2024-11-19

EUSKAL UNIBERTSITATEA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN (2004)


Gaztelania eta euskara dira Nafarroako bere egiten dituen hizkuntzak eta, beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide guztiek dute biak jakin eta erabiltzeko eskubidea, hurrengo artikuluan esaten den moduan. NUPeko Estatutuen laugarren tituluaren 6. artikulua

1994-95eko ikasturtean 1.408 ikasle euskaldun matrikulatu ziren eta euskaraz ikasteko nahia adierazi zuten. 2002-03ko ikasturtean, berriz, 2.206 ikasle baino gehiago euskaldunak ziren eta batxilerrean euskaraz eskolatuak zeuden. Bederatzi ikasturtetan 800 ikasle euskaldun gehiago. Progresio hau hautaprobaren datuekin berresten da: 1994-95eko ikasturtean euskaraz egin zutenen portzentajea % 10,2koa zen; 2002-03ko ikasturtean, berriz, % 22,99koa zen.

Duela lau urte NUPeko Hizkuntz Normalizaziorako Batzordeak argitaratu zituen datuen arabera, ikasleen % 18,87euskaldunak ziren (iaz, portzentaje hori % 29 izatera ailegatu zen). Batzorde haren datuok erakutsi bezala, zazpi titulaziotan ikasle euskaldunen kopurua % 20tik gorakoa zen, eta gainerakoetan % 15 ingurukoa. Inkestaren arabera, ikasleriaren % 24euskaraz zerbait ikasteko prest zegoen (2.540 ikasle).

Ikerketak egin zirenean, euskararen aurkako joerak zeudenentz aztertu nahi zuten, baina hori inoiz gertatu ez zenez, etsita, ikerketak egiteari (eta emaitzak plazaratzeari) utzi zioten. Alta, unibertsitateak izan ditu nonbait gordeak IKEI ikerketa-erakundeari bere garaian eskatutako txostenaren emaitzak. Orduan egin zen proiekzio-ikerketa hartan zenbait datu guztiz esanguratsuak izan ziren, alegia, NUPeko ikasle euskaldunen kopurua sei urtetan laukoiztu egingo litzatekeela, unibertsitatean matrikulatuta zeuden ikasleen jarrera guztiz euskararen aldekoa zela eta, finean, Nafarroako gizartea, oro har, euskara unibertsitatean zabaltzearen alde zegoela.

Hala eta guztiz ere, euskarazko taldeak osatzeko errektoretza taldeak izugarrizko oztopoak jarri ohi ditu eta erdal talde bat osatzeko eskatzen den ikasle-kopuru berbera exijitzen dute, euskal ikasleen portzentajea erdaldunenaren laurdena dela kontuan hartu gabe. Horrekin batera, beste zentzugabeko tope bat dago, hain zuzen, karrera bakoitzean, gehienez 18 kreditu eman daitezke (hiru ikasgai, gutxi gorabehera). Euskaraz ikasi nahiez gero, ikasleak Irakasletza Diplomaturan matrikulatuta egon behar du, hori baita euskaraz ematen den titulazio bakarra, eta beti ere zenbait mugarekin, lau berezitasunetatik bitan bakarrik euskaraz ikas daitekeelako. Unibertsitatean irakasgai gutxi ematen dira euskaraz. Oso gutxi. Erdaraz, osotara, 1.300 irakasgai ematen dira.

Hizkuntz-Politika Planik ez izateak edo idazten denean hura ez onartzeak, abusuzko kopuruak eskatzea, eskaintza kopuru murrizketak, euskal ikasketak beti kolokan egoteak edo, bestela esanda, euskarari etengabeki trabak jartzen aritzeak ikasle euskaldun gehienak erdaraz ikastera behartzen ditu. Hori dela eta, Nafarroako ikasle euskaldun askok eta askok EAEko unibertsitateetara jotzen dute euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko (1.000 ikasle baino gehiago 2000ko apirilaren 12ko Diario de Noticias egunkariaren arabera). NUPen dagoen ikasle euskaldunen % 25 horri kanpora joaten diren ikasleen ehunekoa gaineratu beharko litzaioke Nafarroako unibertsitate-ikasle euskaldunak zenbat diren ezagutzeko. Kanpora joateko beharra dutenei eta NUPen erdara ikastera beharturik dauden ikasle euskaldunei egiten ari zaien iruzurra lotsatzekoa da. 2.200 ikasle euskaldun egon arren, euskaraz ikasteko eskubidea dutenak % 3ra baizik ez dira iristen.

Ikasturte hauetan gertatu diren itxialdiak eta protestak 2001eko gertakarien ondorio zuzena dira. 2001ean, Nafar Gobernuak euskararen aurka sinaturiko foru-dekretuaren soka estuaren menpe hasi zen unibertsitatea.

Gauzak honela, egun batetik bestera, Gobernuak Nafarroako ikastetxeetan hizkuntza arrotzak bultzatu behar zituela erabaki zuen, eta horretarako Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiak ikerketa bati ekin zion frantsesaren, ingelesaren, eta alemanaren egoera soziolinguistikoa zein zen aztertzeko. Ikerketa egiteko, euskara normalizatzeko eta bultzatzeko ziren 80.000 euro xahutu ziren. Kasualitate hutsa izan liteke, baina, euskara deuseztatu duten bezala, ingelesa inposatu dute NUPeko ikasketa-plan guztietan.

Baina egonarriaren urak gainezkatu zituen tanta maiatzeko euriteekin batera iritsi zen. Hilabete hartan Nafar Gobernuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara hautaketa libreko ikasgaietara mugatu nahi zuela jakin genuen. Hizkuntz Politikarako Zuzendari Nagusia euskararen kontra gogor aritu zen Nafarroako egunkari bati emandako elkarrizketa batean. Hori gutxi balitz, Magisteritzan euskaraz ematen diren bi espezialitate bakanetatik bat ezabatu nahi zutela esan zuen; hots, unibertsitateak euskaraz soilik % 0,9 kreditu eskainiko zuela eta karrera bakar bat. NUPeko Gobernu Batzordeak, ezohiko zalutasunez, Lehen Hezkuntzarako Irakasletza Diplomatura kentzea erabaki zuen, Nafarroako Gobernuaren baimen ofizialaren zain geratzen zelarik. Nafar Gobernuak unibertsitateko autonomian eskua sartu bazuen ere, errektoretzak oinarrizko eskubideen zapalketa hura ontzat hartu zuen.

2001eko ekainaren 6an NUPeko ikasle, irakasle, eta langileek itxialdi bati ekin zioten euskarak unibertsitatean zuen trataera salatzeko. 77 lagun atxilotuak izan ziren eta poliziaren kasernara eramanak, euskararentzat toki duina eskatzeagatik. Gauza bera gertatu zen 2002ko ikastur­ tearen hasieran, eta gauza bera ere kurtso bukaeran, NUPeko euskal komunitatea euskararen aldeko kanpaldi eta itxialdi baketsu bat egiten ari zelarik, ikasleak kolpatuak izan ziren, eta irakasleak zaurituak. Berriz ere, atxiloketak eta fitxak ireki ziren.

Gauzak honela izanda, joan den maiatzean NUPeko estatutu berriak onartu ziren LOUren ezaugarrietara egokitzeko. Nahiz eta LOUn ezer ez esan hizkuntzari buruz, euskararen kapitulua ere aldatu zen. Orain ez da aparteko titulua, irakaskuntzen tituluaren barruan baitago. Tituluaren izpiritua aldatu da pixka bat. Orain ez da hitz egiten euskararen normalizazioari buruz, planifikazioari buruz baizik. Horrekin batera, euskararen ikasketak ezartzearena eskariaren azterketaren menpe dago. Planifikazio horren proposamena egiteko, zein hizkuntza politikaren jarraipenerako, Hizkuntza Planifikazio batzorde bat sortu behar da. Une horretan gaude. Jadanik ezagutzen dugu batzordearen osaera; izenak jakitea soilik falta da. Beti bezala, batzorde honen proposamenak Gobernu Kontseiluan onartu behar dira. Hori izan da orain arte oztoporik handiena edozein plan aurrera eramateko. Espero eta exijitu behar da plan bat aurrera eramatea geldialdi horretatik ateratzeko. Gaurko ikasleek merezi dute, eta oraindik ume direnei, baina etorkizunean gure ikasleak izanen diren ikasle euskaldun horiei ere zor diegu.

EIRE Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteko Koordinatzaile Nagusia

Artikulu hau aldizkari honetan argitaratu zen: Bat: Soziolinguistika aldizkaria, (50), 69-72. Nik neronek idatzi nuen arren EIREko Koordinatzaile Nagusia nintzen garaian eta Koordinatzaile Nagusi gisa izenpetuz, artikulua argitaratu zen unean koordinazioan aldaketa suertatu eta EIREko Koordinatzaile Nagusi beste irakasle bat izendatu zenez gero, Maria Luisa San Martin Erviti hain zuzen ere, artikulua finean bere izenean agertu zen. Hortik akatsa.

2024-09-16

Nafarroako Irakasle Eskolako Euskal Lerroaren historia (Lopez-Mugartza, 2002)

 


Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte dk.

Hemen argitaratuta:
LOPEZ-MUGARTZA, J. K. (2002). 
Euskal Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 
ln Euskal Unibertsitatea 2021: egiten ari garen euskarazko unibertsitatea. EIRE & UEU = Zuzenduta eta hedatua.


Nafarroan unibertsitate publiko, euskaldun eta laiko bat sortzeko ahaleginak oso aspaldikoak dira (Universidad Vasco-Navarra sortzeko egitamua 1866koa da eta Universidad Vasca-rena 1918koa); baina 1936ko gerrak ahalegin horiek guztiak hondatu zituen eta garaileak aurrekoen lanaz baliatu ziren beste unibertsitate mota arrunt ezberdina bultzatzeko. Karlistak, alde batetik, eta Juntas de Acción Católica taldea bestetik, kultura katolikoa hedatuko zuen unibertsitate baten oinarriak finkatzen hasi ziren. Orduko agintari kulturalen goiburua Pro Ecclesia, Patria, Societate izanik, unibertsitate publiko eta laiko bat lortzeko ametsa guztiz desegin zen; izan ere, diktadura bukatu arte ezin izan zitzaion eztabaida horri jarraipen garbirik eman.

Demokraziaren etorrerarekin, Euskal Unibertsitatea eraikitzeko beharraz eztabaidatzen da berriro. Foru Parlamentuan, ordea, sozialistek defendatu zuten Nafarroak bere unibertsitatea behar zuela. Gehiengo absolutua lortu ondoren, unibertsitate berria sortzeko beharrezko legeak eta tresna politikoak sortu zituzten. Talde kontserbadoreenek ez zuten begi onez ikusi unibertsitate berriaren sorrera, Nafarroan beste unibertsitate bat bazegoela eta kaltegarria gerta zekiokeela ulertzen baitzuten; baina, azkenean, Nafarroarako bakarrik izanen zen unibertsitate publiko baten sorrera nagusitu zen, eta oraindik euskal unibertsitate baten aldeko ekimenen bat egon bazen ere, azkenean, euskal barruti bakarraren ametsa zapuztu zen. Hala, prozesuaren bukaeran, 1987an, Nafarroako Foru Parlamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sorrera aldarrikatu zuen.

Hala ere, Euskal Unibertsitatearen ernamuina askoz lehenagotik zegoen ereinda Nafarroan; izan ere, Zaragozako Unibertsitateko Nafarroako Irakasle Eskolan eztabaida horiek sortu baino lehenagotik irakasten zen euskara; izan ere, 1976an, diktaduraren amaierarekin batera, Nafarroako Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko Unibertsitate Eskolako klaustroak aho batez erabaki zuen euskara unibertsitatean sartzea. Hasiera batean euskara curriculum-irakasgai gisa irakasten hasi zen Eskolako maila guztietan. Ildo beretik eta ikastetxe horretako klaustroaren nahiaren ondorioz, Zaragozako Unibertsitateak Euskara Katedra bat sortu eta bultzatu zuen, Eskolako ikasle guztiek euskara ikasteko aukera izan zezaten. 1986an, euskararen aldeko giro horretan murgilduta, José Ramón Pascual Bonis buru zuen Unibertsitate Eskola hartako zuzendaritzak Haur Hezkuntzako espezialitatean euskal ildo bat irekitzea lortu zuen Zaragozako Unibertsitateko Nafarroako ikastetxe horretan.


Nafarroako Gobernuak euskal lerro berria onartu zuen eta Euskaltzaindiaren onespenarekin hitzarmen bat sinatu zuen Zaragozako Unibertsitatearekin gure Eskolatik diplomatutako ikasle guztiek Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa hurrengo ikasturtean sortu zen (1987/88), eta urte horretan bertan, Nafarroako Irakasle Eskolako irakasleek Zaragozako Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin harremanetan jartzeko eskatu zioten, baita sail komunak eraikitzeko beharra ere. Euskarari dagokionez, unibertsitate jaioberriari eskatu zitzaion Euskal Kulturaren Unibertsitate Institutua sortzeko eta euskara elebitasunean sartzeko. 1988/89 ikasturtean Zaragozako Unibertsitatearen lehen euskal promozioa atera zen. Sinatutako tituluetan berariaz aipatu zen karrera eta irakasgai guztiak euskaraz eginak zirela. Zaragozako Unibertsitateak ikasketa horiei babes legal osoa eman zien eta ofizialki defendatu zituen.

Hauxe izan zen egun Irakasletzako Euskal Lerroaren sorrera, ez Nafarroako Unibertsitate Publikoan, batzuek uste duten bezala, baizik eta Zaragozako Unibertsitatean.

Zaragozako Unibertsitatean

1988ko abenduaren 5ean, Nafarroako talde erregionalistak hainbat galdera egin zituen Foru Parlamentuan euskarak unibertsitatean duen estatusari buruz. Irakasle Eskolan euskaraz ematen ziren irakasgai guztiak banan-banan ikertu ziren, Parlamentuko batzar batek legez kanpokotzat jo ote zitzakeen jakiteko. Ez dute ezer aurkitu. Urte hartan, euskara lerroan eskaintzen ziren 50 ikasgaiez gain (48 ordu astean), euskara irakasten zen Unibertsitate Eskolako 12 taldeetan. Eskola txikia izan arren, ahalegin handiak egin zituen euskara sustatzeko eta emaitzak ere neurri berekoak izan ziren.

1989ko apirilaren 7an, NUPeko Batzorde Betearazleko presidenteak, Irakasle Eskolara egindako bisitan, esan zuen Irakasleen Euskal Ildoa ez zela desagertuko, eta Euskal Filologia ezarriko zuela agindu zuen. Egun hartan jaso zen eskolako akta ofizialean irakur daitezke hitz horiek, ikastetxeko idazkariak eta zuzendariak sinatuta. Urte batzuk geroago, pertsona horrek berak Irakasle Eskolako euskara lerroa kendu zuen eta, trukean, ez zuen agindutako Euskal Filologiako lizentziatura ezarri, hemeroteka guztietan horrela jaso zena.

1990/91 ikasturtean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere gain hartu zituen Zaragozako Unibertsitatearen mendeko Nafarroako eskolak, unibertsitate horretako errektorearen, Nafarroako Gobernuko presidentearen eta Nafarroako hezkuntza-agintarien artean zenbait urruntze eta desadostasunen ondoren. Hartu zen lehen neurria euskara ikasgaia curriculum guztietatik kentzea izan zen, errektorearen hitzetan, "unibertsitatearen lana ez baita hizkuntzak irakastea". Hurrengo hilabetean, ondo aukeratutako data batean, 1990eko azaroaren 20an, errektoreak euskal lerroa baliogabetzeko agindu zuen, "euskarazko irakaskuntza garestiegia" zela aitzakiatzat hartuta.

NUPeko euskara lerroko ikasle eta irakasleek Unibertsitateko Batzorde Kudeatzaileak hartutako erabakia gaitzetsi zuten. Komunikatuaren arabera, linea kentzeko eman ziren arrazoi ekonomikoak eta matrikulazio-arrazoiak «erabat maltzurrak» ziren, unibertsitateak berak «matrikula oztopatu eta informazioa ukatu zuelako». Nafarroako Unibertsitate Publikoari atxikitako ikastetxeetako unibertsitate-komunitate euskaldunak Batzorde Betearazleak hartutako erabakia gaitzestea erabaki zuen Unibertsitateko areto nagusian egindako batzarrean. Urte hartako abenduan manifestazio erraldoi bat antolatu zen Iruñean, NUPen euskarazko lerroa berrezartzeko eskatuz. Adierazpen hori Euskalerria Irratiarekin batera egin zen, irrati horrek bere lizentzia eskatu baitzuen.

