com/2013/06/hizkuntzaren-didaktikaren-oinarriak.html
http://pausoa.blogspot.com/2013/06/hizkuntzaren-didaktikaren-oinarriak.html
http://pausoa.blogspot.com/2013/06/hizkuntzaren-didaktikaren-oinarriak.html
http://pausoa.blogspot.com/2013/06/hizkuntzaren-didaktikaren-oinarriak.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina