LITERATURAREN IRAKASKUNTZA BIGARREN HEZKUNTZAN TESTU-IRUZKINETARAKO METODOLOGIA ETA IRADOKIZUNAK Mari Jose Olaziregi (EHU) Literatura irakasten dugun irakasleon artean maiz aipatu ohi dira gure jarduerak askorengan eragiten dituen frustazio eta ezinegonak. Gustuko dituzun testu nahiz egileak ikasgelan aurkeztu eta landu ondoren, zenbaitetan, ilusio eta asmo hoberenarekin prestatutako lanak erantzun hotzegia izan duela ohartzen zara. Arazoa dirudiena baino askozaz ere kontraesankorragoa da. Irakurzale garenontzat, eta bereziki literaturzaleontzat, begi bistakoa baita liburu batek eragiten dizkigun bizikizunen promesak zernahi ahalegin merezi duela. Baina tamalez, eta hemen hasten dira irakaslearen buruhausteak, irakurzaletasuna ez da dekretuz erabakitzen den zerbait, gure jokabide eta jardunarekin kutsatu behar dugun “hori” baino. Are gehiago, amets egitea ezinbesteko zaigun bitartean, irakurtzea ez. Victor Morenok askotan esan duen moduan, irakurtzeak ez gaitu derrigorrez pertsona ho...