EMIGRATU ZUEN AHOTSA
HERRITIK ATZERRIRA JOALEA Ihesean balebiltza bezala enara iragankorrak hizkuntzik gabeko Babel isil baten antzera itsasorantz doaz hegalaldian hodeien artean JUAN DE BERIAIN Nire arbasoen hizkuntzan idazten dut eliz barruti honen mintzaira nagusia izan eta ederrena delako, zenbait ele berezi baitu, anitz galdu edo ahantzi diren arren. Erresuma honen hiri buruzagian ibiltzen den hizkera dut gogoko, uhaitzeko ur iragankorren antzerakoa baita, etorkina eta joailea, hemen beti dagoena, hedatuenik eta zabalduenik, beti zahar eta beti gazte, aldaketa etengabean, gure herri ttipi eta handi guztietan zailtasunik gabe entelegatzen edo konprenitzen den bakarra. HIZKUNTZA GUTXIAGOTUA Gaur egun, gureari hizkuntz "gutxiagotua" deritza. Etxekoneko, aldameneko eta auzokoen mintzamoldeak irentsi gaitu. Gurea ulertu ez baina ulertu nahi duenak dakienari galde egiten ahal dio eta ulertuko du, denok berea ulertzen baitugu, baina ulertzen ez duenak, fitsik ere ulertzen ez duenak, ez badu ulertu ...