LOPEZ-MUGARTZA, JK (2004, 248-249 or.) "Handik
ez oso urrun, Iratirekin muga egiten zuten Uztarrozeko oihanetan,
Basajaun basoko jauna bizi izan zen, Erronkarin Basajein edo Basaxein
deitua. Hala adierazten digu bertako toponimiak. Basajeina (gaur egun
Basisaina) eta Basajeinburua Uztarrozeko toponimoak dira, Lunoko Punta
izeneko parajearekin bat datozenak. Han, Basajein Uturburua izeneko
tokian, basoetako jaunari egarria asetzen zion iturri bat
dago, Erronkaritik Iratiko Oihaneko bere babeslekurainoko ibilbide
luzeetan.
Asko dira izaki mitiko honen existentziarekin zuzenean
lotutako istorioak, baina, beharbada, harrigarriena -teknikari ilustratu
baten lumatik sortua baita- Leroy jaunak idatzi zuena da. Gizon honek, Frantziako Erregearen itsas
armadako portu eta armategietako ingeniaria zenak, Iratiko Oihanean
egur erauzketa lanak zuzentzen zituen eta bere
txostenean kontatzen du basa gizon batekin izandako bizipena.
Bere
lana, erregearen armadako ontzietarako arraunak egiteko erabiliko ziren
zuhaitz mozketa gainbegiratzea zen. 1758. urtea zen, eta, mozketak egin
ahala, Leroyk bere liburuan datu tekniko guztiak idazten zituen;
gainera, marjinetan, egurgileen ahotik entzuten zituen datuak
gehitzen zituen.
Leroyren oharrei esker, badakigu Iratiko Oihaneko haitzik malkartsuenetan, Basajein Uturburuako iturritik ez
hain urrun, gizon handi bezain on bat bizi zela, basati onaren
mitoaren benetako adierazle. Hartz bat
bezala jantzita zihoan (Labarère eta Dumonteilen irakurketaren arabera, ap. Lopez-Mugartza 2004), edo bera bezain iletsua zen (Christian Desplaten irakurketaren
arabera, ibid.), beti erne egoten zen "alerte comme les hisars" sarrioek bezain bat, eta une oro alai eta umore onez agertzen zen. Ikusi zutenek zioten itxura gozoa zuela, nahiz eta bere manerak finak ez izan.Sarritan
artzainen bordak bisitatzen zituen, baina aurkitzen zuena errespetatzen
zuen eta ez zuen ezer eramaten. Ez zuen ez ogirik, ez esnerik, ez
gaztarik ezagutzen. Haien plazerrik handiena artaldeak jazartzea eta
sakabanatzea zen, ez zien inolako kalterik egiten, eta modu xalo
horretan barre egiten zuen eta haur batek bezala gozatzen zuen: "Son
grand plaisir étoit de faire courir les brebis, et les disperser en
faisant de grands éclats de rire, mais sans jamais leur faire du mal" (ibid.). Baina,
une batetik aurrera, Iratiko artzainak zakurrak bordetan uzten hasi
ziren, Basajaun bertan sar ez zedin eta gazta jan ez ziezaien. Borda batean sartzen saiatzen zen bakoitzean zakurrek ausiki egiten zioten. Handik aurrera, basoetako jauna ez
zen gizakiez fidatu, eta denboraldi batez ihes egin zuen. Harrezkero
ez zion inori hurbiltzen uzten eta gizakiengandik ezkutatzen zen, harik eta egun batean, bere gordelekutik irten zen
kinka larrian zeuden Leroyren gizonak laguntzeko.
Goizeko lehen orduak ziren, eta bordetan lo egin zuten egurgileak ezin ziren bertatik atera gau hartan bota zuen elurte handiagatik. Harrapatuta zeuden. Une hartan, estali gabeko zirrikitu
bakanetatik Basajaun hurbiltzen ikusi zuten. Atearen aurrean jarri eta
bi eskuez osorik kendu zuen. Egurgileek batetik esker oneko eta bestetik izutu gisa begiratu zioten, eta hark barre egin zuen. Egurtzaileetako bat
hurbiltzen saiatu zen, baina bera aldendu egin zen eta barrez ihes egin
zion irri karkail handiz eta ozenez: "Un de ces gens se glissa doucement pour
tâcher de le saisir par une jambe; plus il le voyoit approcher, et plus
son rire redoubloit; ensuite il s 'echappa" (ibid.).
M. Paul-Marie
Leroyren kalkuluen arabera, gizon hark hogeita hamar bat urte izan
zitzakeen, eta oihan horren hedadura izugarria kontuan hartuta, uste
zuen noizbait galdu zen ume bat izan zitekeela, gizakientzat hain
latza zen ingurune horretan irauteko bideak aurkitu zituena."
_______________________________________________
LOPEZ-MUGARTZA IRIARTE, Juan Karlos (2004). Roncal, Ansó y Barétous (Bearne), tres zonas pirenaicas en contacto. In arg. Roldán Jimeno Aranguren eta Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte, Vascuence y Romance: Ebro-Garona, un espacio de comunicación. Iruñea: Nafarroako Gobernua. (egilearen beraren itzulpena).

Iruzkinak