Hurrengo ikasturtearen hasieran, 1991ko urriaren 7an, Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuko orduko lehendakariak orduko errektorea kargutik kendu zuen, kudeaketa akademiko eta ekonomikoagatik. Errektore berriak, Alberto Gonzalezek, euskal ildoa berrezarri zuen eta euskarari arnasa eman zion errektore izan zen bitartean.

Garai hartan sortu zen euskal langile, ikasle eta unibertsitateko irakasleen lehen elkartea: EHUN (Euskal Herriko Nafar Unibertsitatearen akronimoa hasieran eta Nafarroako Unibertsitatean Euskara Hizpide izena ondoren). Talde hori oso eraginkorra izan zen Alberto González eta Juan García Blasco errektoreen urteetan, lan handia egin baitzuen Estatutuak idazten eta euskarari buruzko puntuak osatzen. Talde eragile horri esker sortu zen Hizkuntza Normalizaziorako eta Euskararekiko Atxikipenerako Batzordea.

Baina Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordearen eta Euskararen Atxikitzaren ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren eta lan guztiak bertan behera gelditu ziren 1995eko maiatzaren 25ean Juan García Blascok hauteskundeak galdu zituenean. Egun hartan errektorearen taldeko kide bakar bat ere ez zen aukeratua izan klaustrorako hauteskundeetan; izan ere, oposizio-taldeak kargu eta postu guztiak hartu zituen, aurretik adostutako zerrenda sekretu eta ezkutuen sistema arrakastatsu bat erabiliz, emaitza bikaina eman zuena, nahiz eta botoen arteko aldea izugarri txikia izan.

1998ko ekainaren 12an, NUPeko Gobernu Batzordeak, 65/98 erabakian, Irakasle Eskolako Musika espezialitatean ofizialki euskaraz ematen zen irakasgai bakarra kentzea erabaki zuen. Gizarte eta Giza Zientzien Dekanoa eta Kontseiluaren eta Hizkuntzaren Filologia eta Didaktika Saileko Zuzendariaren oposizioa argia izan zen, eta gogorarazi zuten Espainiako Aldizkari Ofizialean (272. BOE) argi eta garbi agintzen zela irakasgai hori euskaraz eman behar zela. Baina alferrik; 1998ko irailaren 25ean Gobernu Batzordeko idazkariak Fakultateko dekanoari bidalitako gutunean hitz kezkagarri hauek irakur zitezkeen: 

“... no es un tema pacífico que estemos en una Comunidad Autónoma con dos lenguas oficiales, como V.I. afirma en su escrito al Secretario General de 23 de junio de 1998, a la vista de lo dispuesto en el artículo 9 de la Ley de Reintegración y Amejoramiento del Régimen Foral de Navarra. En virtud de ello queda vigente el acuerdo tomado por Junta de Gobierno”.


NUPeko ikasleak 1997-2000

Irudi 1. NUPeko ikasleak 1997-2000 (cc) by Lopez-Mugartza, 2002


XX. mendearen bukaeran 10.000 ikaslek ikasten zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta horietatik 2.500 euskaldunak ziren. Hau da, NUPeko ikasle guztien % 25 euskalduna zen. Hala ere, euskaraz ikas zezaketen euskaldunen kopurua askoz txikiagoa zen, % 3 ingurukoa batez beste.

NUPeko Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeak 1999/00 ikasturtean argitaratutako datuen arabera, ikasleen % 18,87 euskaldunak ziren, aurreko hiru ikasturteetako ehuneko bera eta unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren ehunekoa baino 6 puntu gehiago.

Zazpi titulaziotan ikasle euskaldunen kopurua % 20tik gorakoa zen, eta gainerakoetan % 15 ingurukoa. Batzordearen inkestaren arabera, ikasleen % 24 (2.540 ikasle) euskaraz ikasteko prest zeuden, baina, inkestagileen iritziz, % 18 (1.900 ikasle) ziren ikasketak euskaraz egiteko benetan gai zirenak. Urte hartan Nafarroan irakaskuntza ez-unibertsitarioan ikasketak euskaraz egin zituzten ikasleak Nafarroako ikasle guztien % 12 ziren.

Batzordeak egindako ikerketaren datuen arabera, unibertsitateko lau ikasletik bat euskalduna zen. Izan ere, Hizkuntza Normalizaziorako Batzordeak 1998/99 ikasturtean egindako inkestaren arabera, NUPeko ikasleen % 24k zerbait euskaraz ikasteko nahia adierazi zuen, eta horietatik 1.550 ikaslek (matrikularen % 15) eskolak euskara hutsean emateko nahia adierazi zuten.

Ikasturte hartan selektibitatea egin zuten ikasle euskaldunen ehunekoa oso altua izan zen ( % 14, 1.481 ikasle). Unibertsitateko inkestek argi erakusten zuten ikasleek euskaraz ikasteko gogoa zutela. Inkestak urtero egiten ziren, baina ez zuten inolako eraginik; badirudi inkestak euskara ahultzen zen ikusteko egiten zirela, eta, hala ez bazen, tiraderan gorde eta hurrengo urteko inkestaren zain geratzen zirela. Ikasleen % 24k euskaraz ikasi nahi zuen. Inkesta ofizialak hala zioen. Baina ez zuen inolako ondoriorik izan.

Nafarroako Gobernuak 1999an egindako inkesta ofizialen emaitzen arabera, 13 eta 14 urteko ikasle nafarren % 20k euskara ondo baino hobeki ezagutzen zuten eta hizkuntza horretan ikasteko gai ziren. Baina badirudi NUPek Nafarroako gazte euskaldunei helarazi nahi zien mezua hauxe zela: unibertsitate honetan euskaraz ikasteko aukera gutxi izango zutela.

