ORREAGA... NEURE BURUA MARROAN IKUSI ETA
I.- Gauberdiya da. Karlomano Erregia Auriz-perrin dó bere soldaubakin. Ez da ager ez idargirik eta ez izarrik zeru illunian; irruti ikusten dia su aundiyak mendiyan; Franzesak kantaitan ai dia erriyan; Altabizkargo inguruban sentitzen dia otsuan izugarrizko garrasiyak, eta Euskaldunak chorrochten tubei bitartian bebein dardo ta aizkorak Ibañetako aritz eta arritan
II.- Larritasunakin do Karlomano eta ezin loak artueu oyan onduan bere mutiko chiki bat leitzen ai da amoriyozko historiya bat; irutiso Erroldan indartsubak garbitzen ai da Durandarte ezpata famatuba; bitartian Turpin arzobispo onak erezaten ai da Jainkuan Ama santubai.
III.- Nere mutiko, –esaten deu Karlomanok;–zer ots da gaubeko isiltasuna austen den oi?–Jauna,–eantzuten deu pajiak; Iratiko, itsasua baindo aundiyoko basoko arbolain ostuak dia, aiziak moitzentubenak.–Ah! gazte maitia, eriyotzian otsan antza deka, eta nere biyotza ikaatzen da.
IV.- Gauba arras iluna dó. Ezta ager zeruban ez idargik eta ez izarrik; irrutia ikusten dia su aundiyak mendiyan; Franzesak lo de Auritz-perrin; Altabizkargo inguruban otsuak garrasiz dè, eta Euskaldunak chorrochten tubei bebein dardo eta aizkorak Ibañetako aritzetan.
V.- Zer da ots oi?–galdeitzen deu berriz Karlomanok, eta pajiak, loak errendituik, ezteu eantzuten.–Jauna,–esaten deu Erroldan indartsubak;-mendiko uran otsa dá, Andresaroko ar-taldian béé otsa dá.–Negarran antza deka,–eantzuten deu Franzesan Erregiak.–Egiya Jauna,–Erroldanek esaten deu;–erriyonek negar eiten deu guekin akordatzen danian.
VI.- Larritasunakin Karlomanok ezin loa artueu; lurra eta zerubak argiikbe dé; otsuak garrasiz ai dia Altobizkarren; Euskaldunain aizkorak eta darduak dir dir dir eiten dei Ibañetako araitz erditan.
VII.- Ah!–suspiriyoz esaten deu Karlomanok.–Ezin ló ein dot; kalenturiak erretzen nó. Zer da ots oi?–Eta Erroldanek, loak errendituik, etzun eantzuten. Jauna, –esaten deu Turpin onak; errezazu, errezazu neekin. Ots au Euskal-Erriko gerran-kantaitia da, eta gaur gure zoyonaren azkeneko eguna.
VIII.- Yuzkiya ager da mendiyan Karlomano benzituik eta garaituik iyasi diyua, "bere kapa gorriyakin, eta sombel luma beltzezkuakin." Umiak eta andrak Ibañetan dailtza pozez dantza ta dantza. Iya ezta Euskal Erroyan kanpotarrik, eta montañesain irrintzak zeruaindo iyotzen dia.
Arturo Campion, Burundako euskaraz
I
Neure burua marroan ikusi
Eta alde egin dut gauerdian
Lur jota zigor gupidagabeaz
Larrazkena baitut malko ekarle
Maltzurrentzat urkagai naizelarik
Bihotz onekoentzat Maitagarria, guztiz maitea
Erasoen ondorio latzak jaso
Eta minez geratu garenontzat
Nire gogoeta zolia
Oharkor zorrotza bainaiz
Urratsak labur, pixkanaka-pixkanaka, begirada luze
Errekak zer ekarriko digun zain nago
Korrontera begira mila galde
Baina ezorduan aldendu behar
Eta bihar egingo dut
Gaur ihardesteko baita berandu
II
Gauak ematen ditut ekurugaitz
Logabe, begiak itxi ezinik
Zapaltzeko teknikak ez jakinki
Eta kezkaz nago, egonezinez
Ni, aldiz, aski ezagutzen naute
Nire sorbaldak dituzte atsegin
Hortaz nago, zigarro erre gabe,
Zanpatu gorrien korridorean
Goian zeruko argiaren ordez
Odolezko planeta dugu, Marte
Guduaren jainkoa
Behin baino gehiagotan,
Bidegabekeriarena,
Baina Justiziaren alde nago ni
Eta esperantzazko hitzak ditut
“Hauskorra dirudi” edo “Hauts dezaket”
III
Ni, ordea, entzungor eta aske
Lanean nago, lurrari ekiten
Denak oihuka ari zaizkit orain
Baina segaz nau belar-epaile
Orain hazia ereiten ari naiz
Gero, izerdiz, uzta jasotzeko
Lurra idorra delako, mokorra
Pausoka ildoa handituz noa
Ni ez naiz, hura bezala, ebasle
Ohoin lapur berekoia
Ni, berriz, goldelari
Badakit ihizorra arian-arian
Hurbil dudala, ni artzanor, usna-usnaka
Eroriko da segaren segadan
IV
Lilitegien, urmahelen lagun
Parkeko arrabitajolearen
Harrizko irudia mintzatu zait
Ezin da haizea kaiolan hertsi
Mendi aldera begira nengoen
Eta aitak “Itsasoa” ziostan
Andre-arrainak ikusi nituen
Lau txorrotako iturri ondoan
Urteak joan eta itsasneskak
Ixildu ziren mutuak bezala
Erdeinuz erabiliak, etsiak
Gu ere ziztatuak izan ginen,
Destainaren arantzez ohituak
Ez gara ez ohartzen, ez lotsatzen
Olazti, 2003ko larrazkena
Iruzkinak