![]() |
| Helsinkiko Unibertsitatea: "Jakintzaren indarrarekin munduarentzat" |
1. Egitura
Antolatu zure aurkezpena egitura argi batean, sarrera, garapen
eta ondorio batez osatua. Jarraitu zure idatzizko lanaren ordenari berari.
Diapositiba desberdinak erabil itzazu sekzio bakoitzerako, informazio ezberdina
diapositiba berean nahastu gabe. Ziurtatu koherentziari eusten zaiola
aurkeztutako informazioan. Aurkezpena antolatzeko unean honela jokatu:
- Aurkezpen-diapositiba: izenburuarekin, zure izenarekin,
Unibertsitatearen logoarekin, Fakultateko izenarekin, MBL-ren zuzendariaren
izenarekin eta urtearekin (2024, ekaina).
- Bigarren diapositiba: landuko diren gaien aurkibidea.
- Azken diapositiba: erabilitako Bibliografia.
2. Diseinua
Aukeratu diseinu garbia eta argia zure diapositibetarako. Erabili tamaina egokiko letrak, epaimahaiko kideek urrutitik irakurtzeko modukoak izan daitezen. Saihestu gutxi ikusten diren letra txikiak eta grafikoak. Kontraste handiko koloreak erabil itzazu, batez ere zuria eta beltza, eta, esaterako, urdina eta gorria edo beste koloreren bat informazioa nabarmentzeko. Baina ez erabili kolore gehiegirik. Hondoa bera ere argia izan dadin. Zuria bada, hobeto. Animazioak ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatzen dizuet epaimahaikideak ez nahasteko.
3. Edukia
Sartu informazio garrantzitsua eta zehatza zure
diapositibetan. Erabili binetak, grafikoak edo irudiak zure puntuak
ilustratzeko eta epaimahaikoen arreta mantentzeko. Ez gehitu estetika hutsezko
irudirik; ahozko aurkezpenak justifikatu behar ditu. Grafikoek eta irudiek
zuzeneko lotura izan behar dute ahozko azalpenarekin edo diapositibako
testuarekin. Loturarik ez badute, balorazio negatiboa jaso dezakete.
4. Denbora (15 minutu, 20 minutu gehienez)
Nabarmendu zuen Proposamen Didaktikoan, eta denbora gehiena
hari eskaini. Banatu denbora honela:
- Lehen herena (5’ edo 6’): Aurkezpen pertsonala (nor zareten,
epaimahaikoei agurra) eta zuen MBL-ren azalpen teorikoa. Landutako egileak,
iritzi interesgarrienak eta zuen gaiaren garrantzia azaldu. Zenbat dakizuen
erakutsi. Epaimahaikoek haien aurrean gaia ongi menperatzen duen aditu bat
ikusi behar dute.
- Azken bi herenak (10’ edo 12’): Proposamen Didaktikoaren
aurkezpena. Erakutsi gaia ongi menderatzen duzula eta praktikan aplikatzeko
gaitasuna duzula. Gehitu Bibliografiaren azken diapositibaren aurrean Ondorioei
eta Etorkizuneko Gaiei buruzko beste diapositiba bat, zure proposamenaren
ondoren jarraitu beharreko bide posibleak adieraziz.
Utzi denbora, 10 bat minutu epaimahaikideek galderak egin
ditzaten. Epaimahaiko guztiek egin behar dute gutxienez galdera bat. Ohikoa da.
Ez da jendea harrapatzeko. Lasai egon. Antzezlan baten antzekoa da, zuek zarete
protagonistak eta besteak publikoa. Epaimahaikideak serio egongo balira ere, ez
kasurik egin, zuek egon behar duzue beti irriño batez eta konfidantzaz beterik.
Aurrean izango dituzuenak irakasleak dira, ez dute inongo gogorik zuek
suspenditzeko. Zuek ongi egiten baduzue, haiek ongi baloratuko dute zuen lana.
Une batez “zurian” geldituko bazinate zer esan jakin gabe, ez larritu. Aipatu
argi eta garbi haria galdu duzuela, diapositibari begiratu, eta segi kontatzen
diapositibarekin zerikusia duen beste edozein gauza.
5. Entseatu eta praktikatu
Etxean zaudelarik, zure senideei,
lagunei edo, grabazio bat eginez, zeure buruari, aurkezpen bat egin. Saio bat
gutxienez egin azterketara etorri baino lehen. Denbora kalkulatzeko eta
neurtzeko baliagarria gertatuko zaizu. Egin zure aurkezpena hainbat aldiz,
edukiarekin ohitzeko eta modu naturalean jariatzen dela ziurtatzeko. Horrek
seguruago sentitzen eta zeure buruari konfiantza ematen lagunduko dizu.