Euskaraz emandako ikasgaiak

2000/01 ikasturtearen hasieran euskaraz ematen ziren 60 irakasgai debekatu ziren, unibertsitateak orduan ezarritako baldintza berriak ez betetzeagatik. 2000/01 ikasturtearen hasieran izandako protesten ondorioz, Unibertsitateko Gobernu Batzordeak bere erabakiak berriz aztertu behar izan zituen, eta gutxieneko ratioak murriztu behar izan zituen gaztelaniazko irakasgaien kasuan. Euskararen kasuan, ordea, tinko eutsi zioten eta ez zuten aldaketarik onartu.

NUPeko Gobernu Batzordearen arabera, talde bat euskaraz osatzeko gutxienez 18 ikasle behar ziren eta titulazio bakoitzean ezin zen 18 kreditu baino gehiago eskaini euskaraz. Erabaki horiek izugarrizko kaltea eragin zioten euskarari, 2000/01 ikasturtean 8 irakasgai baizik ezin izan baitziren eman Irakasleen Diplomaturatik kanpoko titulazioetan. Irakasgai horiei aukera askeko 7 ikasgai gehitu zitzaizkien. Joera hori larriagotu egin zen hurrengo ikasturtean (2001/02). Ikasturte honetan 4 irakasgai baizik ez ziren eman Irakasle Diplomaturaz bestelako titulazioetan. 2000/01 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan eman ziren 1.300 irakasgaietatik 76 bakarrik izan ziren euskaraz.

Matrikulazioa euskaraz

Euskaldunen matrikulazioa guztiz testimoniala da NUPeko gainerako ikasleekin alderatuta, inoiz ez baita % 6tik pasatu. Egungo ehunekoak duela sei edo zazpi urteko berberak dira. Izan ere, NUPeko alfabetatutako ikasle euskaldunen kopuruarekin alderatuz gero, argi dago, kasurik onenean, euskaraz ikasten dutenak heren batera baino ez direla iristen. Era berean, 2000/01 ikasturtean euskararekin lotura akademikoren bat zuten matrikulatutako ikasleen kopurua ez zen euskaldun guztien zazpirena ere.

Jakina, Unibertsitatean euskarazko eskaintzarik eza ez da ikasleek euskaraz ikastea aukeratzen ez dutelako, ezta irakasle euskaldunek euskarazko irakasgairik eskaini nahi ez dutelako ere. Ez horixe. Hori gertatu da proposatutako irakasgai guztiak kendu egin direlako bata bestearen atzetik eta sistematikoki. Euskaraz matrikulatzea modu kontzientean oztopatu da. Praktika horrek ostrazismora garamatza euskara: irakasleek ezin dute lanik egin, ikasleek ezin dute beren eskoletara joan.

Euskarazko eskaintzari oztopoak jartzeak esan nahi du, azken batean, NUPen ikasi nahi izanez gero, ikasle euskaldunak behartuta daudela gaztelaniaz ikastera, irakasleak ikasi nahi ez badituzte behintzat. Unibertsitateko ateak ez daude zabal-zabalik oraindik euskararentzat; interesgarria litzateke aztertzea zergatik zaion hainbesteko beldurra Unibertsitatean euskararen egoera normalizatzeari.

Selektibitatea (Hautaprobak)

Irudi 2. Selektibitatea - Hautaprobak 1994-2001 (cc) by Lopez-Mugartza, 2002

Haur eta Lehen Hezkuntzan euskaraz ikasten duten haurren portzentaia: % 52
Batxillerrean: % 21
Hautaprobetan: % 20
Nafarroako Unibertsitate Publikoan % 2,7

Oro har, unibertsitatez kanpoko hezkuntzako maila guztietan euskaraz ikasi dutenen ehunekoa nabarmen igo da azken urteotan. Izan ere, 1998/99 eta 1999/00 ikasturteen arteko aldea 6 puntukoa izan zen. 1999/00 ikasturteko selektibitatean guztira 600 ikasle gutxiago matrikulatu baziren ere, horrek ez zuen inolako eraginik izan euskararen kasuan. Galerarik ez izateaz gain, 50 ikasle gehiago matrikulatu ziren. Horren ondorioz, euskaldunen ehunekoak nabarmen egin zuen gora, eta argi eta garbi erakutsi zuen euskararen erregulartasuna eta egonkortasuna Nafarroako hezkuntza-sisteman. Aldiz, unibertsitatean erabiltzen diren zenbakiak eta ehunekoak barregarriak dira.

Unibertsitatearen erantzukizuna

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren estatutuek ezartzen duten bezala, Unibertsitatearen beraren Hizkuntza Politika planifikatu eta onartu behar da. Unibertsitateko EHUN taldeak lagundutako hainbat plan proposatu dira. Horietako bat ere ez da martxan jarri, ez direlako errektoretza taldearen gustukoak. Plan euskaltzaleegiak direla uste dute. Izan ere, plan ausartagoak izan dira, baina, era berean, pragmatikoagoak eta posibleagoak zirenak ere, eta horiek ere ez dira onartu.

Euskarak unibertsitatean izan behar duen lekua Nafarroako Gobernuak zehaztu arte, errektorego honek ez du beste hizkuntza plangintzarik egiteko asmorik. Nafarroako legea aipatzen dute, baina legeak ez du ezer esaten unibertsitateak euskararen gaian egin behar duenaz. Unibertsitateak ezarri beharko dituen lege berriek, agian, bai; eta horien zain daude. Bien bitartean, euskararen aurkako arbitrariotasunak bata bestearen atzetik datoz.

