LAU LAGUN EUSKAL HERRIKOAK ETA NEGUAN ETORRI ZEN TXEPETXA

   

 

                Behin batean, txerriak garbi zebiltzan garaian, txori txiki bat iritsi zen Euskal Herrira. Negu gorria zen eta bere kantuak zabaldu nahi zituen gure artean.

   Hango herri batean, zuen adin bereko lau lagun bizi ziren eta txoria ikusi zuten abar baten gainean, hotzak hartuta, baina alegera eta guztiz, alai kantari. Txoria, hari begira zeudela konturatu zelarik, zuhaitzaren abar mehe hura utzita, haien buruen gainean hasi zen hegan txio-txioka poz-pozik eta dardarez zeru urdin eta izoztu hartako hodei guztien azpitik. Txori ameslari bat zen, zalantzarik gabe. Bufandarik ez zuen arren, irriz ari zen Euskal Herriko gaztetxoen txaloen artean.

           Lau neska-mutiko horietako bat hemengo neska bat zen, izarren koloreko azala zuen, urrea baino disdiratsuagoa, eta Amaia izena zuen. Berak txoriari deitu zion, etortzeko esanez. Beste neska bat horko herri batekoa zen, gauaren koloreko azala zuen, negu gorriko elurra baino maitagarriagoa, eta Ainhoa izena zuen. Berak txoriari deitu zion, harentzako janaria zuela esanez. Talde hartako mutil bat hango herri batekoa zen, ilargiaren koloreko azala zuen, eguzkia bera ere baino argitsuagoa eta Ander izena zuen. Berak txoriari deitu zion, harentzako edaria zuela esanez. Beste mutila zuek bizi zareten auzo berekoa zen, kometen koloreko azala zuen, ostadarra bera ere baino koloretsuagoa, eta Asier izena zuen. Berak txoriari deitu zion, harentzako kabi txiki bat zuela esanez.

           Denak ziren nonbaitekoak, denak ziren hemengoak, horkoak, hangoak edo gure auzokoak, baina txoria, berriz, inork ere ez zekien nongoa zen. Euskal Herrikoa zela esango genuke, buruan txapela txiki bat zuelako, baina... batek daki! Baso batekoa izan zitekeen, zuhaitz eder batekoa, edo urruneko mendi izkutu batekoa... Auskalo! Eta txoriak Txepetx zuen izena.

          Txepetx, haurren deiak entzunik, haiengana hurbildu zen eta berbetan hasi zitzaien. Erabat harritu ziren neska-mutikoak, ezin zutelako ezta imaginatu ere egin txori txiki hark horren ondo berba egin zezakeenik, loritoek bezain ondo edo askoz ere hobeto:

 -       Kaixo adiskideak! –esan zuen Txepetxek- Euskal Herrira etorri naiz Euskal Herria euskalduntzeko asmoz.

 -       Zeeeer? –lau lagunak harritu ziren, Euskal Herria euskalduna zela eta ez zuela euskalduntzeko beharrik esan zioten. Txepetxek, ordea, hauxe esan zien:

 -       Euskal Herria euskalduna izateko jende guztiak euskaraz berba egin behar du eta euskara jakin behar du. Eta uste dut herri honetako batzuek ez dutela euskaraz egiten...

 -       A! Beno... egia da... Jende guztiak ez daki euskaraz –esan zuen Amaiak.- Eta zer egin dezakegu orduan Euskal Herriko neska-mutil guztiek euskara ikasi, maita eta erabil dezaten?

 Eta Txepetxek esan zien:

 -       Munduaren lau izkinetako ateetaraino joan behar duzue. Hantxe ateetako atezainak aurkitu dituzue. Haiek galdera bat egingo dizuete eta ondo erantzun behar duzue. Ez baduzue ondo erantzuten, eroriko zarete munduko izkin batetik behera eta han dagoen itsasoaren sakonean bizitzen geldituko zarete belaki bat bazinete bezala. Berriz, ondo erantzuten baduzue, atezainek sari bat emango dizuete opari.

 Amaia hegoaldeko atera joan zen, Afrikan zehar oihanetan eta sabanetan barna eta Afrikako azken atera iritsi zen.

 Ainhoa iparraldeko atera joan zen, Europan zehar mendietan eta ibaietan barna eta Europako azken atera iritsi zen.

 Ander ekialdeko atera joan zen, Asian zehar ekialde hurbil eta urruneko lautadetan eta Himalaiako goi gailurretan barna eta, eguzkiaren sortaldetik hurbil, Asiako azken atera iritsi zen.

Asier mendebaldeko atera joan zen, Ameriketan zehar itsaso zabal eta arriskutsuaren uretan eta olatuetan barna eta, eguzkiaren sartaldetik hurbil, Ameriketako azken atera iritsi zen.

Ameriketako atezainak hauxe galdetu zion Asierri:

 -       Zein da jakintasunak neguan, udazkenean nahiz udaberrian, eta ezjakintasunak udan maite duten tokia?

 -       Eskola da. Jakintasunak neguan, udaberrian eta udazkenean maite du eskola, zeren eta urtaro horietan eskolara ikastera joaten baikara; ezjakintasunak, ordea, udan maite du eskola, itxita dagoelako eta oporrak ditugunez, ezin gaitezkeelako ikastera etorri.

 -       Oso ondo erantzun duzu eta, ondorioz, sari bat emango dizut opari: kupel txuri magiko bat, zeinak bere baitan gauza berriak ikasteko gogoa pizten duen edabe magiko bat daukan. Kupel honek euskaraz berbetan badaki eta “Motibazioa” du izena.

 Anderrek Asia aldera jo zuen. Hantxe Asiako atezainak hauxe galdetu zion Anderri:

 -       Zer da guk Asian, itsasoan bezala, bi aldiz duguna, baina zuek Europan, mendian bezala, behin baizik ez duzuena?

 -       “A” letra da. “AsiAn” bi aldiz agertzen delako, “itsAsoAn” hitzaren kasuan gertatzen den bezala. “EuropAn” hitzean, berriz, behin agertzen da, “mendiAn” bezala.

 -       Oso ondo erantzun duzu eta, ondorioz, sari bat emango dizut opari: kupel gorri magiko bat, zeinak bere baitan gauza berriei buruzko informazio ugari ematen duen edabe magiko bat daukan. Kupel honek euskaraz berbetan badaki eta “Ezagutza” du izena.

 Ainhoak Europa aldera jo zuen. Hantxe Europako atezainak hauxe galdetu zion Ainhoari:

-       Zein da oilarrak deitu eta berehalaxe datorrena, baina ilargiak deitzen duenean etortzen ez dena?

 -       Eguzkia da. Goizean oilarrak kantatzen duenean eguzkia ateratzen duelako. Gauean, berriz, eguzkirik ez dago eta horregatik ilun-ilun dago. Ilargiak eguzkiari deitu ahalko balio ere, ezinezkoa litzateke eguzkia etortzea gaua delako.

 -       Oso ondo erantzun duzu eta, ondorioz, sari bat emango dizut opari: kupel berde magiko bat, zeinak bere baitan dakigun guztia erabiltzeko gogoa pizten digun edabe magiko bat daukan. Kupel honek euskaraz berbetan badaki eta “Erabilpena” du izena.

 Amaiak Afrika aldera jo zuen. Hantxe Afrikako atezainak hauxe galdetu zion Amaiari:

 -     Hegoa da beroa, Iparra da hotza, Afrika da galdara, Europa, berriz, ezin hotzago, baina hegoaldea beroagoa izanik ere, zer da hegoalderago eta hotzago dena?

 -       Hegoburua da. Afrikako azken ate bero hau benetan ez da hegoaldeko munduaren azkena. Hegoalderago joanez, bada beste mundu bat, handia bezain hotza, izotzaz egina eta hantxe, hegoaldean egon arren, Iparburuan bezain bateko hotza egiten du, Antartika du izena.

 -       Oso ondo erantzun duzu eta, ondorioz, sari bat emango dizut opari: nire azken ate hau irekiko dizut eta pasatzen utziko zaitut. Antartikara joan zaitezen eta handik nahi adina elur magiko har dezazun. Elur magiko honek euskaraz berbetan badaki eta “Jakintza” du izena.

