HAURREKIKO KOMUNIKAZIO JOKABIDEAK (OWENS, 2003)
HIZKUNTZA ESKURATZEKO PROZESUAK
Haurra eta bere
zaintzailea jaiotzaren une beretik inplikatzen dira elkarrizketetan. Haurraren
izaeraren eta amaren hizkeraren arteko elkarrekintza konplexua da (Smolak,
1987; ap. Owens, 2003). Neurri batean, truke hori bi solaskideek kontrolatzen dute. Trukearen
heldutasun-maila haurren gaitasun mugatuek ezartzen dute; izan ere, haurren
erantzunak zurrunak eta estereotipatuak dira, baina pixkanaka haien
jokabide-errepertorioa zabaltzen hasten dira.
Amek
elkarreraginerako oinarrizko esparrua ematen dute, eta haurren mugetara
egokitzen dute beren jokabidea. Egoera horrek esperientzia interesgarriak
ematen ditu "amek beren seme-alabengandik ikasteko eta beren
jokabide-ereduei erantzuteko duten nahiari esker" (Bateson, 1979, 70.
or.; ap. Owens, 2003). Truke bakoitzean, bi parte-hartzaileek etengabe doitzen dute beren
jokabidea estimulazio-maila optimoa mantentzeko. Amak haurraren arreta
mantentzen du, eta umeak, berriz, irribarre egiten du eta arretaz begiratzen
du. Bere ahaleginaren emaitzak indartuta, ama oraindik beste urrats bat aurrera
egiten saiatzen da semearekiko elkarrekintzari eusteko. Horrela,
parte-hartzaile bakoitzak bestearen ekintzei erantzuten die, nahiz eta amek
beren seme-alaben gaitasunak garatzen laguntzen duten, nahita, beren mugak
gainditzen dituzten bakoitzean, estimulazio berrira egokitzera behartuz.
Lau jokabide
tipiko daude, eta horietan oinarritzen dira haur baten eta bere zaintzailearen
arteko trukeak: prestatzeko jarduerak, doitzeko jarduerak, komunikazioari
eustea eta haurren ekintzen aldaketak (Tronick, Als eta Adamson, 1979; ap. Owens, 2003). Adibidez, amak haurren jokabidean egiten dituen aldaketen artean,
aurpegi-adierazpenaren gehiegikeria, gorputzaren mugimenduak, laztanak,
begirada luzeak eta ama-hizketa aipa ditzakegu. Aldaketa horiek beste haur eta
heldu batzuen jokabidean ere gertatzen dira, haurtxoekin harremanetan jartzen
direnean. Haurtxoekin izandako esperientziak ez du eraginik helduen edo
eskolaurrekoen jokabidean, eta ez dirudi aldez aurreko ikaskuntza ere faktore
garrantzitsua denik. Badirudi hiru faktorek eragin handia dutela jaioberriaren
eta haren amaren hasierako elkarreraginetan: erditzean erabilitako medikazioa,
erditze-kopurua eta amaren jatorri sozioekonomiko eta kulturala.
Heldu gehienek
haurren hazpegiei erantzuten diete, batez ere aurpegiari. Haurren burua
handiegia da gorputzaren gainerakoarekin alderatuta, eta oso begi handiak eta
masail biribilak ditu. Umeak beti ederrak iruditzen zaizkigu, eta oraindik ere
haien irribarrea, begirada eta beste "trebetasun" batzuk gehitu behar
ditugu, hala nola mihia ateratzea eta pedorretak egitea. Alderantziz eta
tamalez, ohiko parametroen aurkako itxura duten haurrek helduengandik erantzun
negatiboak izan ditzakete.
Zaintzaileek
haurrei erantzuteko egiten dituzten aldaketak desberdinak dira kulturaren,
klase sozialaren edo haurren sexuaren arabera.
Owens, R. E. (2003). Desarrollo
del lenguaje. Madrid: Pearson, Prentice Hall. (172-191 or.); itzul.
Lopez-Mugartza, J. K. (2021).
Iruzkinak