HENRIKE KNÖRR: MILA ESKER, HENRIKE
To: Henrike Knörr
Subject: MILA ESKER, HENRIKE
Nire maisu eta adiskide on-ona:
Zaila egiten zait zuri idaztea oraingo egoera berezi honetan. Nonbait irakurri dudan bezala, Renora joan behar zenuela esan zenidanean ni ere tristatu nintzen sobera, neurekoia bainaiz oso eta, jakina, zu horren urrun joatea ez nuen batere atsegin, nire lanetan laguntza ematen jarrai zenezan nahi bainuen, ni bakarrik ez bainaiz gauza lana behar den moduan ateratzeko. Dena den, hori zen zure erabakia eta onartu beharra zegoen.
Bestalde, tesiko galeradak iritsi zaizkit eta ahalik eta lasterren itzuli beharko ditut...
Aitzinsolasa idatziko zenidakeela agindu zenidan, baina lasai egon, edo aitzinsolasik gabe edo, agian, Txomini esango diot, bera tesiko epaimahaiko burua izan baitzen. Betiere, ongi baderitzozu, jakina.
Lehengo egunean zure semea ezagutu nuen, Garikoitz, eta oso mutil zintzoa eta atsegina dela iruditu zitzaidan. Zure antza hartu nion, baina, hori bai, askoz ere gazteagoa eta modernoagoa. Berari, bai eta zure familia osoari ere, goraintziak eman nire partetik.
Oraindik gogoratzen naiz nola tesia gordailuan utzi nuen egunean zure etxera eraman ninduzun eta zure familiarekin Gasteizko Jaiei hasiera eman genien telebistari begira. Oso egun ona pasa genuen. Egin zidaten harrera ez dut ahaztuko eta, faborez, esaiezu Iruñean etxea dutela, nahi duten guztiarendako.
Behean idatzi dut nire helbidea eta telefonoa zerbait behar izanez gero, non nagoen jakin dezaten.
Nire anai-arrebek ere goraintziak bidaltzen dizkizute eta afarian oso ongi pasa zutela esan diezazudan eskatzen didate.
Ez da, ez, beti zu bezalako ospe handiko gizon batekin afaltzen. Iruña-Veleiara joango ginatekeela esan genuen, baina hori ere utzi beharko da beste baterako. Berdin da. Haiek oso pozik egon ziren eta nik bihotzez eskertzen dizut, oso ongi hartu baitzenituen eta, nire aldetik, gurasoak txikitan hil zitzaidanez gero, nire anai-arrebak gurasoak balira bezala izaten baititut beti. Mila esker beraz.
Tesia, azkenean, Mendaur bilduman agertuko da eta ez Onomasticon Vasconiae zuk nahi bezala, dirudienez garestiegia baita. Baina argitalpen duina izango da, zure gustukoa. CDa eta mapa. Zure izena agertuko da, jakina. Euskarri guztietan.
Azkenean egin zizkiguten iruzkin guztiak kontuan hartu ditut, baina garrantzizkoenak eta bat ahaztu gabe kontuan hartu ditudanak zureak izan dira. Horiek bai bizitza guztian izanen ditudala gogoan.
Goraintzi!
Mintzaturen...
Iruzkinak