Izendatzea sortzea da
imaginatzea
jaiotzea
Octavio Paz
(Berbapeko Askatasuna / Libertad bajo Palabra)
Robert Galisson, hizkuntzalari frantsesa, Hizkuntzaren Didaktikaren alorrean garrantzi handikoa izan zen. Gizon apala eta umila zen, lan egiten zuen, ikertzen zuen, argitaratzen zuen, baina ez zen promozionatzen, ezta medietan agertzen ere. Agian, handik etorri zitzaion bere ospea, ospetsua izan nahi ez zuelako. Bere handitasunaren adierazpenik argienetako bat, hain zuzen ere, bere apaltasuna eta diskrezioa da. Nabarmentzeko grina orotatik aldenduta, hizkuntzen didaktikaren esparruan eragin handiko obra garatu zuen. Bere lanetan (bere sakontasun teorikoaz eta argitasun kontzeptualaz gaine), hizkuntzaren osagai kulturalarekiko etengabeko kezka nabarmentzen da.
Bere ekarpen garrantzitsuenen artean Lexikultura (Galisson, 1985) kontzeptuaren formulazioa dago. Kontzeptu honen barruan sartzen dira hizkuntza bati lotuta aurki ditzakegun irudikapen eta praktika kulturalak.
Galissonek defendatu zuen hizkuntza bat ikasteak bere kultur unibertsoan sartzea ere badakarrela, eta lan lexikoa hizkuntzaren eta kulturaren arteko topaketa horretarako gune pribilegiatu gisa ulertu behar dela.
Era berean, dimentsio kulturala hizkuntza-irakaskuntzaren ikuspegi metodologikoetan txertatzeko beharrari buruzko gogoeta egin zuen.
Bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren egungo orientabideak (batez ere kulturarteko gaitasuna nabarmentzen dutenak), neurri handi batean, Galissonek proposatutako ideietatik elikatzen dira; askotan, ideiak bereak direla jakin gabe.
Bere ondarea teoriko-praktikoak normalean ematen zaiona baino errekonozimendu zabalagoa merezi du.
Bere lanen artean Dictionnaire de noms de marques courants nabarmentzen da. Essai de lexiculture ordinaire (Galisson & André, 1998) izan da gehien nabarmendu dena, eguneroko bizitzan markek duten garrantzien inguruan.
Markek berek kultura bat ekartzen dute, behin baino gehiagotan kanpotarra, gure eremu linguistikoan barneratzen dena, baina ez beti; beste batzuetan gure-gureak diren markak ere sor daitezke, gure kulturaren adierazgarri izan daitezkeenak (Kaiku, Astore, Loreak Mendian, Orbea, Kukuxumuxu, etab.). Galissonek horien erabilera didaktikoa bera ere defendatzen du hizkuntza baten kultura hurbileraren adibide bezala.
Galissonen “palimpsesto” eta “maleta-hitzak”
Galissonek hizkuntzen irakaskuntzan bi irudi baliotsu proposatu zituen: palimpsestoa eta maleta-hitza. Lehenak adierazten du hizkuntza berria ikastean ez dela aurrekoa ezabatzen, baizik eta haren gainean esanahi-geruza berriak idazten direla, gure esperientzia kulturalaren arrastoak gordez. Bigarrenak, maleta-hitzak, erakusten du hitz bakoitzak kultura oso baten balioak, sinboloak eta emozioak daramatzala bere baitan. Bi irudiek azpimarratzen dute hizkuntza ez dela tresna neutroa: hitzak kultura daramate, eta irakaslearen eginkizuna da maleta horiek irekitzea eta hitzen azpian ezkutatzen diren esanahi kulturalak agerraraztea.
Galisson, R., & André, J.-C. (1998). Dictionnaire de noms
de marques courants: Essai de lexiculture ordinaire. Paris, Didier Erudition.
Galisson, R. (1985). Où il est question de lexiculture, de cheval de Troie, et d ́impressionisme, Études de Linguistique Appliquée. Revue de Didactologie des langues-cultures, 97, 5-14

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina