HATSAREN POESIA 2007

OXTIKENEA EDO HATSAREN POESIAREN IRAULTZA POETIKOA

Gaurko gure gizartean ez dago ezertarako astirik eta etekinak sortzen ez dituzten gauzentzako, hots, poesiarentzako lekurik ez dago. Garai txarrak bizitzen ari gara eta horretaz ohartzeak ez digu inongo mesederik ematen, aitzitik, ezerezaren amildegi sakonetara hurbiltzen gaitu eta ezjakintasunean bizi nahiko genuke. Auxtin Zamorak dioen bezala: "Pentsatzen dugunaren erraitera libro gara, baina ez bizitzera". 

Literatura sortu zen une beretik olerkariak lehen mailako idazletzat hartuak izan ziren. Honela izan da beti, Grezia klasikotik gure egunetara arte. Gaur, ordea, kutsatuak baleude bezala tratatuak izaten dira. Aspergarriak dira, irakurtzeko "zailak". Hiztegi "bilatua" darabilte eta inork ez du haiek esan nahi dutena ulertzen. Baina, hauxe al da poesia? Kultur talderik ez dute osatzen eta beren buruak idazletzat hartzeko ere beldur dira (libeloek diotenez oso erreza baita euskal idazlea izatea). Haien lanak izkutatzen dituzte eta argitaratu gabe geratzen dira sariren bat edo beste irabazten ez badute. Olerkari izkutuko hauek ez duten elkarren artean inongo harremanik eta bakoitza bere aldetik doa, gaixotasun larri batek kutsaturik egon eta Oran hiriko saguak bailiren. Izurritea hedatu da munduko lau izkinetan, eta gureetan bereziki. 

Senperen mugimendu berri bat sortu da HATSA elkartearen eskutik, 1999. urtetik aurrera hasi dira, urtero, olerki bildumak argitaratzen. Hiru liburu plazaratu dira dagoeneko eta euskal olerkigintza garaikidearen antologiatzat har daiteke elkarte edo mugimendu literario honen emaitza. Egia esan, bertan idazten duten olerkariek ez dute talde bat osatzen baina elkartean babesa aurkitu dute idazle bezala haien buruarekiko fidantza eta maitasuna sendotzeko. HATSAren kolkoan olerkari gazteek zein zaharrek aterpe aurkitu dute. Zerbait esateko duenak leku bat izaten du bildumaren orrialdeetan, izen ospetsurik ez duten idazleek ezin baitute hain errez deus ere argitaratu; hemen, berriz, ezagunek eskua luzatu eta laguntza ematen diete ezazugunei poesia benetan bizirik dagoela erakutsiz.

HATSAren poesiak "ez du irritzien begira egon nahi izan" baina, kasu honetan barkatu beharko nau bere desioak, nolabait, traditu izan baititut, iaketa, egia esan, horixe baita, nire iritziz, beren lana eskertzeko dugun beste bide bat: kritikaren plazara ekarri eta arrakastaren berri ematea. Onerako izanen da beti, lan egiten duenari lan egiten ez duenak ezin baitio hitzik nimiñoena esan, inolaz ere ez. 

Poesia, hegal gakotuen ihesia...

HATSAren iraultza poetikoaren erantzule Oxtikeneako Auxtin Zamora olerkaria dugu. Bere estiloa, arina eta alaia. Hitzen jolasean maisu. Aliterazioaren eta epiforaren sekretuak ongi dakizki. Poesiak azaleratzen dituen ixiluneak karrasi bilakatzen dira eta beren zama mingotsaz hustu ondoren ihesi doaz, ura ibaian bezala. Zahartzaro hurbila edo pixkanaka-pixkanaka, tantaka edo "ttinttaka bizi ditugun egun guzien zegunda" du gogoan, urtzen ari zaigun bizitza egun euritsuen azpian. 

Eneritz Abruzak dioenez 2000. urteko olerki bilduman (horixe izan baita elkartearen lanaren berri emateko erabili dudan argitalpena) poesia "benetazko izpilu batean jartzea bezala da, batzutan egi osoko sentimenduetan biluzten zaitu eta besteetan ametsetan galduarazi". Bere olerkietan desioa gauzatu egiten da eta amodioarekin lotzen. Bizitzan maitasuna handiena baita. Hala eta guztiz ere, itsasoaren edo ibaiaren urak dakarzkigu mendi nahiz izar artean, zeruan libre dagokeen lagun hurkoari (maitale sekretuari?) adiorik ez esateko. Hil-eresia bizi-eresi bilakatzen du, lagun handiaren dizdiz ederrenari izarretatik haratagoko mundura paperezko mezu maiteminduak helaraziz, kristalezko botilatxo batean, itsasoan balego bezala. 