 Beren lanak bete ondoren Euskal Herrira itzuli ziren gure lau lagun Euskal Herrikoak, Amaia jakintzaren elurrekin, Ainhoa erabilpenaren kupel berdearekin, eta Ander eta Asier, hurrenez hurren, ezagutzaren kupel gorriarekin eta motibazioaren kupel txuriarekin.

 Txepetx, haurrak ikusi bezain laster, haiengana hurbildu zen eta honelaxe berba egin zien:

-       Hiru kupel magiko ditugu hiru izen ederrekin: lehenengoa, txuria, “Motibazioa”, bigarrena, gorria, “Ezagutza”, hirugarrena, berdea, “Erabilpena”. Hirurak elkarren ondoan jarriz eta tutu batzuen bitartez elkarri lotuz eta konektatuz Euskal Herria euskalduntzeko makina osatuko dugu.

 Hori esan ondoren, lehenengo kupel magikoari hauxe galdetu zion:

 -       Kupel txuri magiko eder hori, zer eman gura diezu Euskal Herriko haur, gazte, zein helduei gauza berriak ikasteko gogoa izan dezaten?

 Eta kupel txuriak hauxe erantzun zion:

 -       Euskara ikasteko motibazioa eman gura diet Euskal Herriko haur, gazte, zein helduei.

 Hori entzun ondoren, Txepetxek bigarren kupel magikoari hauxe galdetu zion:

 -       Kupel gorri magiko eder hori, zer gauza berriei buruz eman gura diezu informazio ugari Euskal Herriko haur, gazte, zein helduei?

 Eta kupel gorriak hauxe erantzun zion:

 -       Euskal Herriko haur, gazte, zein helduei euskarari buruz informazio ugari eman gura diet, euskal hizkuntzaz ezagutza handia izan dezaten.

 Hori entzun ondoren, Txepetxek hirugarren kupel magikoari hauxe galdetu zion:

 -       Kupel berde magiko eder hori, zer erabiltzeko gogoa piztu gura duzu Euskal Herriko haur, gazte, zein helduengan?

 Eta kupel berdeak hauxe erantzun zion:

 -       Euskara erabiltzeko gogoa piztu gura dut Euskal Herriko haur, gazte, zein helduengan.

 Hori entzun ondoren, Txepetxek hauxe esan zien haurrei: 

 -      Oso ondo. Ederto! Lagunok, kupeletako edabe magikoa edanez eta jendeari edaten emanez, euskara hedatuko dugu Euskal Herri osoan.

 -       Bai...! 

-       Bai, ufa! 

-       Oso ondo...! – esan zuten haurrek.

 Denak oso pozik zeuden, Amaia izan ezik. Bere opariaz ez zuen inork ere berba egiten eta oso polita zen. Elur magiko pila. Orduan, Amaiak hauxe galdetu zien:

 -       Eta Antartikan eman zidaten sariagaz ez dugu ezer berezirik egin behar?

 -       Bai, bai, jakina...! Eman, eman! Emadazu apur baten...

 Txepetxek oparia eskatu zion Amaiari eta Antartikan jasotako elur magiko guztia zapi batean bildu eta hodeietaraino eraman zuen. Han zapia ireki eta elur guztia bota zuen. Negu hartan Euskal Herri osoan elurra egin zuen, mara-mara, sendo-sendo, jakintzaren elur malutekin.

 Eta berbetan ederto zekien elur magikoak lurrera jausten ari zen bitartean hauxe oihukatzen zuen ozen eta gora:

 -       Gora! Bai! Gora euskara eta gora Euskal Herria euskaldun jakintsuez betea!

 “Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan. Eta atera dadila Derioko plazan”.

 

JUAN KARLOS LOPEZ-MUGARTZA IRIARTE

                             

LOPEZ-MUGARTZA, J.K. (2012). Lau lagun Euskal Herrikoak eta neguan etorri zen txepetxa. In Titiriteroen ipuinak. Bizkaiko Urtxintxa Eskola.



Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

ZER DA ETA NOLA EGIN PORTFOLIO BAT (Portfolio elektronikoa / e-Portfolio)

IRULEGIKO ESKUA - MANO DE IRULEGI - MAIN D'IRULEGI - HAND OF IRULEGI

HIZKUNTZAREN GARAPENAREN FASEAK, MUGARRIAK, ETAPAK ETA OINARRIAK