2000/01 ikasturtearen amaieran NUPeko errektoretza taldeak euskararen irakaskuntzaren aurka hartutako erabakiek (Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendariak hainbat komunikabidetan egindako adierazpenek berretsita) Irakasle ikasketen euskal bi lerroetako bat kentzeko asmoa iradokitzen zutenez gero, protesta ugari egin ziren, beti lasaiak eta baketsuak, bai unibertsitate barruan, bai kanpoan.

Duela 10 urte bezala, ikasle, irakasle eta langileen itxialdiak egin ziren unibertsitateko ikasgelategian. Oraingo honetan, aurrekoan bezala, 150 pertsona bildu ziren, baina aurreko hartan ez bezala, oraingoan errektoreak poliziari deitu zion eta ordena publikoko indarrek unibertsitate esparrua okupatu zuten. Gelategian itxita zeuden 77 ikasle, irakasle eta langile atxilotu, komisaldegira eraman, ziegetan atxilotu, gau osoan atxiki eta hor bertan fitxatu zituzten, euskarari duintasuna eskatzeagatik.

Itxialdiaren arrazoiak

1. IKEI Txostena

Unibertsitateak nonbait izanen ditu, tiraderaren batean edo, bere garaian IKEI (Research & Consultancy) Aholkularitza Zerbitzuri eskatutako txostenaren emaitzak. Orduan egin zen proiekzio azterketan oso datu esanguratsuak lortu ziren: NUPeko ikasle euskaldunen kopurua laukoiztu egingo zen sei urtean, unibertsitatean matrikulatutako ikasleen jarrera euskararen aldekoa zen erabat, eta, azken batean, Nafarroako gizartea, oro har, euskara unibertsitatean zabaltzearen aldekoa zen.

2. Ikasle nafarrak EAEko unibertsitateetara

Ikasle nafar euskaldun asko joaten dira EAEko unibertsitateetara euskaraz ikasten jarraitzeko (1.000 ikasle baino gehiago, 2000ko apirilaren 12ko Diario de Noticias egunkariaren arabera). NUPen dauden ikasle euskaldunen % 25 horri gehitu beharko litzaioke kanpora joaten diren ikasleen ehunekoa, gaur egun gure erkidegoan zenbat ikasle nafar euskaldun dauden jakiteko. Bidegabekeria bikoitza egiten ari dira: batetik, euskaraz ikasteko kanpora atera behar dutenei, eta, bestetik, NUPeko ikasle euskaldunei, gaztelania ikastera behartuta daudenei. 2.200 ikasle euskaldun dauden arren, euskaraz ikasteko eskubidea dutenak ozta-ozta iristen dira % 3ra.

3. Ingelesa vs. euskara?

Egun batetik bestera, Nafarroako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzak bultzatzea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, eta, horretarako, frantsesaren, ingelesaren eta alemanaren egoera soziolinguistikoari buruzko ikerketa hasi zuen Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak. Horretarako, diru kopuru handiak bideratu ziren. Hala ere, 80.000 euro baino ez ziren inbertitu euskararen ikerketan, normalizazioan eta sustapenean. Kasualitatea izan liteke, baina euskara zigortzen den bitartean, ingelesa inposatzen da NUPeko ikasketa-plan guztietan.

4. Lehen Hezkuntzako Diplomatura kolokan

Hori gutxi balitz, maiatzean jakin genuen Nafarroako Gobernuak euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoan aukera askeko gaietara mugatu nahi zuela. Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak gogor egin zuen euskararen aurka Nafarroako egunkari bati eskainitako elkarrizketan. Adierazpen horietan esan zuen euskarazko bi irakasletza espezialitateetako bat kendu nahi zutela; hau da, unibertsitateak % 0,9 baino ez zuela eskainiko euskarazko kredituak eta karrera bakarra. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Batzordeak, aparteko azkartasunez, Lehen Hezkuntzako Irakasleen Diplomatura ezabatzea erabaki zuen, nahiz eta erabaki hori Nafarroako Gobernuaren baimen ofizialaren zain egon. Baimen hori, bere izaeragatik, unibertsitatearen autonomian esku-hartze zuzena izan zitekeen; hala ere, Errektoretzak ez zuen hori oztopo gisa interpretatu, eta neurri hori positiboki baloratu zuen, testuinguru instituzionalaren barruan legitimazio osagarria ematen ziolako. Ondorioz, Gobernuaren esku-hartze horrek aitzakia egokia eman zion unibertsitateari bere barne-erabakia kanpoko presio baten ondorio gisa aurkezteko.

2001eko ekainaren 6an, NUPeko ikasle, irakasle eta administrazioko langileek itxialdi bat abiatu zuten, euskararen unibertsitateko egoera salatzeko eta hizkuntza-berdintasunaren aldeko neurriak eskatzeko. Ekimen hura, sinbolikoki, mugarri garrantzitsua izan zen Nafarroako goi-hezkuntzaren historian: erakutsi zuen euskararen presentzia ez zela soilik arau edo plan baten kontua, baizik eta unibertsitatearen beraren izaerari eta gizarte-zerbitzuari loturiko auzi etikoa.

Protesta hartatik aurrera, eztabaida publikoak eta instituzionalak azaleratu egin zuten unibertsitatearen eta gizartearen arteko tentsio sotila: izan ere, autonomia akademikoaren eta hizkuntza-politiken eta hizkuntza-aniztasunaren artekoa. Itxialdiaren oihartzunak agerian utzi zuen unibertsitatearen rola ez dela neutroa: hezkuntza-sistemaren bidez gizartearen balioak eta lehentasunak eraikitzen dira.

Horregatik, gertakari hura ez da soilik iraganeko pasarte bat, baizik eta gaur egungo gogoetarako abiapuntu baliagarria. Epe luzeko ikuspegitik, NUPek eta Nafarroako gizarteak erronka bati egin behar diote aurre: euskararen normalizazioari buruzko konpromiso berritu eta inklusiboa eraikitzea.