Zenbait idazle (A-tik hasitako lagina)

Jakes Ahamendabururentzat poesia "bizitzaren izuran datza, ametsa hastear den unean, tristura eta atsedenaren mugetan, oroitzak ezbaia irensten duen gunean". Olerkari honek forma poetikoari garrantzi handia ematen dio —ahapaldi neurtuak eta errima klasikoak gaurkotzen ongi baitaki— arrantzaleen itsasoratzeko beldurra eta galerna aurreko gaueko egonezina adierazten dituen Gabez bezalako olerkietan; baina, halaber, neurtitz librekoetan aise murgiltzen badaki erritmo lasaiak eta, hitzen errepikapenari esker, konzentrikoak, hipnotikoak sortzen dituelarik: "zorionaren desertu / amets zoroz gabetua / desertu asprea", "ez! eleen eta jestuen arteko / jestua bera baita ele / eta elea nunbait beti jestu". Olerkariak adizki ahaztuenak bidera ekartzen ditu berriro (ez zindezakeelarik asma!), euskara joria erabiliz metaforen mundu alegorikoan barneratzen gaituelarik, orain hitzak eta irudiak ahoan ormatzen dizkigu, gero oroitzaren mirailak ez digu deus ere barkatuko, olerkari honek, egiazki, zintzotasunez kantatzen baitu.

Jon Aiastui edertasunaren bila dabil. Maitasun olerkiak idazten ditu maitasunaz hitz egin gabe. Tristurarik gabeko olerki desengainatuak dira. Karmindurarik gabekoak. Egunkariak erosten ditu albisteek inoiz esaten ez dutena ea gaur esaten duten jakiteko eta esaten ez dutela baieztatu ondoren banku gainean ahanzten ditu "eguzkiaren laztana gozatzen duenak bezala", olerkia zerbait pragmatikoa baita, arte garbia, arte hutsa, baina, aldi berean, erabilgarria. Itsusi den edo itsustu zaigun mundu hau eder dezakeen tresna, inguratzen gaituen honenbeste ezaintasunaren artean, kirastua ez dagoen eremu bakarra. 

Kepa Akixorentzat poesia "bi munduak lotzen dituen zubia" da, alegia, gure mundua eta errealitatearen mundua batzen dituena, gurea ez baita egiazkoa, hitzaren kartzelarena baizik. Musikaren zubian ametsekin dantzatu behar dugu ibaiez gaindi eta beharrezkoa izanen da infernuko sua ezagutzea, konturatzeko zenbait den ederra eta grina guztien asetzailea. Ixiltasuna da benetako askatasunaren ekarle eta hartara bildu behar dugu eskuekin, oinekin, gorputz osoarekin bildu ere. Amodioa, edo larrua jotzea nahiago bada, da errealitatearen munduarekin zuzenean lotzen gaituena, horixe bera ere, hein batean bederen, poesia baita: "lokartuko gira pixkat / esnatuko gira erdizka / eta zigarrotxo bat errez / asmatuko degu noiz / berriz alkartu".

Daniela Albizuk etxerat itzultzean sakonki hartzen du arnasa, plazer handi baita "gauaz kanpoko aire fresko eta lurrindunaren usnatzea, burua xoratu arte" eguneroko gauzak zinez miresgarriak dira espetxean dauden presoentzat eta Danielak lagun minak baditu burdin hagen bertzaldetik. Poesiaren lekua zein da orduan? Presoak oroituz, tristura eta oldartzez betetzen zaio bihotza eta, aldi berean, idaztera bultzatzen du, nahiz eta isilean gorde bere pena, nahiz eta inori ez esan itsasoan igerika ibili dela ziegan daudenei ur tantarik ttipiena ere ukatu zaien egun berean. Bizitza bizi behar da, nahi eta nahiez. Bera ere, loretan egona izan da baina "ez nuzu batere lorietan", bi hilabetez Parise inguruko "Karrika Zurxuri" zumardiko loretan ibilia baita, bai, Fleuri, Fleury-Mérogis izeneko presondegian. Poesia baino gehiago prosa poetikoa da berea. Edo ez, elkarrizketa itxura duten bere buruarekiko bakarsolasak agian. Edo ez, oinazearen kronika da, kukuaren poesiaz mozorratua: "Ne vous plaignez pas, vous voyagez en avion gratuitement! Zioten. Bai kaka hiretzat!!!"