LOPEZ-MUGARTZA, J. K. (2002). Euskal Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ln Euskal Unibertsitatea 2021: egiten ari garen euskarazko unibertsitatea. EIRE & UEU. Eskuragarri: https://drive.google.com/file/d/1WWg6uBnmLL8m52BkcyyLqRNQVSStm3lL/view?usp=sharing

2024-06-17

Aurkezpen eraginkor baterako gida


Helsinkiko Unibertsitatea: "Jakintzaren indarrarekin munduarentzat"

1. Egitura

Antolatu zure aurkezpena egitura argi batean, sarrera, garapen eta ondorio batez osatua. Jarraitu zure idatzizko lanaren ordenari berari. Diapositiba desberdinak erabil itzazu sekzio bakoitzerako, informazio ezberdina diapositiba berean nahastu gabe. Ziurtatu koherentziari eusten zaiola aurkeztutako informazioan. Aurkezpena antolatzeko unean honela jokatu:

- Aurkezpen-diapositiba: izenburuarekin, zure izenarekin, Unibertsitatearen logoarekin, Fakultateko izenarekin, MBL-ren zuzendariaren izenarekin eta urtearekin (2024, ekaina).

- Bigarren diapositiba: landuko diren gaien aurkibidea.

- Azken diapositiba: erabilitako Bibliografia.

2. Diseinua

Aukeratu diseinu garbia eta argia zure diapositibetarako. Erabili tamaina egokiko letrak, epaimahaiko kideek urrutitik irakurtzeko modukoak izan daitezen. Saihestu gutxi ikusten diren letra txikiak eta grafikoak. Kontraste handiko koloreak erabil itzazu, batez ere zuria eta beltza, eta, esaterako, urdina eta gorria edo beste koloreren bat informazioa nabarmentzeko. Baina ez erabili kolore gehiegirik. Hondoa bera ere argia izan dadin. Zuria bada, hobeto. Animazioak ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatzen dizuet epaimahaikideak ez nahasteko.

3. Edukia

Sartu informazio garrantzitsua eta zehatza zure diapositibetan. Erabili binetak, grafikoak edo irudiak zure puntuak ilustratzeko eta epaimahaikoen arreta mantentzeko. Ez gehitu estetika hutsezko irudirik; ahozko aurkezpenak justifikatu behar ditu. Grafikoek eta irudiek zuzeneko lotura izan behar dute ahozko azalpenarekin edo diapositibako testuarekin. Loturarik ez badute, balorazio negatiboa jaso dezakete.

4. Denbora (15 minutu, 20 minutu gehienez)

Nabarmendu zuen Proposamen Didaktikoan, eta denbora gehiena hari eskaini. Banatu denbora honela:

- Lehen herena (5’ edo 6’): Aurkezpen pertsonala (nor zareten, epaimahaikoei agurra) eta zuen MBL-ren azalpen teorikoa. Landutako egileak, iritzi interesgarrienak eta zuen gaiaren garrantzia azaldu. Zenbat dakizuen erakutsi. Epaimahaikoek haien aurrean gaia ongi menperatzen duen aditu bat ikusi behar dute.

- Azken bi herenak (10’ edo 12’): Proposamen Didaktikoaren aurkezpena. Erakutsi gaia ongi menderatzen duzula eta praktikan aplikatzeko gaitasuna duzula. Gehitu Bibliografiaren azken diapositibaren aurrean Ondorioei eta Etorkizuneko Gaiei buruzko beste diapositiba bat, zure proposamenaren ondoren jarraitu beharreko bide posibleak adieraziz.

Utzi denbora, 10 bat minutu epaimahaikideek galderak egin ditzaten. Epaimahaiko guztiek egin behar dute gutxienez galdera bat. Ohikoa da. Ez da jendea harrapatzeko. Lasai egon. Antzezlan baten antzekoa da, zuek zarete protagonistak eta besteak publikoa. Epaimahaikideak serio egongo balira ere, ez kasurik egin, zuek egon behar duzue beti irriño batez eta konfidantzaz beterik. Aurrean izango dituzuenak irakasleak dira, ez dute inongo gogorik zuek suspenditzeko. Zuek ongi egiten baduzue, haiek ongi baloratuko dute zuen lana. Une batez “zurian” geldituko bazinate zer esan jakin gabe, ez larritu. Aipatu argi eta garbi haria galdu duzuela, diapositibari begiratu, eta segi kontatzen diapositibarekin zerikusia duen beste edozein gauza.

5. Entseatu eta praktikatu

Etxean zaudelarik, zure senideei, lagunei edo, grabazio bat eginez, zeure buruari, aurkezpen bat egin. Saio bat gutxienez egin azterketara etorri baino lehen. Denbora kalkulatzeko eta neurtzeko baliagarria gertatuko zaizu. Egin zure aurkezpena hainbat aldiz, edukiarekin ohitzeko eta modu naturalean jariatzen dela ziurtatzeko. Horrek seguruago sentitzen eta zeure buruari konfiantza ematen lagunduko dizu.

 

2024-04-26

PSIKOGENESIA


Juankar LOPEZ-MUGARTZA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (2024)

Psikogenesiaren ikuspegia psikologia konstruktibistaren eta neokonstruktibistaren testuinguruan kokatzen da, konduktismoaren kritika eginez (haurrak ez dira estimulu zehatz batzuei erantzuna ematen dieten ikasle pasiboak, baizik eta etengabe hipotesi kognitiboak egiten ari diren eta jakinminez aritzen diren ikasle aktiboak). Piageten eta Karmiloff-Smithen teorietan oinarrituta, Emilia Ferrerirok Psikogenesiaren teoria defendatu du. Psikogenesiaren teoria honek azaltzen du haurrek nola eraikitzen dituzten beren ezagutza-sistemak mundua eta hizkuntza ulertzeko. Haurrek objektuekin esperimentatzen dute, haien propietateak ulertzen eta hipotesiak egiaztatzen edo baztertzen saiatuz. Prozesu horretan, interpretazio-sistemak edo “haur teoriak” garatzen dituzte, eta horien bidez zentzua ematen diote jasotzen duten informazioari. Interpretazio-sistema hauek baliagarriak dira bai natura ulertzeko, bai idazketa-sistemen funtzionamendua azaltzeko.

Psikogenesiaren bidez, haurren irakurketa-idazketaren garapena aztertzen da. Hizkuntza edo ortografia-eredua edozein izanik ere, haurrek antzeko erronkak izaten dituzte hizkuntzaren errepresentazio alfabetikoa ulertzeko bidean. Prozesu honetan, haurrak ekoizpen-jarduerak egiten ditu idazketaren jabekuntzan eta interpretazio-ekintzak irakurketaren jabekuntzan, eta fase desberdinak igarotzen dituzte alfabetizazioaren garapenean zehar.

Lehen mailan, haurrek marrazketaren (irudikapen ikonikoaren) eta idazketaren (irudikapen ez-ikonikoa, lineala eta arbitarioaren) arteko bereizketa egiten hasten dira. Ulertzen dute marrazkiek objektuen kanpo forma erakusten dutela, baina idazketan, aldiz, letren formek ez dutela inolako lotura zuzenik objektuekin. Horrela, ohartzen dira idazketa-sistema arbitrario eta lineala dela: letren kateek ez dute irudikapen ikonikorik, baina objektuak ordezkatzen dituzte. Honela hasten dira ulertzen idazketa ez dela marrazketa bezalakoa, eta horrek ezberdintasun funtzionala dakar bi adierazpide horien artean.

Bigarren mailan, haurrek idatzitako kateen ezaugarriak arrazoi objektiboen bidez ulertu nahi dituzte. Galdera batzuk sortzen zaizkie: zergatik idazten da batzuetan hitz gutxirekin eta beste batzuetan gehiagorekin? Zenbat letra behar dira hitz bat adierazteko? Nolako letrak izan behar dute? Ezberdinak behar al dira? Prozesu honetan bi printzipio nagusi jartzen dira jokoan: batetik, printzipio kuantitatiboa edo gutxieneko letren kopuruaren printzipioa (adibidez, letra gutxiegi baldin badaude hori "hitza" izango ote da?); bestetik, printzipio kualitatiboa (esate baterako, letra guztiak berdinak baldin badira hori "hitza" izango da? Esanahia izango ote du? Letre ezberdinak behar dira hitz bat osatzeko?). Oraindik ez dituzte letrak fonemekin lotzen, baina jakin badakite bi hitz ezberdinek grafia ezberdinak behar dituztela.

Azkenik, hirugarren mailan, haurrek idazketaren fonetizazioa garatzen dute. Fase honetan, idazketa-sistemaren eta ahozko hizkuntzaren arteko lotura sendoagoa egiten dute, eta hiru hipotesi nagusi planteatzen dituzte beren garapen prozesuan: silabikoa, silabiko-alfabetikoa eta alfabetikoa. 

Hipotesi silabikoan haurrek silaba bakoitza letra edo letra-multzo batekin lotzen dute; adibidez, "Tx" edo "i" letrek "txi" silaba ordezka dezakete, eta “tximeleta” hitza adierazteko “tx-m-l-t” edo "i-e-l-a" gisa idatz lezakete.

Hipotesi silabiko-alfabetikoan hasten dira ulertzen letra batzuk banakako soinuak adierazten dituztela eta silaba osoaz gain, fonemak ere transkribatu daitezkeela. Adibide gisa, “tximeleta” “tx-me-l-ta” gisa idatz dezakete. 

Hipotesi alfabetikoan, alegian, azken fasean, haurrek printzipio alfabetikoa menderatzen dute eta fonema bakoitza letra batekin adierazten saiatzen dira; horrela, “tximeleta” hitza “tx-i-m-e-l-e-t-a” bezala idatziko lukete. Beraz, etapa hipotesi hau formulatzen dutenean haurrek ulertzen dute fonema bakoitzeko letra bat esleitu behar dutela, hau da, printzipio alfabetikoa ulertzen dute, nahiz eta oraindik hizkuntzaren irregulartasun ortografikoak ez menperatu.

Etapa hauetan aurrera egin ahala, haurren idazketa zehatzagoa eta estandarizatuagoa bihurtzen da, eta pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen dira ortografia ofizialaren arauetara. Prozesu hau funtsezkoa da alfabetizazioaren garapenerako, eta psikogenesiaren bidez ulertzen dugu haurrek nola eskuratzen duten idazketaren eta irakurketaren funtzioa, eta nola sortzen dituzten beren interpretazio-sistemak hizkuntza ulertzeko bidean.

BIBLIOGRAFIA

Ferreiro, E. (1991). Desarrollo de la alfabetización: psicogénesis. In Yetta Goodman (arg.), Los niños construyen su lectoescritura. Un enfoque piagetiano. Buenos Aires: Aique.

HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZATIK UNIBERTSITATERAINO 2002. URTEKO NAFARROAN

  LOPEZ-MUGARTZA,   J.   K.   (2002).   Euskal   Unibertsitatea   Nafarroako   Unibertsitate   Publikoan [Haur eta Lehen Hezkuntzatik Uniber...