Aurelia Arkotxa, unibertsitateko irakaslea eta olerkaria, literatur ikerketaren alorrean lan sakona egina, poesia definitzeko unean itsasoaz eta lur izkutukoez mintzo da. Poesia "urhegiko hitza" dela dio, "mappamundi zaharretan artxipelak sorrarazten dituen geografia berria". Olerki laburrak eta biziak oparitu dizkio HATSAren poesiari. Kultura handiko olerkaria izanik, bere adimenaren bizitasuna eta ideien abiadura itzela agerian geratzen da. Olerkien izenburuetan itsasoarekin edota itsasoa alderik alde zeharkatuz aurkitzear dauden lurrekin zerikusirik duten latinezko esaldiak erabiltzen ditu, XV. eta XVII. mendeko egileek erabili zituzten berberak. Halaber, Joannes d'Etxeberri Ziburukoaren baleazaleen otoitzen indarra nabaritzen da, Manual Devotionezkoaren oihartzuna gure burmuinetara ekarriz, Kanadako portu urrunen adierazle. Itsasuntziak, itsahegiak, harpoilariak, arrantzale euskaldunak Red Bayko urhegian. Eta pixka bat iparralderago, Oceanus Septentrionalis aldean, hormamendi geldiak.

Rikardo Arregi Diaz de Herediak, nolabait esateko, olerki epikoa idazten du, XXI. mendeko zientifiko baten erromantzeak, gorputz zatiak biltzen dituen forense baten erromantzeak, hitzik edota letrarik baizen ez den eremuan egonik, olerkari honek azkazal zatiak eta eroritako iletxoak gaineratu nahi ditu. 

Aurtengo nire olerkiak

LILI LOREAREN SUZKO ARROSARIOA


Marfil dorrea
Bular beroa
Lilitxo emagaldua
Gizonen zoragarri
Urkin hezearen hileko egotzia
Izar aldeko distir arrotza
Verenda mulieris emankorra
Neurrigabe
Aiene ixila
Txuzko ezpain miazkatzaileak
Itzalpe goxoa
Gerizpe saindu maitagarri
Emakumearen ebakia
Izter bero sutan jarria
Erabat urtua
Azerikume
Hazi berezia
Odoleztatua
Mingain hezea
Hego haize andrekari
Kraskarazia
Xurgatua
Baretzen hasia

Zuhaitz osto aldakorrek eraginda banengo bezala
Zure eguzki izpi ttipinoen argitan oraino erabat zorionak hilda ez
Baina hurbil, gailurrera bidean bainaiz zure zauri gorriaren kariaz

LURPETIK ATERATAKO GORPUEN OMENEZ

Baina, zer iragan zen
edo iragaiten ari zen une haietan
Soltxaga Komandante Jaunaren arima beti itxi bezain hotzean?

Marino Ayerra

Zapata beltzaren zolak zauritu zuen
Lur aske emankor gozo honen
Karmin
Lore gorria

Lertxundi handietako hilobian ehortzia
Zuhaitz sustraia izan zena enbor bilakatu zen
Eta hitzezko mailu batez
Gure ate lokartuan jo zuen
Oroimena ez galtzeko eskatzen

Inora joango ez direnen arimekin
Ez da urtzen ahal
Urak eraman eta
Itsas hondarrean
Beste mila harea ale ezezagunekin
Batera nahastea
Eta galtzea
Ez da zilegi

BERANDU ARGITUTAKO EGIEN KOLORE ARREA

Egunsentiko eguzkiak
Eta ihintzaren tanta hezeek gordetako txingar gorien beroan
Gau haize beltza iragana zelarik
Labanaren ahoa erabili eta urrats saltzaileak eman zituzten
Azpisuge amorratuek

Historia liburuetan idatziko zenaren beldur
Beren arrazoiak agertzeko
Atzoko aterpe emaileekin
Hizketan egin nahi izan zuten izkutuan
Patxada handiz eta ez harrokeriaz
Atzoko aterpe emaileen
Giza borrero izanik

EGIA, GEZURRA, IRUZURRA

Galli Bascos seu Biscainos, Hispani Vascongados appelant (ii sunt propre Vascones) Cantabri latine dicerentur, eorumque lingua quae his Vascuence; illis Basca aut Biscaina est.
A. Oihenart


Eta bertze anitz lekhutan (Nafarroako armarriaren katearenak)
Anitz hauts fitsetan (kate bereko mailak baikara)
Anitz puntu ttipietan (lau haizeetara haizatuak)
Honaino Axularrek irakatsitakoa (ezjakin anitzek ez dakitena)

Esaiezue orobat, ozenki (ahopeka ez baitigute kontuan hartzen)
Aberri guztiei, engainatu orori (egia, egia eta beti egia, adiskideak)
Etxeparek irakatsitako poema (ortzadarraren ikuspegi anitzekin)
Bertzeek orok usteko balute (edo baten batek aski, hark bezala)
Oraindik ere, ezin eskriba zaiteiela (edo ezin fisikaz mintza)
Jakin dezan, jauntxo jaun ergelak (euskararen etsai mantxarik gabea)
Garai berriak datozela (harentzat itzal lodi beltz erasotzaileak)
Eguzki gora dagoela (ez dela hiletarik egonen euskararen etxean)

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT (Portfolio elektronikoa / e-Portfolio)

PSIKOGENESIA

IRULEGIKO ESKUA - MANO DE IRULEGI - MAIN D'IRULEGI - HAND OF IRULEGI